EUSKAL HERRIA KIROLA
Elkarrizketa
GONZALO BOYE
ABOKATUA

«Ezinbestekoak dira jendearen lan nekaezina eta agintarien konpromisoa»

Inork gutxi daki, baina Gonzalo Boye (Viña del Mar, Txile, 1965) Palestinako Futbol Federazioko ordezkaria da, FIFAn Palestina ordezkatzen duen gizona, alegia. Nazioarteko Zuzenbideko irakasle eta aholkularia, enpresa gizona, idazlea, tertuliakidea eta beste zenbait arlotan aditua ere bada. Hori jakin, eta berarekin mintzatzeko aukera izan du Euskal Herria Kirolak, telefonoz, ezinbestean.

Oso abokatu ezaguna da Madrilen bizi den Gonzalo Boye. Oihartzun handiko prozesuetan ikusi dugu: 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo bonbak, Edward Snowden, Luis Barcenas, Carles Puigdemont, Josu Urrutikoetxea… Espainiako hainbat hedabideren jopuntuan dago. Baina ez dirudi horrek kikiltzen duenik. Polifazetikoa da, gainera. “Mongolia” aldizkari satirikoaren editore izandakoa, Eldiario.es agerkari digitalaren sortzaileetakoa…

Euskal Herrian ezagunagoa zara zigor arloko abokatu moduan. Jakin-mina piztu zaigu. Nolatan futbol munduan eta Palestinako Futbol Federazioko ordezkari?

Egia esan, ni ez naiz futboleko gizona eta ezer gutxi dakit futbolaz kirol ikuspegitik. Gehiago gustatu izan zait betidanik errugbia. Baina Palestinako futbolaren kasuan osagai ezberdin oso inportanteak daude, giza eskubideen ikuspegitik, nazio ikuspegitik eta nazioarteko zuzenbide ikuspegitik. Jasaten duten okupazio egoera horretan gauza bitxiak gertatzen dira. Adibidez, Israeleko asentamenduetan ligak jokatzen ari dira modu ilegalean, FIFAko estatutuek diotenaren kontra. Nik futboleko arauak sakonki ezagutzen ditut, nazioartekoak ere bai. Baina futbol partida bat ikusten, ez dut tutik ulertzen.

Zuzendu oker banago: Palestina Estatua 1988an deklaratu zen eta NBEk ez zuen kide gonbidatu gisa onartu 2012 arte. Baina Palestinako Futbol Selekzioa, gaur ulertzen dugun moduan, 1952an sortu zen eta FIFAk ez zuen onartu ofizialki 1998 arte. Alegia, Estatu palestinarra sortu eta 10 urtera eta NBEak estatu gisa aitortu baino 14 urte lehenago. Nola gertatu da prozesu hori?

Ni garai horretan ez nenbilen kontu horretan, ez nintzen abokatua ere. Baina jende askok borroka latza egin zuen Palestinako futbolak zegokion lekua izan zezan. Egunen batean aitortu beharko zaio jende horri egindakoa. Azpimarratu behar da bereziki Jibrik Rajoub-ek egindako lan nekaezina. Kartzelan 15 urte igaro ondoren, Yasser Arafaten garaian Zisjordaniako segurtasun nazionalaren arduradun nagusia izan zen. Garrantzi izugarria izan zuen bere lanak, Jibrik Rajoubek eragin handia zuelako Palestina estatuan. Osloko negoziazioetan parte hartua zen. Horrekin esan nahi dut agintarien borondate, babes eta konpromisoa ezinbestekoak direla ofizialtasuna lortzeko.

Kirol ikuspegitik, nahiz eta horretan aditua ez zaren, zein da Palestinako Selekzioaren ibilbidea? Asiako Kopan dabil eta Munduko Koparako sailkapenean parte hartzen du, oraindik sailkatzerik lortu ez duen arren…

Palestinako futbolaren arrakastarik handiena egunero futbolean aritu ahal izatea da. Kontuan izan Palestinak hiru liga dituela: Gazakoa, Zisjordaniakoa, eta Diasporakoa. Estatu bat eta hiru liga. Sarritan elkarren arteko finala jokatzeko traba ugari gainditu behar dituzte. Izan ere, adibidez, Gazako jokalariek Zisjordaniara joateko Israelen baimena behar dute, eta sarritan oztopo piloa jartzen dizkiete.

Nik izugarrizko garrantzia duen kontu bat aipatu nahi dizut. Palestinan emakumezkoen futbolak duen garrantzia eta, nire ustez, etorkizun oparoa. Futbolak Palestinako emakume gazteen artean harrera izugarria du, eta kirola egitera, lehian aritzera bultzatzen ditu. Harrigarria da, Ramallah-n dagoen futbol eskolara joan eta ikustea zenbat emakume gazte dauden bertan. Honetan izugarrizko eragina izan du Susan Shalabik. Emakume hau, palestinar eta espainol baten alaba, Palestinako Federazioko presidenteordea da, eta Asiako Futbol Konfederazioko Kontseiluko kidea. Egun nazioarteko futboleko erakundeetan munduko kargurik garrantzitsuena duen emakumea da. Eta, egia esan, ez zen hain urruti iritsiko, berez duen balioaz gain, ez balu izan Palestinako Federazioko presidente Mauricio Abu Goshen erabateko babesa eta laguntza.

Aurreiritziz beteta gauden Mendebalde honetatik, harritu ere egiten gaitu emakumeaz aipatzen ari zarena: ez al da Palestina herri musulmana?

Palestina estatu laikoa da. Palestinarrek bi erlijio nagusi dituzte: musulmana eta kristaua. Eta laikoak dira palestinar asko. Mendeetan zehar elkarbizitza normalizatua eta baketsua izan dute bi erlijio komunitateek.

Aurrez hainbat gauza esan badituzu ere, Palestinako futbolaren egoeraz zer xehetasun aipatu nahi zenituzke?

Joseph Blater presidentea zela, FIFAk interes handia jarri zuen Palestinan. Horri esker gaur egun futbol zelaiak daude hiri guztietan. Gehienak belar artifizialekoak dira. Bat bakarrik da FIFAk homologatua: Faysal Al-Husseini zelaia, Al-Ram-enekoa. Gogoratu ere Golango gainak Israelen menpe daudela eta palestinarrek ur eskasia ere jasaten dutela. Bestalde, arazo ugari dituzte kirol materiala eskuratzeko. Guztia Israelen eskutik pasatu behar delako. Adibide bat: kirol materiala erosteko 15.000 euroko laguntza bat eskuratu zuten eta Israelek 18.000 euroko zergak ipini zizkion material horri.

Blaterri hainbat kontutan kritika egin ahal izango zaio, baina jarrera zuzena izan zuen Palestinarekin. Bere garaian lantalde bat osatu zen kirol materiala trabarik gabe eskuratu ahal izateko eta jokalariak batetik bestera mugitu ahal izateko. Baina hori dena, erabat moteldu da gerora, Blaterren hurrengoek ez dutelako jarrera berbera izan.

Selekzioaren gaira itzulita, nondik ateratzen dira selekzioko jokalariak? Non entrenatzen dira? Zer arazo burokratiko gainditu behar dituzte? Euskal Herrian Palestinako Selekzioko jokalari Yaser Hamad euskaldun-palestinarraren inguruan zerbait badakigu…

Yaser Hamed-ek hainbat gauza kontatuak izango dizkizue dagoeneko, baina kontu asko izaten dira. Nik neuk ezagutu izan dut, Palestinako Federazioan egon eta bat-batean, eta tartean ezer gertatu gabe, Israelgo Armada sartzea eta dena miatzen hastea. Gu geu banan-banan goitik behera erregistratzea ere bai. Palestinako selekzioa palestinar jatorria dutenek osatzen dute, edonon bizi direlarik ere, Euskal Herrian, Yaser Hameden kasua, zein Txilen –komunitate handia dago han– zein edonon. Selekzioaren deialdiak Palestinan izaten dira. Baina jokalariek arazo eta traba ugari izaten dituzte hara iristeko. Hasteko ezin dira zuzenean Ramallahra hegazkinez joan. Jordaniara joan behar dute lehenik, handik muga pasatzera, eta behin eta berriz aipatzen ari garen traba eta oztopoak ezartzen dizkiete.

Aurrerantzean zeintzuk dira Palestinako Selekzioak kirol eta administrazio ikuspegitik dituen erronka nagusiak?

Alde ekonomikoa erronka garrantzitsu bat da. Palestinako futbolak ez du oraindik gainerako lekuetan futbolak sortzen duen errentagarritasun ekonomikoa eta. Liga bakar bat egotea ere erronka da. Zergatik estatu bakarrekoa izanda liga batek Gazan jokatzen du eta besteak Zisjordanian? Ez du zentzurik.

Horrekin lotuta kirolarien mugitzeko askatasuna ere beharrezkoa da. Eta Palestinako selekzioa bera ezagutaraztea ere erronka bat da. Ezagutzera eman behar da eta futbol dirudunarekin konplizitateak josi. Adibidez, egokia litzateke futbol egitura horrek aintzat hartzea Palestinan futbolean ari direnak, denboraldi-aurreetan gonbidatzea, futbol eskolak sustatzea… Ondo leudeke horrelako gauzak.

Ezberdintasunak ezberdintasun, eta gure antzera katalanen egoera ezagutuko duzun heinean, nola ikusten duzu Euskal Selekzioaren eta oro har estaturik gabeko selekzioen nazioarteko ofizialtasuna? Nondik joko zenuke zuk?

Nik berdintasunaren printzipiotik joko nuke. Hasieran FIFAko estatutuek ontzat ematen zuten estaturik gabeko herrien ordezkaritza. Horrela daude Gales, Eskozia, Ipar Irlanda eta abar. Eta begira, Mexikoko kongresuan, ni izan nintzen bertan, eta han Espainiak Gibraltarren onarpenaren alde bozkatu zuen.

Eta zu nolatan zinen han?

Normalean Federazioko presidentea eta presidenteordea joan ohi dira FIFAko kongresuetara, baina Palestinaren kasuan abokatu bat eramatea ere beharrezkoa ikusi zen. Eta Palestinako ordezkaritzako aholkulari juridiko gisa joan nintzen ni.

Garai honetan, etxeetan konfinatuta gauden honetan, patxadaz hainbat hausnarketa egiteko une egokia izan liteke. Zer aipatuko zenuke zuk?

Futbolak inon bakearen alde ekarpen bat egiteko gaitasuna badu Palestinan da. Futbolean aritzen diren palestinarrek, talde lana jorratzen dute, diziplinaren balioa lantzen dute eta futbolean ari direla eurentzako amaigabeko konfinamendua den egoera horretatik ihes egiten dute. Ohartu, adibidez, Gazan futbolean ari den neska-mutikoa seguruenik bere bizitza osoan Gazatik atera gabe dagoela.

Funtsean, kontua ez da bakearen aldeko partidak antolatzea, nazioen eskubideetan oinarritutako kirol jarduera garatzea baizik. Hori da kiroletik, eta ez bakarrik futboletik, bakeari egin ahal zaion ekarpen izugarria.

Hemen, eta arrazoi osoarekin, osasun materialak ez direla iristen kexatzen ari gara. Baina sarritan ondo dago gure egoera beste batzuen egoerarekin alderatzea. Palestinara osasun materialak iritsiko dira ala ez, baina beti Israelek baimentzen badu iritsiko dira bakarrik.

Eskerrak oraingo honetan ohartu den Israel Palestinan birusa hedatzen bada Israelen ere hedatuko dela, eta elkarlanean ari dira.