Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA

«Asel Luzarraga terrorista? Mesedez!» babes kanpaina abiatu dute

Duela hamar urte, Txilen bizi zela, Asel Luzarragari Pinocheten Lege Antiterrorista aplikatu zioten, bere blogean maputxeez idatzitako artikulu batengatik. Orain, itxaropen izpi bat zabaldu zaio idazleari, Txileko Estatuaren kontra jarri zuen helegitea onartu dutelako.

Asel Luzarraga jazarpen politiko, polizial, judizial eta mediatiko baten zurrunbiloan harrapatua gelditu zen duela hamar urte. Euskal idazleak Txilen zuen orduan bizi proiektua eta Lege Antiterroristaren pean kondenatuta, 220 eguneko kartzela zigorra bete eta herrialdea uztera behartu zuten.

Orain, Txileko Estatua izan daiteke kondenatua, idazleak haren aurka jarritako helegitea onartu baitu Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeak. Hori lortzeko bidea zaila, luzea eta garestia da, ordea. Horregatik antolatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal PEN klubak idazleari laguntzeko kanpaina, “Asel terrorista? Mesedez!” izenburuarekin.

Webgunea sortu dute, eta bertan, idazle, aktore, musikari eta bertzelako eragileak atxikimendua ematen hasi dira. Diruz laguntzeko zabaldu duten kontu korrontea ere agertzen da.

Ekitaldia egin zuen atzo Donostian Asel Luzarragak, hainbat idazlek lagunduta, Fito Rodriguez, John Andueza, Asier Serrano eta Xabier Mendiguren tartean. Anduezak jakinarazi zuen dokumental bat prestatzen ari direla hamar urteotan auziak egin duen bidea jasotzeko eta «Euskal Herrian zein kanpoan kasu honi merezi duen oihartzuna emateko».

Telefono mugikorra hartu eta grabazio batean hausnarketa bat plazaratzera gonbidatu zituen eragileak Anduezak. «Hurrengo hiru asteetan nahi duenak bideoa grabatu eta guri bidaltzea da asmoa», erran zuen. Aipatutako webgunean dago informazio gehiago.

Idazlearen testigantza

Asel Luzarragak déjà vu baten gisan oroitzen du gertatu zaiona. «2009ko abenduaren 31n hasi zen dena, edo orduan enteratu nintzen ni. Orain Euskal Herrian nago, libre, etxean. Ematen du gainditua dagoela, baina zoritxarrez ez da hala», adierazi zuen.

2009an iritsi zen Txilera eta bertako neska bat ezagututa harekin jarri zen bizitzen Temucon, Maputxe herrian. «Errepresio giroa sentitzen zen kalean». Neska-lagunaren eta bere inguruaren bidez maputxeak ezagutzen joan zen Luzarraga. «Borrokan ari den herri bat da, lurrarekin lotura berezia duena eta lur gehienak galduak dituena».

Bere blogean hausnarketa bat partekatu zuen idazleak, ikuspegi anarkista batetik. Gazte anarkisten jarduera batzuetan ere parte hartu zuen.

«Abuztutik aurrera karabineroen furgoneta bat ikusten nuen etxe aurrean. Inguruan izan ziren lapurretengatik zela pentsatzen nuen, baina ordurako helburutzat hartuta ninduten. Abenduaren 31n, bakarrik nengoela, lekukorik gabe, etxea miatu zidaten eta bolbora, su itzalgailua, metxak... jarri zituzten». Horiek edukitzea leporatu zioten. Hasieran, lau atentaturekin ere lotu zuten, nahiz eta horietako hirutan ez zegoen Txilen ere. Euskal idazleak hasieratik jaso zuen elkartasuna itzela izan zen, bai Euskal Herrian bai Txilen eta bertze herrietan, eta horrekin gelditu zen batez ere.

Berea kasu «xumea» den arren, irekitako bide judizialean borrokan «jarraitzea garrantzitsua» dela defendatu zuen, batez ere antzeko kasuetan edo larriagoetan harrapatuta gelditzen ahal diren «beste pertsonak babesteko».