Patxi GAZTELUMENDI
BILBO
Elkarrizketa
GARY URIARTE
DUPLA TALDEKO ABESLARIA

«Klik garaikoak gara, eta eskura daukagun guztiaz baliatzen gara gure musika sortzeko»

Aguraingo bikotea da Dupla. Elektronika eta rocka beste musika esparru askorekin nahasten dute. Trap doinuak euskaraz. Jendea dantzan jartzea da beraien helburua, eta ikuskizun koloretsua da beraien zuzenekoa. Bideo bat kantu bakoitzeko. XXI. mendeko gazteen folklorea.

«La Polla Records hil da, gaurko gazteek ez dakite Txus nor zen eta berbenak ere hil dira, Folklore» kantatzen duzue. Zer da Folklore? Zer da Dupla?

Dupla ikus-entzunezko egitasmo bat da eta “Folklore” kaleratu dugun gure EP kontzeptuala. Gurea ez da musika talde bat soilik, kolektibo bat da; alde bisuala asko lantzen dugu: estetika, arropa, bideoklipak. Kontzertuak ere ematen ditugu. Hori guztia da Dupla. Eta “Folklore” gure azken lana da, nondik gatozen ondo adierazten duena.

Hainbat kantu kaleratu dituzue EP horretan, baina euskarri berezi batean, ezta?

Bai, «Dupla chups»-etan atera dugu gure musika. Ez da CD konbentzionala, edo USB memoria bat edo halako ezer. QR kode baten bidez, txupatxusak atera genituen Durangoko Azokarako. Gure kantak entzuteko eta ikusteko aukera ematen zuen txupatxus bakoitzak.

Bi Dupla-chups mota zeuden azokan. Euro batekoa eta bostekoa. Zein zen gozoaren aldea?

Kanta bakarreko txupatxusak euro bat balio zuen. Eta album osoa bost eurotan. Ekimen hori Durangoko Azokarako bakarrik egin genuen. Talde berria gara, eta salmentak izateko zerbait berezia asmatu beharra zegoen. Gainera, kanta bakarreko txupatxusetan ez zegoen jakiterik zein kanta egokituko zitzaizun. Entzuleekin bazile polita izan zen.

«Hasi da perreoa herriko tabernan». Eta zer giro dago?

Nahiko ona, egia esan; jendeak tabu guztiak hautsi ditu eta hasi da dantzan. Denoi gustatzen zaigu dantzan egitea, herriko tabernan, batzokietan eta edonon. Dantza beti nagusitzen da.

«Dantza gaua» kantuan trap musika Euskal Herriko toki askotara zelan iritsi den kontatzen duzue. Tolosan, Glaukoma taldeko Juantxo Arakama gehitu zaizue dantza eta kantura.

Batera zerbait egiteko aukera sortu da. Juantxo guretzat erreferente bat da Euskal Herriko hip-hop mugimenduan, eta berarekin kantatu ahal izatea guretzat plazer bat izan da. Oso ondo egiten du, entzun eta gozatu, besterik gabe.

Trap doinuak nora iristen ari dira zure ustez?

Nork jakin! Ez dakit, trapa deitzen diote batzuek, eta kaleko musika edo musika urbanoa besteek. Hip-hopa ere izan daiteke. Gure belaunaldiak etiketa gehiegi jan ditu; ez da gauza bat, ez da bestea, dena da aldi berean. Olatu berri bat dela esango nuke nik.

Zuen emanaldiak dira horren lekuko: baxuarekin hasi zaitezke zu, ondoan zure kidea bateriarekin, erritmo kutxa eta doinu sanpleatuak baliatzen dituzue, baina gitarra elektrikoarekin ere ikusten zaitugu, kantuan mikrofonoarekin bakarrik ez zabiltzanean.

Hori da, azkenean denetarik edaten dugu guk. Elektronika, rocka, trapa edo hip-hop edo rapa berdin-berdin bizi ditugu. Azkenean gu klik garaikoak gara, eta eskura daukagun guztiaz baliatzen gara gure musika egiteko.

Dupla proiektu honen aurretik ziur izan dituzuela beste proiektu musikal gehiago ere.

Beñat elektronika ekoizten ibilitakoa da, berbenetan ibili izan naiz, rock talde bat elkarrekin izan genuen. Beti egon gara musikaren inguruan. Beti jolasten eta sormen prozesuen barruan.

«Millenials» kantuan «hauxe da gure belaunaldi maitea» diozue. Kritika sozial bat ere egiten da kantu horretan. Umoretsua, ironikoa.

Komedia puntu hori asko gustatzen zaigu, eta hori baliatuz gauza asko esateko aukera dago. Baina batez ere geure buruari egiten diogu kritika. Eguneroko gure joerak eta jokaerak birplanteatzeko egiten dugu kritika hori. Bakoitzak jakingo du zer egiten duen ondo, eta zer ez. Gure autokritika da, besterik gabe.

«Folklore» da lan osoan gehien aipatzen duzuen kontzeptu edo berba.

Hori da, azken EP honetan kantu guztietan sartu dugun hitz bat da. Kantu guztiek azkenean ikuspegi hori daukate: folklorearen inguruan hitz egin dugu, gure folklorearen inguruan. Azken batean mugitzen ez dena hil egiten dela adierazi nahi dugu. Folklorea bera beti dago aldatzen, beti egon behar dela eraldatzen, beti pil-pilean dago. Jartzen duguna, esaten duguna, pentsatzen duguna… hori dena da folklorea, ez da bakarrik musika. Ez da soilik fandango eta arin-arina, folklorea askoz kontzeptu zabalagoa da.

Eta zer da «Rural kids»?

Hori gure zigilua da. Arropa saltzen dugu, diskoak plazaratzen ditugu, beste artisten lana ere bultzatzen dugu. Gu Aguraingoak gara, landa eremua da eta hori nabarituko da gure musikan ere. Hori da gure benetako esentzia.

«Nahi dudana izango naiz» esaten duzue… eta nahi duzuena izango zarete, ezta?

Eta horretan gaude. Bidea nahiko laburra izan da Dupla bezala. Hau ondo doa. Jendeak gauza ezberdinak nahi ditu eta ondo hartzen ari da gure proposamena. Gauza berriak behar ditugu. Talde asko ateratzen ari da, bai neskak eta baita mutilak ere. Olatu berria dator Euskal Herrira.

Zuen lehen kantuan «Somos así» kantatzen zenuten. Kantu ederra iruditu zitzaidan zuzenean entzutean. Nolakoak gara ba?

Gu horrelakoak gara. Kontraesan asko dituen pertsonak gara, baina kontraesan horiek ere onak dira. Behar-beharrezkoak dira aurrera egiteko. Egun batean «No somos nada» esango duzu, eta hurrengoan «la ostia gara» pentsatuko duzu, eta auskalo zer hurrengoan. Ona edo txarra, horrelakoak gara. Hori nabarmendu nahi genuen kantu horretan.

Non topatuko zaituztegu aurrerantzean?

Gu sarean gaude, Instagram, Spotify, Youtube bezalako plataforma zein sare sozialetan. Erraz topatuko gaituzue. Bideoetan eta zuzenean.