Imanol CARRILLO
Txirrindularitza

Tourra, Giroa eta Vuelta itzuli bakar batean batzea?

Matteo Trentin CCC taldeko italiarrak eta Glasgow 2018an munduko txapeldun suertatutako txirrindulariak egin du proposamena,koronabirusak kirol munduan eta txirrindularitzan sortutako eragozpenak gainditzeko eta datorren urtean normaltasunera itzultzeko.

Tokioko Olinpiar Jokoak datorren urtera atzeratu dituztela ikusita, kirolari guztien –edo askoren– lan plangintza aldatu da. Lau urtean behingo hitzordu olinpikoan txirrindularitzak tokia izaten du –Japonian 22 proba jokatzekoak ziren: lau errepidean, 12 pistan, bi mendiko bizikletan eta lau BMXen–, baina koronabirusak mundu osoan sortutako egoera kontuan izanda, ezin jakin kirol hau noiz itzuli ahal izango den berriro errepideetara.

Gauzak hala, etxean entrenatzen diharduten txirrindularietako batek, Matteo Trentin italiarrak, zentzuzko proposamena egin zuen atzo bere Twitter kontuan. CCC taldekoak Tourra, Giroa eta Vuelta –txirrindularitza denboraldiko hiru lasterketa garrantzitsuenak– itzuli bakar batean gauzatzea proposatu du.

«Zergatik ez dugu itzuli handi bat egiten aurten? Erroman hasi, Madriletik pasa eta Parisen amaitu. Egoera latz honetan pertsonak batzeko modurik onena izan daiteke!», idatzi du Trenttinek sare sozialetan.

«Argiago esanda, lasterketa baten iraupen normala izan dezala: 21 etapa, zazpi Italian, zazpi Espainian eta zazpi Frantzian, eta bi atseden egun. Eta garrantzitsuena: ekitaldi bakarra. Elkarrekin itzultzeko. Eta 2021ean normaltasunez itzuliko gara», gaineratu du.

Eta Tourrak zer dio?

Euskal Herriko Itzulia amaitu ostean, Giroa da hiru lasterketa garrantzitsuenetatik gauzatzen den lehena. Maiatzaren 9tik 31ra egitekoa zen, Budapestetik (Hungaria) abiatuz, baina bertan behera geratu da eta ez dute data berririk eman. Udaberriko txirrindularitza-lasterketa klasikoak irail edo urri aldera atzeratzea aipatu da.

Italiako itzuliaren ondotik Tourra dator, ekainaren 27tik uztailaren 19ra egitekoa dena. Koronabirusaren ondorioak Europan igartzen hasi ginenetik, itzuli frantseseko ordezkariek ez dute ezer argirik esan.

Hala ere, “Le Parisien”-en txosten batek dioenez (Cyclingnews webguneak jasotzen duena), Gobernu frantseseko funtzionarioak eta ASO Tourreko antolatzaileak lasterketa sinplifikatzeko eta, aldi berean, txirrindularien, antolatzaileen eta ikusleen osasuna babesteko modurik eraginkorrenak aztertzen ari dira momentu honetan.

Thibaut Pinot frantsesa, Tourrarekin «kezkatuta»

Tourrak oraindik ez du publikoki ezer esan bere asmoei buruz baina, dirudienez, hainbat alternatiba aztertzen ari da. Tropelean badira kirolari asko buruan urteko lasterketarik garrantzitsuena bakarrik dutenak. Horietako bat Thibaut Pinot frantsesa da, bere herrikideentzat “promesa” dena. Honela mintzatu da France TV Sport katean: «Ez dakit ASOk Tourra atzeratu lezakeen, baina kezkatzen nauena da bertan behera uztea, urtea itzuli handi bat korritu gabe amaitzen bada zaila izango litzateke eta».

Gainera, FDJ taldekoak azpimarratu duenez, «aurtengo denboraldia erabakigarria» da berarentzat. «Urte onenean nago, 30 urte dauzkat, gailurrean nago. Galdutako urte bat izango litzateke».I.C.