Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Ahanztura (I)

Paul Connertonen arabera, zazpi ahanztura mota daude. Lehenengoa, errepresio-ahanztura, gobernu totalitarioek aurrera eramandako hori da, zeinaren helburua boterearen legitimazioa zalantzan jar dezakeen oro ezabatzea den. Milan Kunderak esan bezala, «gizakiak boterearen kontra duen borroka memoriak ahanzturaren kontra duen borroka bera da». Oroitzea erresistentzia mekanismoa izan daiteke eta horregatik, hain zuzen, haren kontra egiteko bidea da ahanztura boterearen eskuetan. Baina Connertonek azaltzen duenez, totalitarismoa baino askozaz lehenagokoa da errepresio-ahanztura. Antzinako Erroman “estatuaren etsai” izendaturiko horien kontrako neurria zen damnatio memoriae edo memoriaren kondenazioa bezala ezagutzen zen legea. Haren arabera, estatuaren babesa galduriko horren irudiak desegin, estatuak eraitsi, eta inskripzioak ezabatu egiten ziren, haien aztarnarik gera ez zedin.

Errepresio-ahanztura bezala, bigarren ahanztura mota, aginduzko ahanztura, estatuak jarri ohi du indarrean, baina kasu honetan gizartearen “onbeharrez” harturiko neurria izaten da. Antzinako greziarrak aipatzen ditu Connertonek kasu honetan; gure garai aurreko 403. urtean, Atenasko demokratek gerra galdu ostean, hirira itzuli eta gudan gertaturikoa gogoratzea debekatzea proposatu zuten bizikidetza sustatze aldera. Garai haietan politikan ez ezik bizitzako gainerako esparruetan ere ahanzturak toki nabarmena zuen seinale da akropolian Leteri, hots, ahanzturaren jainkoari, zuzenduriko aldarea eraiki izana.