GARA
DONOSTIA

Selektibitaterako data zehaztu dute EAEn: uztailaren 6tik 8ra izanen da

Hezkuntza osoa geldirik du koronabirusak eta hainbat kezka daude argitzeko. Adibidez, zer gertatuko da ikasturte honekin? Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lehendabiziko erabakia hartu dute: unibertsitatera sartzeko azterketen data finkatu dute. Uztailaren 6, 7 eta 8an eginen dituzte, sanfermin betean, eta ezohiko deialdia uztailaren 20, 21 eta 22an izanen da.

Lakuak egutegi hori ezarri du kasurik okerrenean koronabirusagatik bertan behera gelditutako eskolak ekainaren hasieran berriz martxan jarriko direla kontuan hartuta.

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik selektibitaterako datarik zehaztu, baina «osasun agintariek baimentzen badute» ekainaren 22aren eta uztailaren 10aren artean eginen da. Ezohiko proba, aldiz, uztailaren bigarren hamabostaldian izanen da.

Alarma egoerak ez du uzten selektibitatea aurreikusia zegoen datetan egiten eta espainiar Estatuko Hezkuntza Sailarekin izandako elkarrizketa prozesuaren fruitu dira Lakuako eta Iruñeko gobernuen jakinarazpenak. Isabel Celaa Hezkuntza sailburu espainiarrak atzo onartu zuen selektibitatearen ohiko deialdia ekainaren 22 eta uztailaren 10 bitartean egitea, eta ezohiko deialdia, berriz, irailaren 10a baino lehen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan unibertsitatera sartzeko probaren emaitzak uztailaren 15ean kaleratzea espero dute, eta ezohiko probarenak, aldiz, uztailaren 29an.

Lan Eskaintza Publikoa

Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak hartu zuen atzo, EHUrekin koordinatuta, data hauek jartzeko erabakia, Internet bidez Hezkuntzako Konferentzia Sektoriala egin eta gero. Konferentzia horretan Gobernu espainola eta autonomia erkidegoetako gobernuak daude ordezkatuta. Lakuak ohar batean azaldu zuenez, bere gobernua arduratuko da gaur egungo probak egokitzeaz, baita ebaluazio irizpideak moldatzeaz eta proba malgutzeko lanak egiteaz ere, EHUrekin batera.

Bestalde, lan eskaintza publikoa atzeratzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen Lakuako Gobernuak. Berez, heldu den ekainaren 20rako daude deituak lehendabiziko azterketak.

Nafarroan

4.289 ikasle ari dira bigarren Batxilergoa egiten Nafarroan, horietatik 2.601 sare publikoan eta 1.688 kontzertatuan. Horiei gehitu behar zaizkie Lanbide Heziketako goi mailako zikloak egiten ari direnak.

Azken horien kasuan praktikak malgutuko dituztela adierazi zuen Nafarroako Gobernuak. Neurri hori selektibitatearen datarekin koordinatu beharko dela erantsi zuen, nahi duten ikasle guztiek azterketetara aurkezteko aukera izan dezaten.

Egoera zail honetan «ikasleen heziketan ahalik eta gehien zentratzeko» asmoz, beharrezkoak ez diren ebaluazio guztiak bertan behera uztea ere erabaki du Hezkuntza Sailak, ikasturtea bukatu eta hurrengoa antolatu ahal izateko. Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako probak eta seigarren mailako etaparen amaierako ebaluazioak baztertuko dituzte, baita DBHko bigarren eta laugarren mailetako ebaluazioak ere.