GARA
DONOSTIA

Aberri Eguna etxetik baina «batera» ospatzeko deia egin dute

Osasun krisian egonagatik ere, sektore desberdinetako hogeita hamar pertsona ospetsuk datorren igandean, apirilaren 12an, Aberri Eguna ospatzeko deia egin dute.

Aurrekaririk gabeko osasun krisia dela eta, 2020ko Aberri Eguna ezin zen ohi bezalakoa izan. Hala, krisi honetan arrisku gehien hartzen ari diren sektoreetako hogeita hamar pertsona ospetsuk eta ordezkarik datorren igandean, apirilaren 12an, Aberri Eguna ospatzeko deia egin dute.

Testuinguru honetan, Covid-19 gaitzak eragindako hildakoen aldeko dolu nazionala eginez eta bizitza horiek salbatzeko borrokan ari diren osasun arloko beharginen omenez ospatuko da aurtengo euskal aberriaren eguna, etxetik, ezin bestela.

Hala, kultura, kirol zein bestelako esparru eta ideologia anitzetako pertsonek Euskal Herria Batera egitasmoarekin bat egin dute eta dei egin dute Euskal Herri osoan Aberri Egun bateratua ospatzera, hildako pertsonak buruan eta bizitza horiek salbatzeko lan egiten dutenen omenez, batik bat osasun langileak eta suhiltzaileak gogoan.

Manifestua sinatu dutenek uste dute egun bizi dugun egoera aukera bat dela «euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko, dolua adierazteko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko».

Hiru ekimen

Apirilaren 12an Aberri Eguna balkoietan ospatu eta aldarrikatzeko galdegin diete herritarrei, hiru ekimenen bidez: balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzea, ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan egitea.

«Horrela aldarrikatuko dugu euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratua nahi dugula. Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango diola gure herriari behar duen etorkizuna. Eta, gaur egun, nazio eraikuntzak behar duela oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; eta baita pertsonen arteko berdintasuna nahiz elkarrenganako zaintza eta errespetua sustatuko dituena», adierazi zuen Euskal Herria Batera egitasmoak atzo komunikabideetara igorritako oharrean.

Sinatzaileen artean, gizarte zibileko pertsona ospetsuak daude, hala nola, Angel Oiarbide, Gaizka Aranguren, Estitxu Garai, Iñaki Dorronsoro, Nerea Loron La Furia eta Markel Susaeta, baina horiekin batera, erizainak, suhiltzaileak edo udaltzainak ere bai.

«Krisialdi honetan euskal komunitateak bere indarra erakutsi du, berriro ere. Oinarri horren gainean, eta etorkizuneko erronkei begira, lankidetza aldarrikatu nahi dugu erakunde, eragile eta herritarron artean, bakoitzak bere ahotsari uko egin gabe gai izan gaitezen batera jarduteko, egoerak hala eskatzen duenean. Eztabaida demokratikoaren gainean eraikitzen den lankidetzak indartuko baitu gure herri izaera, sentimendu eta nortasun desberdinekin osatua. Indar horrek eramango du gure herria erabakimena duten herri libreei dagozkien eskubide politikoen jabe izatera», agertu dute ekimenaren babesleek.

Horregatik, «salbuespen egoera» honetan Aberri Egunari zeregin berri bat emateko dei egin diote «euskal komunitateko kide» sentitzen den orori: «Erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean».