Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Itxialdian sortzen

Kontzertuak etenda. Kultur agenda guztia bertan behera geratu da. Baina sortzaileak ez daude geldi. GARA Euskal Herriko sortzaile ezberdinekin harremanetan jarri da, eta beren itxialdia nola bizi duten kontatu digute. Etxean sortzen ari dira batzuk, kontzertuak eskaintzen, dantzan edo liburu berriak zuzentzen.

Etxez etxe ari gara galdezka. Donostian harrapatu dugu Hesian taldeko abeslaria den Zuriñe Hidalgo. Larrabetzuko baserritik erantzun digu Toti Martinez de Lezea idazleak; eta Eibarren, etxean ari da dantzan Oier Araolaza. Pasarte historikoak, aspaldiko nobelak edo etorkizuneko erronkak izan ditugu aipagai sortzaileekin.

Atzerrian ibili ostean harrapatu du krisi honek Zuriñe Hidalgo musikaria. Hesian taldeko kidea etxean dago eta kantatzen, musika entzuten eta filmak ikusten ematen du eguna. «Akaso egun hauetan ez gara batere inspiratuta egongo, ala bai! Nik, adibidez, oraindik ez dut ezer berririk konposatu, baina bestelako proiektu eta gauzak sortzeko aprobetxatzen ari naiz».

«Musikariak eta sortzaileak sare sozialetan oso aktibo ikusten ditut. Gauza ezberdinak eskaintzen, streaming bidez zuzenekoak egiten... eta nik uste hori jendeak ere asko eskertzen duela. Musikarion kezka nagusia, une honetan, bertan behera geratutako emanaldiekin eta baita datozenekin ere zer gertatuko den jakitea dela uste dut, nola eragingo duen honek guztiak gure zeregin eta bizitzetan».

Eta sortzaile bezala gogoeta bat plazaratu nahi izan du Zuriñe Hidalgok: «Bai, egoera honek kalte handia egingo digu hainbat esparrutan, baina beste esparru batzuk zaindu eta elikatu ahalko ditugu. Beraz, orain jar dezagun arreta horietan; aurrerantzean besteei heldu eta buelta emango diegu».

Eta aholku zenbait luzatu ditu: «Ikas dezagun lasai egoten, gelditzen. Ikas dezagun geure buruarekin egoten, barrura begiratzen eta hor dagoena hobeto ezagutzen. Ikas dezagun aspertzen eta orain arte baloratzen ez genuen hori guztia baloratzen. Eta nola ez, aprobetxa dezagun sortzen jarraitzeko. Gure herria egoera larri askotatik pasa izan da eta beti saiatu gara horri guztiari irribarre bat irabazten, ezta? Txarrenari onena ateratzen».

Tesia atzeratu beharra

Dantzaria, ikertzailea eta kazetaria da Oier Araolaza. Eibarko Kezka dantza taldearekin eta Donostiako Argiarekin ari da egun. Dantzan.eus ataria kudeatzen du eta koronabirusaren ondorioz dantzari eta generoari buruzko bere tesiaren defentsa atzeratu behar izan du. Egoera honek aukera berriak sortzen dituela uste du eta «asperduraren aurkako txerto onena sorkuntza» dela aitortu digu.

«Esango nuke ume gehienak etxean hasten direla dantzan, gurasoen eta aitona-amonen besoetan, eta koskortutako gaztetxoak zein helduak ere etxean dantza asko egindakoak gara», esanez lotu ditu etxeko itxialdia eta dantza.

«Gure etxean ohikoa izan da ondoren entseguan landuko ditugunak prestatzen eta elkarri erakusten aritzea. Gaztetan, gurasoen etxean zazpigarren pisuan bizi ginen eta igogailuan ere zenbat urrats errepika egin ote ditudan. Orain arte egin ez duguna talde entseguak etxetik egitea izan da, baina hara, asteotan hortxe dugu erronka, ea teknologia dantzaren zerbitzura jartzen asmatzen dugun. Hain zuzen, orain ari nintzen begira, ea jaitsi edo zoom edo zer probatu behar dugun!».

Baikorra da Oier Araolaza, eta dantzaren historia ondo ikertuta duenez, horrelako egoerarik lehenago izan den galdetu diogu. «Beste arrazoi batzuk tarteko, dantza debekatzeko ahaleginak ohikoak izan dira historian, bai. Adibidez, XVI. mendetik XVIII.era, hiru mendez Euskal Herrian dantzari buruzko albiste proportzio handi bat debeku albisteak dira, eta askotan barrez esaten dugu, hiru mendez dantza debekatzen aritu beharrak erakusten duela ez zutela egundo debekua betearaztea lortu».

Eta Juan Antonio Urbeltz maisuaren aipamena egin du gero. «Urbeltz gure maisu handiaren esanetan, inauterietako dantza eta mozorroak izurrien aurkako txertoak izan litezke».

Gaur egun ere, «dantzan aritzea egin dezakegun jarduera osasuntsuenetakoa da, gorputza erne, sasoiko eta defentsak aktibo edukitzen laguntzen duelako», bukatu du.

Sutondoaren berotan

Larrabetzuko bere etxean dago Toti Martinez de Lezea idazlea Alberto Albaizar senarrarekin. Mugikorretik erantzun dizkigu galderok, euskaraz.

«Momentuz ez naiz ari idazten. Une honetan aurreko astean bukatu nuen nobela bat berrirakurtzen eta zuzentzen ari naiz. Nire hurrengo lana izango da», adierazi digu.

«Aste bat baino ez da pasa bukatu nuenetik, eta berriz irakurtzen ari naiz. Eta egun batzuk gutxienez beharko ditut lan honetan, bai».

Udaberrian Bilbon egitekoa den liburu azokaren 50. urteurrenean aurkeztea zen bere asmoa. Orain zalantzan dago. «Jende askok liburuak eskuartean ditu, zorionez», dio itxialdiak irakurketari egingo dion mesedeari buruz, eta berak ere «normalean egunero bizpahiru ordu» ematen dituela irakurtzen.

Gomendioa luzatu du: «Irene Vallejoren liburu eder bat irakurtzen ari naiz, ‘El infinito en un junco’. Mundu zaharrean liburuak nola asmatzen ziren kontatzen du, eta ederra da benetan liburuen historia nola egiten duen egileak. Oso modu atseginean idatzita dagoen saiakera historikoa da. Idazle oso ona iruditzen zait Irene Vallejo, eta ederto pasatzen ari naiz liburua irakurtzen».

Toti Martinez de Lezeak umorez diosku «itxialdiak, luze iraunez gero, aspaldi irakurritako liburuei berriro ekiteko aukera emango dit».