GARA
BAIONA

Eskuin muturra Baionako hauteskundeetan izango da

Bayonne Plurielle (Baiona plurala) izenarekin, azken orduan erregistratu zuen bere hautagaitza Debout la France alderdiko kide Pascal Lesellierrek. Bere alderdi subiranista eta tradizionalistako hainbat kide izango ditu alboan, baina Marine Le Penen Rassemblent National ultraeskuidarreko zenbait lagun ere batu zaizkio. Heldu den martxoaren 15ean eta 22an egingo dira Ipar Euskal Herriko herriko etxeetarako eta Euskal Elkargorako hauteskundeak.

Ostegun gauean itxi zen Ipar Euskal Herriko herriko etxeetarako eta Euskal Elkargorako hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea. Eta azken orduan baieztatu zen Debout La France markako militante Pascal Lesellierrek hautagaitza aurkeztuko duela Baionan, eskuin muturrak lagunduta.

2014an gertatu ez bezala, oraingoan, Debut La Franceko hautagaiak zerrendak osatzea lortu du, epea amaitzear zegoela. Honekin, «Les Republicains-ekoen artean ezinegona sortu duen Jean-Rene Etchegarayk aurkeztutako zerrenda zabal horrekin atsekabetuta agertu diren horiek» ordezkatu nahi ditu Lesellierrek. Jakinarazi zuenez, zerrenda osatzeko «Baionarekin oso lotuta edo hiri biziarekin oso ohituta ez dauden hainbat kide» batu behar izan dira. Hala ere, baieztatu egin zuen Nicolas Dupont-Aignanek sortutako alderdi subiranista eta tradizionalista den Debout la Franceko hainbat kide alboan izango dituela, baita Marine Le Penen ultraeskuineko marka Rassemblent Nationaleko beste hainbat ere. Azken horiek, hasiera batean, Etchegarayren zerrenda babestuko zutela iragarri zuten.

Hala ere, «eskuinaren eskuina» ez duela izan nahi baieztatu zuen Lesellierrek. Eta bide horretatik, Bayonne Plurielle (Baiona plurala) bezala erregistratu du martxoaren 15 eta 22an egingo diren hauteskundeetarako bere hautagaitza.

Aspaldikoak dira ultraeskuinarekin adostutako marka honen inguruko zurrumurruak. Rassemblent Nationaleko kontseilari den Michel Iratchetek hainbat aste lehenago iragarri zuen bera prest zegoela Lesellierren zerrenden parte izateko. Zalantzak sortzen zituen, baina, zerrenda hauek betetzeko gai izango ote ziren edo ez jakiteak. 2014an ez zuten beren markapean aurkezteko emakume nahikoa erakartzea lortu. Izan ere, legez, 1.000 biztanle baino gehiago dituzten herri zein hirietan zerrendak parekideak izan behar dira. Duela sei urte ez ziren zenbaki horiek biltzera iritsi. Oraingoan, antza, Lesellierrek lortu egin du orduan traba izan zuen hori gainditzea.

Orotara 158 herritako auzapez hautatuko dituzte euskal boto-emaileek hauteskunde horietan, baita Euskal Elkargoko 232 delegatu ere, lehen aldiz.

Bost zerrenda

Astelehenean baieztatuko dituzte zerrendak Iparraldean, baina horren zain, bost dira Baionan aurkeztuko direnak. Jean-Rene Etchegaray auzapez zentristak bigarren legealdia du jomuga eta horretarako “Bayonne, un temps d'avance” hautagaitza antolatu du. Mathieu Berger PSko kargu ohiak Demain Bayonne-Bihar Baiona dakar. PSk berak, PCFk eta beste hainbat alderdi txikik Henri Etcheto buru duen Bayonne Ouverte babestuko dute. Azkenik, Jean-Claude Iriart izango da EH Bai, Europe Ecologie-Les Verts, La France Insoumise eta Ensemble biltzen dituen koalizioaren buru.