Patxi GAZTELUMENDI
Bilbo

LITERATURA ETA ERREALITATEA SARRIONANDIAREN IHESALDIAN

Mikel Antzak Fernando Pessoa eta Joseba Sarrionandiaren idatzi, itzulpen eta gogoetak batu ditu «Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia» lanean. 1985ean, Sarrionandiak Pessoaren «Mariñela» euskaratu, eta antzezlana zuzendu zuen Antzak. Loraldian aurkeztuko dute Metrokoadroka sormen laborategikoek.

Joseba Sarrionandiak kartzelan itzuli zuen euskarara Pessoaren “O Marinheiro”. Susa argitaletxeak argitaratu zuen. 1985. urtean bertan Mikel Antzak “Mariñela” antzezlana muntatu zuen Luar antzerki taldearekin. Hainbat saio egin zituzten Donostian eta inguruetan, harik eta uztailaren 7an Sarrionandiak bafle batean Martuteneko espetxetik ihes egin zuen arte.

Sarrionandiak “Mariñela”-ren hitzaurrean dioenez, «Pessoak esaten zuenez, bizitza bi izaten ditugu: bata, egiazko bizitza, haurtzaroan amets egin eta harrezkero ere irudimenaren behelaino mehe artean segitzen duguna eta bestea, bizitza faltsua, besteekin eta jarduera praktikoan konplitu eta hil kaxan amaitzen dena».

Literatura eta errealitatea, fikzioa eta gertatzen dena, uztartzen al dira? Fernando Pessoa «ez dakigu biharamunak zer ekarriko duen» idatzi eta hurrengo egunean hil egin zela gogoratu zuen Mikel Antzak kazetarien aurrean, eta lan honetan «errealitateak, ametsek eta fikzioak bat» egiten dutela baieztatu zuen. «Literaturari daukan garrantzia ematea da nire asmoa, beste gauza batzuen gainetik; poema bat irakurtzeak daukan eragina azpimarratu nahi dut», adierazi zuen Antzak. «Literaturak alda dezake zure bizitza, nirea aldatu zuen behintzat».

«Nire lotura literarioa izan da bi idazle hauekin eta gerora errealitate jakin batera eraman ninduen horrek», azaldu zuen Antzak Bilboko Itsas Museoan egin zuen aurkezpenean. “Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia” lanean gertaera «erreal eta amestuak» daudela aitortu du. Eta datorren martxoaren 18ko estreinaldian, Pessoak nola atera zuen Sarrionandia kartzelatik jakingo dugu, beharbada.

Sorkuntza prozesuaz

Idoia Beratarbide sorkuntza prozesuaz mintzatu zaio GARA egunkariari. «Proposamena Mikelen eskutik heldu zitzaigun, bi aktoreri eta niri. Hasieratik erakargarria iruditu zitzaidan. Metrokoadroka kolektiboan beti taldeko beste norbaitekin egin izan ditut gauzak, eta kanpo begiradaz bakarrik arduratzen naizen lehen aldia da», aitortu du Oiartzungo antzerkilari eta artistak. «Egia da hasieratik, elkartu ginenetik, oso giro ona egon dela gu lauron artean, eta zegoen denbora apurrarekin entsegu egun batzuk finkatu genituen eta hortik aurrera, hasierako entseguetan, kanpo begirada hori nire esku utzi zuen Mikelek». Lan egiteko modua azaldu zigun Metrokoadroka taldeko kideak: «Testu horrekin zer egin genezakeen proposatu zigun, eta zer proposatzen genuen entzun nahi izan zuen, gure lan moldea ezagutu nahi zuen, eta ikusle gisa geratu zen, kanpotik bezala, gehiago testuaren ardurarekin».

«Metrokoadroka-k duen lan egiteko modua baliatuz, aktoreei testuaren inguruan gogoeta batzuk egitea proposatu genien, eta irudi batzuk sortzea testu zatiekin edo esaldietatik abiatuta; horrelako jolas ezberdinak egin genituen. Irudi batzuk atera ziren, eta testu hori irakurtzen duten pertsonaiak nolakoak izan zitezkeen marraztu genuen», erantsi zuen.

Joseba Sarrionandiari estreinaldiaren ostean igorriko dio lan honen gidoia; «etengabe aldatzen eta hobetzen ari garelako. Metrokoadrokakoekin lan egiteak hori erakutsi dit, kanpo begirada horrek asko aberasten du lana», esan zuen Antzak. Aurkezpenak arreta eta ikusmina sortu du hedabideen artean, Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek kartzelatik Imanol kantariaren bafle batean ihes egin zutenean, ekintza hura Mikel Antza idazle eta kazetariari egotzi ziotelako, eta orduan ihes egin behar izan zuen berak. Fernando Pessoa eta Joseba Sarrionandiaren gogoetek Mikel Antzaren idatziekin bat egin dute “Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia” lanean. «Nahi gabe ni ere sartu nintzen istorio honetan eta antzezlanean kontatzen dut hori guztia», azaldu du egileak.