Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Ni, munduko txarrena», aske izan nahi zuen moja mexikarraren borroka

Bizitzea egokitu zitzaion garaiko arauekin hautsi eta bere askatasunaren alde borrokatu zen emakume baten historia da «Ni, munduko txarrena», Vaivenek asteburu honetan Donostian euskaraz eta gaztelerazko bertsioetan estreinatuko duen musikala. Sor Juana du protagonista, XVII. mendean idazle eta lesbiana gisa bizi nahi zuen moja mexikarra. Obra Olga Margallok zuzendu du eta abestiak Iñaki Salvadorrek sortu ditu propio musikal honetarako.

XVII. mendeko gizarteak inposatzen zizkion arau sozialetatik ihes egin eta bere identitatea gorde gabe bizi nahi izan zuen emakume baten historia oholtzaratuko du Vaiven konpainiak asteburu honetan, Donostian. “Ni, munduko txarrena” Sor Juana Ines de la Cruz-en, XVII. mendean Mexikon bizi izan zen mojaren, bizipenetan oinarrituta dago eta euskaraz eta gazteleraz estreinatuko dute, musikal formatuan.

«Emakume ikaragarri bizkorra izan zen, XVII. mendean unibertsitatera joan nahi izan zuena, Elizari erronka egitera ausartu zena, bere testuinguru sozial eta kulturalari aurre egin eta libre izan nahi izan zuena», azaldu zuen obraren aurkezpenean Vaiveneko zuzendari Ana Pimentak, eta zehaztu zuen musikalean zehar Sor Juanaren bizitzako pasarte adierazgarrienak emango dituztela flashback eran, kontakizunak bere bizitzako azken uneetan baitu hastapena. Hala, esaterako, kontatuko dute nola moja sartu zen ezkondu eta haurrak izatearen konbentzioari iskin egiteko, nola mozorrotu zen gizonez unibertsitaterako sarbidea lortzeko, baita bi erreginaorderekin izan zituen maitasun harremanak ere. «Elizari desafio egin zion teologismoari buruz idatziz; bere askatasuna erakusteko era bat izan zen. Askatasuna kendu zioten, bere bekatuak onartzera derrigortu zuten, orduan esan zuen ‘Ni, munduko txarrena’ esapidea, egitera behartu zuten guztiaren adierazle».

Amesteko bezain ausarta

Itxaso Quintanak jokatuko du Sor Juanaren rola: «Emakume oso ausarta izan zen, zen bezala agertu ahal izateko borroka egin zuena eta amets egiten uzten ez zioten mundu batean amets egitera ausartu zena. Gizatiarra, ausarta, jeinua, idazlea… Berarekin oholtzara igotzen naizen aldiro bizitzeko gogoa sentitzen dut», baieztatu zuen. Quintanarekin batera, Nerea Gorriti, Ainara Ortega, Ugaitz Alegria eta Dorleta Urretabizkaia izango dira oholtza gainean eta, horien guztien zuzendari, Olga Margallo: «Publikoak bizitzeko gogo hori senti dezan nahi nuke, zentzu horretan obra oso inspiratzailea baita. Badu komediatik, poztasunetik, XVII. mendeko moja baten bizitzaz pentsa dezakegunaren guztiz kontrakoa da», ziurtatu zuen.

Bere aldetik, Nerea Gorritik obraren «erakargarritasuna» izan zuen hizpide: «Dantza egitea, kantatzea, antzeztea... hori guztia emanaldi berean egitea erronka izugarri polita izan da. Obra, gainera, borobila dela uste dut, umorea, kolorea, maitasuna, emozioa... denetik baitago. Publikoarentzat eta guretzat, obra oso erakargarria da».

Musikalerako kantuak –9 orotara– Iñaki Salvadorrek sortu ditu, eta Ainara Ortega izan du lagun ahotsen zuzendaritzan –Antonio Muñoz de Mesaren gaztelerazko testuak ere berak ekarri ditu euskarara–. «Opari bat izan da Olgarekin lan egitea», esan zuen Salvadorrek. Aipatzekoa da Vaiven zuzendaririk gabeko konpainia dela, eta obra bakoitzeko zuzendari berri batekin lan egiten ahalegintzen direla. «Erronka handia da obra bakoitzeko lantalde berria sortu eta harekin lan egitea, baina aberasgarria ere bada. Beti dago ilusio berri bat», aipatu zuen.

Bestetik, Ortegak nabarmendu zuen obra prestatzeko 2-3 hilabeteko «lan oso sakona» egin dutela eta «erronka handia» izan dela berarentzat testuak euskarara ekartzea, «Antonioren proposamena XXI. mendetik idatzia dagoen arren espazio-denbora ezberdinak hartzen dituelako. Metatestua dago, pertsonaien arteko eztabaidak… Batuan ekarri dut, baina hitanoa, zuka eta noka daude, baita beste maila bateko euskara ere». Zeregin horretarako, Patxo Telleria eta Xabier Euzkitzek emandako laguntza eskertu du Ortegak.

Muñoz de Mesaren gidoiaz gainera, obran zehar Sor Juanak berak idatzitako bi poema kantatuko dituzte, gazteleraz, (euskarazko bertsioan, Euzkitzek egindako itzulpena bistaratuko da oholtzan).

“Ni, munduko txarrena” ostiralean estreinatuko da Antzoki Zaharrean (20.00) eta larunbatean ere izango da saiorik, ordu berean. Gaztelerazko bertsioa (“Yo, la peor del mundo”) igandean estreinatuko da, 19.00etan. Estreinaldien ostean, Euskal Herrian zehar bira hasiko dute eta, besteak beste, Santurtzi, Eibar, Zornotza, Hernani, Andoain, Leioa eta Santurtzin izango dira. Erriberriko jaialdira ere joango dira, baita Madrilera eta Almagrora ere.