Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Biolentzia-matxista istorio bat musika eta irudietara ekarria

Kantu bat abiapuntutzat hartu eta istorio oso bat kontatu du Liher taldeak «Hemen herensugeak daude» disko berrian. Diskoa da, baina narratiba ezberdinak landu dituzte. Film laburra, bideoklipa, ilustrazioak, komiki gisa entzun daitekeen kantuen bideoa. Bortxaketa baten fikziozko istorioa da. Hamalau kantutan emana. Orain, kontzertu birarekin hasiko dira.

«Nola erreakzionatuko luke gutako bakoitzak gertuko batek bortxatua izan ostean?», galdera bota zuen Lide Hernandok, Liher taldeko gitarrista eta kantariak “Hemen herensugeak daude” lanaren aurkezpenean. Liher taldeak istorio bat kontatu nahi izan du disko berrian, eta kantu batetik abiatu da beste kantu guztiak sortzerako orduan. Diskoa ez ezik, gainera, irudiak ere landu dituzte, eta narratiba transmedia oso bat sortu dute.

Iñaki Beraetxe protagonista nagusi duen film labur bat aurkeztu zuten lehenbizi Liher taldekoek, lan berria erakusteko. Ikerketa bat abiatu dute. Beraetxek lantzen duen pertsonaia da protagonista nagusia, eta Liher taldeko musikariak dira ikertzaileak. Kasu bat azaleratzen da. Kezka da nagusi. Film laburra bukatu eta hasi da diskoaren aurkezpena.

«‘Oskarbi’ kantuak ardazten du diskoa», azaldu zuen Lide abeslariak. Neska bortxatuak hil egiten du bortxatzailea. «Genero indarkeria da gaia, inguratzen gaituen gaia da, baina latza, eta kontatzeko beharra ikusi dugu». Eta diskoko hamalau kantuetan «neskari hilekoa jaisten zaion unetik, kartzelan bukatzen duen arteko guztiari kantatzen diogu», gaineratu zuen. «Letrak idazteko orduan benetako motibazio bat izan dugu, aurreko diskoetan ez genuena, istorio bat kontatzen ari ginelako».

«Musikalki saiatu gara zuzenekoetan egiten duguna islatzen», aitortu zuen ondoren Iñigo Etxarri gitarra jotzaileak. Gaineratu zuenez, «estudioetan sartzen garenean, gauzak egiten eta sortzen hasten gara, eta gero zuzenekoetara hori guztia eramatea oso zaila egiten zaigu», eta horregatik zuzenekoaren antzik handiena duen diskoa egiten saiatu dira orain Santi Garcia ekoizlearekin. Ekoizleak urte eta erdi lehenagotik jakinarazi zien noizko ahalko zuten berarekin lan egin eta aurtengo urtarrilean izan ziren grabaketa egiten Gironako Ultramarinos Costa Brava estudioetan. «Lehen aldiz grabatu eta nahastu dugu diskoa osorik gure mapatik kanpo», jakinarazi zuen Etxarrik, eta «gure eremutik atera gara», gaineratu zuen. Diskoaren grabazioa eta nahasketa hiru asteko lana izan da guztira.

Transmedia proiektua

Disko honen planteamenduak, eremu berriak deskubritzeko aukera eskaini dio Liher taldeari. Eta kantuak istorio baten bueltan sortzeaz gain, euskarri eta narratiba berriak gehitu dizkiote musikari. Matu Santamaria ilustratzaile argentinarrarekin harremanetan jarri ziren, eta ilustrazio eta irudi ikusgarriak landu zituen marrazkilariak, “Hemen herensugeak daude” lanean islatu direnak. Eta modu ikusgarriago eta animatuan, gainera, kantuak biltzen dituzten bideoklipetan. Liher taldearen Youtube kanalean zintzilikatu dituzte kantu eta ilustraziook. «Interneten abestiak entzuteko orduan, irudi hauekin atseginagoa izango da», aitortu zuen Joshka Natkek.

Orain arte “Hemen herensugeak daude. Hitzaurrea” film laburra eta “Teloia” izeneko bideoklipa plazaratu dituzte sareetan, eta orain disko osoa eta kantuz kantu ere ilustrazioekin entzuteko aukera eskaini dute. Aurrerantzean disko honen inguruko euskarri eta lan gehiago plazaratuko dituztela aurreratu zuten.

Aurreko lanarekin 100 kontzertu eskaini zituen Liher taldeak. «Orduan aurreztutako zentimoak lan berri honetan inbertitu ditugu» esan, eta hemendik aurrera non joko duten iragarri zuten taldekideek. Euskal Herriko hiriburuetan aurkezpen showcase batzuk egin ostean, Alemania eta Suitzan kontzertu bira abiatuko dute eta martxoaren 20an Donostiako Dabadaba aretoan arituko dira “Hemen herensugeak daude” lana aurkezten. La Polla Records taldeak Donostiako hipodromoan emango duen kontzertuan arituko dira eta, halaber, Gasteizko Azkena Rock jaialdian ere joko dute.