GARA
BILBO

Ekonomia geldotuta, ez du krisirik ikusten patronalak

Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek onartu du ekonomia geldotzen ari dela, baina ez du inondik inora krisi baten hasiera antzematen. Aurtengo aurreikuspenei eusten dietela azaldu zuen APDk antolaturiko jardunaldi batzuen irekieran. Gobernu espainolaren erreformari zein koronabirusaren balizko eraginari adi begiratzen dio patronalaren presidenteak. Hego Euskal Herriko enpresa nagusiek beren emaitzak aurkeztu zituzten.

Makina-erremintaren AFM klusterrak (Advanced Manufacuring Technologies) 2020. urterako aurreikuspen negatiboak egin zituen duela astebete. Urte gogorra izango dela ohartarazi zuen, 2019an produkzioak %6ko beherakada jasan ostean. Sektore hau Hego Euskal Herriko indartsuenetarikoa da eta EAEko barne produktu gordinaren %24,2 ordezkatzen zuen 2018an.

Aste bat igarota, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek beste krisi baten aurrean gaudela ukatu zuen. «Hazkunde geldoagoa» izango dela esatea egokiago iruditzen zaio eta adi-adi begiratzen die urte honetan jazoko diren gertakariei, hala nola «Gobernu espainolak zer jarrera hartzen duen elkarrizketa sozialaren» alorrean.

Zubiaurre oso kritiko azaldu zen Pedro Sanchezen gobernuak ezarri nahi dituen aldaketekin. EAEko patronaleko presidentearen iritziz, 2011ko lan erreforma onuragarria izan da enpresentzat, «lehiakorragoak izaten lagundu du eta itxialdi edo kaleratzeak saihestu ditu». Hala, erreforma hau guztiz deuseztatzearen aurka azaldu zen.

2020. urteko jarduera ekonomikoei dagokienez, aurreikuspenak egitea zaila iruditzen zaio «munduan dagoen testuinguru konplikatu honetan», koronabirusari erreferentzia eginez. Dena den, bere aurreikuspenei eutsi die. %1,9ko hazkundea izango dela uste du, eta 11.000 lanpostu gehiago sortuko direla.

Datuak alderatzeko, iazko ekitaldirako eginiko aurreikuspenetan %2,9 hazkundea aurreikusten zuten eta azken datuei erreparatuta, %2,2koa izan zen. 2018an %3 hazi zen EAEko ekonomia eta, beraz, aurreikuspenak betez gero, bi urtean, ehuneko puntu bat motelduko da ekonomia 2020aren bukaeran.

Enpresen emaitzak

Hego Euskal Herriko enpresa indartsuenetariko batzuek atzo aurkeztu zituzten 2019. ekitaldiko emaitzak. Oro har, positibotzat jo zuten urtea, aurreko urteko irabaziak baino onura handiagoa lortu baitzuten. Dena den, Tubos Reunidosek galerak izan zituen eta Tubacex enpresetan irabaziak jaitsi egin ziren.

Iazko ekitaldiaren amaieran 235,2 milioi eurokoa zen Tubos Reunidosen zorra. 2018ko galerak %20 handitu zituen iaz. Abenduaren 18an bukatu zuen birfinantziazio prozesua eta orain aukera du bere zorraren egitura egokitzeko AEBetako Gobernuak inposatutako arantzelak kontuan harturik.

Tubacexen, bestalde, 11,1 milioi euroko irabaziekin itxi zuten 2019a; aurreko urtean baino %35,9 gutxiago. Aurtengo ekitaldiari, aldiz, baikor begiratzen dio konpainia honek eta iazkoa «errekuperazioaren hasieratzat» hartzen du.

2020an hazkundeko joera nagusituko dela uste du enpresako kontseilari Jesus Esmorisek. Merkatua gradualki hobetzen doala uste du eta «proiektu garrantzitsu batzuk beren azken fasean» dituztela azpimarratu zuen. Hala ere, kanpoko faktoreez ahaztu gabe, zuhurtziaz begiratzeko deia ere luzatu zuen.

Urte onuragarria izan dutenen artean dugu CAF Taldea, zeinak aurreko ekitaldian baino %58 gehiago irabazi duen; guztira, 63 milioi euro. Irabazi garbiei dagokienez, ordea, 2018an baino txikiagoak izan dira, %41,8 murritzagoa, hain zuzen ere. Hemen, zerikusia izan du Brasilgo lehiaren agintaritza arautzaileak jarritako isuna (38,5 milioi eurokoa). Erabaki horren aurka errekurtsoa jarri du enpresak.

ITP Aeroren irabazi garbiak, ordea, bai, aurreko urtekoak baino handiagoak izan dira. Irabaziak %37 handitu zituela itxi du 2019. urtea eta aurten salmentetan «egonkortasuna» aurreikusten du.

«Hazkunde urte solidoa» izan dela laburbildu zuen ITP Aeroko zuzendari nagusi Carlos Alzolak. 2020. urtean salmentak egonkortuko direla iragarri dute, abiazio komertzialaren sektorean hazkunde geldoa espero dutelako.

Bestalde, Azkoyen Taldeak 16,1 milioi euroko irabaziekin bukatu zuen iazko ekitaldia, 2018an baino %3,2 gehiago. TIme & Security eta Payment Security alorretan izan den hazkundeak zerikusi handia izan du emaitza horretan.

Solarpacken onurak %138 hazi dira urte batetik bestera eta Lantek enpresak %9,6ko urte arteko hazkundea izan du.