GARA
DONOSTIA

Kantauriko legatzaren kuota 744.800 kilokoa da arte txikien flotarentzat

Estatu espainoleko iparraldean eta ipar-mendebaldean (VIII eremuan) legatzaren kuota 744.800 kilokoa izango da arte txikiekin dabiltzan itsasontzientzat. Atzo argitaratu zen ebazpena Espainiako Aldizkari Ofizialean. Horren banaketa modu linealean egingo da.

Kantauri isurialdeko eta Iberiar Penintsulako ipar-mendebaldeko uretan arrantzatu daitekeen legatzaren kuota zehaztu zen atzo Estatu Espainoleko Aldizkari Ofizialean (EAO). Bertan argitzen den bezala, arrantza tresna xumeak erabiltzen dituzten itsasontzi hauek 744.800 kilo legatz arrantzatu dezakete aurtengo sasoian.

Gobernu espainoleko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza arloko Idazkaritza Nagusiak legatzaren arrantza antolatzeko xedapen berriak iragarri zituen atzo.

Horrela, aipatu kantitatearen banaketa modu linealean eta hiruhilekoka egingo da. Hau da, urte guztian zehar, 10.000 kilo legatz arrantzatu ahal izango du itsasontzi bakoitzak.

Itsasontziak muga gainditzen badu, debekatua izango du legatza arrantzatzea kanpainako gainerako zatietan. Ebazpenak 2020ko urtarriletik abendura bitartean egongo da indarrean.

«Azken urteetan, ikusi da arte txikien flotak geldiarazi egin duela bere jarduera urteko hainbat unetan, besteak beste, flota horretako bapore batzuek kopuru handitan arrantzatzen dutelako, eta banakako harrapaketa handiak oso ontzi gutxitan egiten dituztelako», dio Estatuko Aldizkari Ofizialak.

Gauzak horrela, sektorea entzun ondoren, ahalmena ematen zaio Estatu espainoleko Arrantzako Idazkaritza Nagusiari egunero edo asteroko harrapaketa eta lehorreratzeen mugak ezartzeko, eta zenbateko horiek Idazkaritza Nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko dira.

Iaz baino %5,5 gutxiago

Aurten iaz baino %5,5 legatz gutxiago arrantzatu ahal izango dute Kantauri isurialdean eta Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean arte txikiekin aritzen diren itsasontziek. Pasa den urtean 787.892 kiloko kuota ezarri zen eta aurtengo banatzeko modu bera aplikatu zen.

Jaitsiera hau abenduan iragarri zuen Europako Batzordeak, estatu bakoitzeko arrantza ministroekin eztabaidatu ostean. Hasiera batean %20ko murrizketa proposatu zuen Bruselak eta azkenean jaitsiera %5,5ekoa izatea garaipen modura ikusi zuen Estatu espainoleko ordezkariak.

Murrizketa honen eragina «oso txikia» izango zela adierazi zuen Juan Garatek, Gobernu espainoleko ministroak. Urtean gutxi gorabehera arrantzatzea lortzen duten kopurua baita iragarritakoa.

Jaitsiera xume hau, baina, Kantauri isurialdeko eta Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko urei dagokie, izan ere, «iparraldeko legatzaren» kasuan %20ko murrizketa ezarri zuen Europako Batzordeak.