GARA
BILBO

Bizkaiak 432 milioi euro itzuliko ditu errenta kanpainan, maiatzean

Bizkaiko Foru Ogasunak 432 milioi euro itzuliko dizkie 398.000 zergaduni maiatzaren 4tik aurrera, 2019ko errenta eta ondare kanpainaren barruan; 182.740 aitorpen, berriz, ordaintzeko izango dira, 375.675.300 euro guztira. Orotara, 342.156 aitorpen proposamen eginda bidaliko dira, horietatik 225.277 itzultzekoak eta 116.879 ordaintzekoak. Ostegun honetan bidaliko ditu errenta proposamenaren lehen zirriborroak.

Bizkaiko Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuenez, Ogasun Sailak abian jarri ditu herritarrei 2019ko errenta aitorpena aurkezten laguntzeko lehen zerbitzuak. Apirilaren 2tik aurrera, martxan egongo dira errenta telefonoa (94 60 83 00) eta www.bizkaia.eus/renta web orria. Aurten ere ohiko hiru bideak erabiliko dira aitorpenak aurkezteko: Errenta Etxean (Ogasunak berak egindakoa eta etxeetara bidalitakoa), Internet, eta zuzenean finantza erakundeetan, nahiz eta kasu honetan, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, zerbitzu hori ahal denean eskainiko den, data finkorik gabe eta bi hilabeteko luzapenarekin. Hori dela eta, aurrez aurreko arretarako bi hilabeteak amaitzen direnean bukatuko da kanpaina, data zehatzik gabe.

Hala, Foru Ogasunak maiatzaren 4an hasiko du 2019ko errenta eta ondarearen kanpaina, eta koronabirusaren krisiaren ondorioz sortutako behar berezietara «egokituz» joango da.

Hala ere, datorren ostegunetik, apirilaren 2tik, 432 milioi itzultzeko proposamenen lehen zirriborroak bidaltzen hasiko da; hamar zergadunetatik seiri eskaintzen die zerbitzu hau, maiatzaren lehen egunetan diru sarrera eta irteerak gauzatzeko. Litekeena da Arabako eta Gipuzkoako aldundiek epe berberak betetzea, oraindik zehaztu ez badute ere.

Koronabirusak sortutako ezohiko egoera dela eta, Bizkaiko Ogasuneko diputatu Jose Maria Iruarrizagak azaldu zuenez, bere sailak «erraztu» egin nahi die zergadunei beren zerga betebeharrak betetzea, eta «lehenbailehen itzuli» PFEZaren zenbatekoak, «familien likidezia bultzatzeko».

Bizkaiko Ogasunak aurten 580.409 aitorpen tramitatzea aurreikusten du, eta horietatik 397.669 (%68) zergadunari «itzultzekoak» izango dira, denera 431,6 milioi euro. Batez besteko itzulketa 1.085 eurokoa izango dela aurresan zuen.

«Ordaintzeko» 182.740 aitorpenek, aldiz, 375,6 milioi euro emango dizkiote Ogasunari, 2.056 euroko batez besteko ordainketarekin. Ogasunaren arabera, aurreko ekitaldiko errenta kanpainan lortutako emaitzen oso antzekoak dira.

Ordaintzekoa edo itzultzekoa

Ohar batean, Aldundiak adierazi zuen maiatzeko lehen astean hasiko dela zergadunaren aldeko aitorpenak itzultzen, eta ordaintzeko aitorpenak kanpainaren azken egunean kobratuko dira. Ordainketa zatikatua aukeratzen bada, bigarren ordainketa azaroaren 10ean egingo da.

Aurtengo kanpainan, berritasun gisa, Ogasunak aldez aurretik hitzordua eskatzeko sistema bat jarriko du abian bere bulegoetan, eta zergadunei "bak" gakoa lortzen lagunduko die. Horrekin, Internet bidez tramiteak modu seguruan egin ahal izango dituzte, Aldundiaren bulegoetara joan beharrik gabe.

Kenkari fiskalei dagokienez, Foru Aldundiak uste du Errenta19 kanpainan zergadunek 608 milioi euro baino gehiago jasoko dituztela ohiko etxebizitza, alokairu, ondorengo ahaide, adineko eta ezgaitasunengatik aplikatutako kenkarietan.

Bestalde, 174.000 zergadunek jasoko dituzte BGAE-ei, pentsio planei eta mutualitateei egindako ekarpenen kenkariak, denera 109 milioi euro.