Haritz LARRAÑAGA
BAIONA
Ibon Fernandezen auzia

Ibon Fernandezi zigor-etete eskaera ukatu dio epaileak

Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak larri gaixo dagoen Lasarte-Oriako presoaren zigorra eteteko eskaera errefusatu zuen. Defentsak helegitea jarriko duela iragarri du. Bakegileek ekintza ikusgarria egin zuten Baionako epaitegian.

Hasiera batean epailea Fernandez Iradi askatzearen alde agertu bazen ere, Fiskaltzak ezarritako helegiteen ostean behin betiko erabakia atzeratu zen, eta azkenean, fiskalaren eskariekin bat eginaz, Lasarte-Oriako presoa espetxean atxikitzeko erabakia hartu zuen epaileak.

Maritxu Paulus-Basurco abokatuak epaiari helegitea jarri eta Auzitegi Gorenera joko dutela iragarri zuen. «Bide guztiak agortuko ditugu, eta Kasazio Gorteak onartzen ez badu Europara joko dugu, zeren epaile honek berak esan zuen lehen epaiketan Ibon Fernandezen egoera horrela mantentzea Europako legediaren kontrakoa zela», azaldu zuen Paulus-Basurcok.

Letraduak aditzera eman zuenez, epaileak emandako argudioak «lotsagarriak dira». Haren esanetan, Ibon Fernandezen egoera larria dela onartzen dute epaileek, baina gaixotasuna espetxean arta daitekeela diote. «Orduan zergatik ez dute egiten?», galdetzen zuen defentsak.

Bestalde, epaiaren berri izan bezain laster, erabakia «eskandalagarria» dela nabarmendu zuen Bake Bidea mugimenduak. Prentsa ohar baten bitartez, «jokamoldez aldatzeko garaia» dela adierazi eta «Euskal Herriko bake prozesua kontuan hartzeko» eskaria luzatu zieten epaileei zein fiskalei. Bake Bidearen iritziz etapa berri bat ireki behar da: «Presoei kartzela ez den beste perspektiba bat emateko, bake prozesu honetako aktore guztiekin etapa berri batera pasa nahi dugu».

Ekintza Baionako epaitegian

Epaia kaleratu aitzin, dozena bat bakegilek ekintza ikusgarria egin zuten Baionako epaitegian Ibon Fernandezen egoera «larria» dela eta «ezin duela itxaron» aldarrikatzeko. Ekintzaileek azaldu zutenez, «Justizia frantsesak, eta bereziki terrorismoaren aurkako Fiskaltzak, euskal presoei dagozkien auzi guztietan agertzen duen jarrera oztopatzailea» salatu nahi izan zuten. «Larritasun mezua igorri nahi izan dugu», esplikatu zuten lekuan bertan eskaini zuten prentsaurrekoan.

Goizeko 9.00ak aldera, Baionako epaitegiak ateak irekitzen zituen une berean, gero eta gertuago ziren sirena hotsak entzun zitezkeen inguruko karriketan. Bi ekintzaile gazte epaitegi sarreran dagoen sabaira igo ziren eta preso guztientzat «eskubide berdinak» aldarrikatzen zituzten afixak zabaldu zituzten.

Epaitegiaren aurrealdean ere Ibon Fernandezen askatasuna eskatzen zuen afixa bat erakusten zuen bakegile batek, eta haren ondoan, apirilaren 8an mobilizatzera dei egiten zuen afixa zuen esku artean beste batek.

Sirena hotsekin batera iritsi zen anbulantzia bat, eta epaitegiaren aurrealdean geratu zen. Bertatik, gaixo zegoela antzezten zuen pertsona bat atera zuten erizainek, Ibon Fernandezen egoera irudikatzeko. Gurpil aulki batean eraman zuten gaixoa epaitegiaren atarira.

Ekintzaren zergatia azaltzeko eta Ibon Fernandez Iradiren egoeraren berri emateko prentsaurrekoa eskaini zuten Emilie Martin, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Daniel Elichiry bakegileek. Lasarte-Oriako presoari 2012ko udazkenean esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten unetik egin zuen ibilbide juridiko luzea oroitarazi zuten.

Iazko abenduan hamazazpi urte egin zituen espetxean Fernandez Iradik. Zigorra eteteko lehen eskaera 2013an egin zuen eta hiru urte geroago, epaitegietan bide malkartsu bat egin ostean, ezezkoa eman zioten.

Zigorra eteteko bigarren eskaera, berriz, 2018an aurkeztu zuen, eta lehen epaiketan bezala, hasieran epaileak Fernandezen aldeko jarrera erakutsi zuen. 2019ko azaroaren 12an, Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor-etete eskaera ontzat eman zuen. Epaileak esklerosi anizkoitza duen presoaren osasun egoera eta espetxea ez direla bateragarriak onartu zuen, baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen. Ondorioz, epaia berriz atzeratu zen, eta Zigor Aplikazioen Auzitegiak atzo eman zuen aditzera azken erabakia.

Keinu garrantzitsu bat

Oraindik epaileak bere erabakiaren berri eman ez bazuen ere, Mixel Berhokoirigoin bozeramaileak Fernandezen askatasunaren kontrako erabaki baten aurrean egoera zein izango litzatekeen argitu zuen: «Onartzen ez bada, beste fase batera pasatzera behartuak izango gara. Guk gure esku zegoen guztia egin dugu, baina nola egin gure esku ez dagoena egiteko?».

Bakegileen iritziz, «ez da egin den guztia egina izan honetan geratzeko, bide bat urratzeko modu bat topatu behar dugu». Aldi berean, Emmanuel Macron presidenteak Biarritzen esan zituen hitzak ekarri zituzten gogora, «ez dadila historia errepika», eta gaineratu zuten: «Hori gu guztion gain da».

Aurrera begira eragile desberdinekin biltzen jarraituko dute bakegileek, eta bereziki hautetsien determinazioa azpimarratu zuen Berhokoirigoinek, baina «momentu zail batean» direla ere onartu zuen.

Bake artisauaren aburuz, «euskal gizarteak norabide onean doazen keinuak behar ditu, eta Ibon Fernandezen auzia keinu inportantea» izan zitekeen.

Aitzitik, afixek erakusten zuten moduan, bakegileek birritan azpimarratu zuten ez dutela salbuespenik egiteko eskatzen; alderantziz, «euskal presoei ere legedi arrunta aplikatzeko galdegiten dugu», nabarmendu zuten bakegileek.

Berhokoirigoinek adibide bat jarri zuen: «Aktualitateak erakutsi digu Estatu frantsesean oso ezaguna den kasua; iruzur fiskala egiteagatik espetxean zen Levallois-Perret hiriko Patrick Balkany auzapez famatua osasun arazoengatik askatu berri dute Beraz, guk ez dugu eskatzen salbuespen bat, eskatzen dugun gauza bakarra da besteei aplikatzen zaien lege bera aplikatzea euskal presoei ere».

Apirilak 8, mobilizazio eguna

Bakegileek deialdi berezia egin zuten datorren apirilaren 8rako. Egun horretan, «hiru urte beteko dira ETA erakundearen armagabetzea burutu zela, eta aldi berean, Unai, Jon, Xistor eta Jakesek 30 urte egingo dituzte presondegian», oroitarazi zuten bakearen artisauek.

Horregatik, «bizi osorako zigorraren kontrako mobilizazio eguna» deitu dute Ipar Euskal Herri osoan apirilaren 8rako, eta 30 mobilizazio egingo dituzte.