Beñat ZALDUA
DONOSTIA

Martxoak 25, kutsatzeek goia jo zuten eguna ote?

Martxoak 25. Memorian gordetzeko data? Momentuz behintzat, bai. Egun hartan 889 pertsonak baiezkoa eman zuten koronabirusaren proban Hego Euskal Herrian. Lau egun igaro dira orduz geroztik eta langa hori ez da berriz gainditu. Are gehiago, igandean zehar «soilik» 452 kasu gehiago baieztatu ziren, azken sei egunetako zifrarik apalena, atzo Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek azaldu zutenaren arabera.

Arrazoi nahiko badago, hala ere, tentuz hartzeko positiboen kopurua. Izan ere, egindako testak ez dira nahikoa jakiteko zein den kutsatzeen hedapen erreala. Igandean, gainera, azken egunetan baino test gutxiago egin ziren EAEn (964). Baina bada hemen ere optimismorako arrazoirik: egindako testen %32k bakarrik eman zuten baiezko emaitza. Aurreko egunean, ehuneko hori %40koa izan zen. Eta aipatutako martxoaren 25ean %50ekoa. Bilakaera positiboa da, beraz.

Beste zantzu positibo bat egunak hirunaka zenbatzean topatzen dugu. Arriskutsua da egun bakar bateko zifrekin ondorio sakonegiak ateratzea, egun batetik bestera zifrek salto handiak egin ahal dituztelako, baina hiru eguneko tarteetan pilatuz gero, bilakaera orokorraren ikuspegi zorrotzagoa lor dezakegu. Datuak garbiak dira: azken hiru egunetan 1.961 kasu baieztatu dira. Aurreko hiruretan 2.501 izan ziren. Grafiko batean horrek uzten duen marrazkiak ere (eskuinean) ez du azalpen gehiegirik behar.

Konfinamenduaren marka

Martxoaren 25eko hipotesia baieztatzeko kurba horrek beheraka jarraitu beharko luke hurrengo egunetan, baina aurreikuspenekin bat dator, alarma egoera martxoaren 14an ezarri baitzen, eta lehenengo neurriak egun batzuk lehenago. Hemendik aurrera, eta gero eta gehiago, baieztatzen diren kasuak konfinamendu partzialean zehar kutsatutakoak izanen dira, batik bat. Zertarako balio du orduan asteburu honetan ezarritako konfinamendu ia osoak? Bada, kurba oraindik eta beherago eramateko eta, gehienbat, ospitaleen saturazioa saihesteko.

Ospitaleetara datorren bi asteetan joanen dira azken bi asteetan, eta lehenago, kutsatutako asko, eta premiazkoa da jario hori etetea. Alegia, orain kutsatzeak gelditzea, hemendik bi astera ospitaleek arnasa hartu ahal izateko. Gogoratu behar delako kasu bat detektatu eta, txarrenean, hil arte, astebete eta bi aste bitarte igaro ohi direla.

Horregatik guztiagatik, hildakoen grafikoak goia jo arte egunak falta dira, ziurrenik. Atzo izan zen alor honetan orain arte erregistratutako egun latzena, 50 lagun hil baitziren Hego Euskal Herrian. Beheko grafikoan ikus daitekeen bezala kurba horrek ez du momentuz beherako bidea hartzeko imintziorik egin. Zifrak hiru eguneko tarteekin hartuz gero, azken hiruretan 134 lagun hil zirela ikusten dugu. Aurreko hiruretan –kasu kopuruak goia jo zuenean–, 101 izan ziren hildakoak, eta hiru egun lehenago, 69. Igoera sostengatua antzeman daiteke, beraz.

ZIUak olatuaren zain

Bigarren grafiko horrek gogorarazten du okerrena oraindik etortzeko dagoela, eta, esan bezala, hurrengo bi asteak gakoak izanen direla. Hipotesi hau bat dator osasun sistemen aurreikuspenekin, izan ere, asteburu honen bueltan espero dute ZIUen okupazio gorena. Hala ere, bai Iruñeko bai Gasteizko gobernuek aurre egiteko prest daudela ziurtatu zuten atzo.

Herrialdeka bilakaerak ere egonkortzen doaz. Proportzioan Arabak ditu oraindik zenbaki gordinenak (atzo 8 hildako), baina epidemiaren abiadura mantsotu da jada. Bizkaia da orain EAEn kezkagarriena, ZIUn 120 ospitaleratuekin eta 17 hildakoekin atzo bakarrik. Nafarroan, hala ere, zifrak ez dira xamurrak; atzo 18 pertsona hil ziren eta 96 daude ZIU batean. Hego Euskal Herrian Gipuzkoa da oraindik gutxien kaltetuena: 7 hildako atzo eta 39 pertsona ZIUetan.