Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Traba ugarirekin egindako torturari buruzko txostena aurkeztu dute Iruñean

Zailtasun juridikoak eta epe eta finantzaketa mugatuak izan ditu Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960-1978 epean Nafarroan izandako torturari eta tratu txarrei buruzko txostena egiteko. Oztopoak oztopo, Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zuen ikerketa lana.

gara-2020-02-25-Noticia

Uxue Barkosen Exekutiboak 2017an ikerketa prozesu bat abiatu zuen 1960tik aurrera Estatuko Segurtasun Indarren edo eskuin muturreko taldeen esku gertatutako tortura kasuak argitzeko. Nafarroako Gobernuak egindako diru-laguntza deialdira hainbat proiektu aurkeztu ziren, bai Euskal Herriko Unibertsitatearenak eta bai Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak.

Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, Auzitegi Konstituzionalaren 2015eko legea baliogabetzeko ebazpena urratzen zuela iritzita. Nafarroako Auzitegiak foru agindua indargabetu zuen eta Auzitegi Gorenak berretsi. Nafarroako Parlamentuak iaz beste lege bat onartu zuen eta honen aurkako helegitea aurkeztu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek.

Hala, foru aginduak Nafarroan motibazio politikoko testuinguruetan izandako giza eskubideen urraketen ikerketetarako araututako 30.000 euroko laguntzen deialdia eten egin zen. Hautsok ekarri dituzte lohiok, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok atzo Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk eskatuta, aurkeztutako txosten osatugabean islatuta daudenak.

Izan ere, Laura Begok eta Paco Etxeberriak egindako txostenaren ondorioetan jasoa dago finantzaketarik eza arazo izan dela txosten oso bat egiteko, Ollok azpimarratu duenez. Txostena oraindik publiko egin ez izanak –Olloren esanetan, «pertsonen izenak eta datu pertsonalak biltzen dituenez, nolabaiteko zuzenketa izan behar duelako»– ez du txostenari buruzko ikuspegi zabala sortzen laguntzen.

Hala ere, zailtasunez beteriko bide baten lehen urratsa izan zen atzokoa, txostenean 204 espediente aztertu baitira, eta horietatik 35 baztertu egin dira, dokumentazio nahikorik ez zegoelako. Ondorioz, 169 kasu egiaztatu dituzte Nafarroan. Ollok ondorioztatu zuen frankismoaren amaieran tortura eta tratu txarrak «sistematikoak eta orokortuak» izan zirela.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak ildo horretan aipatu zuen oztopoetako bat izan zen, traba juridikoez eta finantzaketaz gain, informazio hori ez dela argitaratu, inork ezin izan duela eskaerarik aurkeztu eta kasua bere kabuz kontatu.

Azterlanak, hainbat iturri bibliografiko eta dokumentalen, adierazpenen eta salaketa publikoren arabera, ondorioztatzen du pertsona asko izan zirela Polizia espainolaren eta Guardia Zibilaren esku torturak eta tratu txarrak jasan izana salatu zutenak, «auzitegietan eta medikuen bitartez ikerketa eraginkorrik egin gabe».

1978tik aurrera zer?

Martin Zabalza Nafarroako Bake eta Bizikidetza zuzendariak adierazi zuen txostenak, hasiera batean, 1960tik 2016ra arteko azterketa-aldia zuela baina, aurretik aipatzen den bezala, auzitegiek bertan behera utzi zutela laguntza horiei buruzko foru-agindua, eta 1978ra arte mugatutako Memoria Historikoaren Legeak estaliko zituen azterlan bat planteatu zela.

Azterlanak sakontzea exijitzen du eta, horregatik, Herritarrekiko Harremanetako Departamenduak GARAri baieztatu zion Memoriaren Zentroan informea osatzeko lantzen ari diren hainbat txosten txertatzea ahalbidetuko duten ekintzak bultzatuko direla.

Honako azterlanak aurkeztuko dituzte: Diktadura frankistaren aurkako langile mugimenduaren borrokari buruzko azterlana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-taldeak egingo duena; Nafarroako «eskuin muturreko terrorismoari» buruzko txostena, Maria Eugenia Rodriguez eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Bartolome de las Casas Giza Eskubideen Institutuko ikerketa-taldeak egina; eta Kepa Fernandez de Larrinoak, Miren Zuriak eta Lera Elkarteko ikertzaileek egindako Mikel Arregi, Angel Berrueta eta Jose Miguel Etxeberria Naparraren memoria familiar, sozial eta instituzionalen bigarren zatia.