2020/04/07

Beltran eta Sololuze aurkitzeko itxaropenerako tartea ireki da

Verter Recycling zabortegiko luizian bilaketa lanetan ari diren teknikariek auto baten arrastoak aurkitu zituzten igandean. Alberto Sololuzeren ibilgailua izan daitekeela uste dute. «Itxaropenerako» tartea ireki zaie senideei, baina oraindik goiz da ezer ziurtatzeko.

GARA|ZALDIBAR
0407_zaldibar
Protesta en Zaldibar para reclamar que se esclarezca el desprendimiento. Aritz Loiola | FOKU

Bi hilabete bete dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegiak gainezka egin zuenetik. Bi hilabete daramate desagertuta lur azpian Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzek, enpresako bi beharginek.

Atzo Euskal Herriko leiho eta balkoietan «burrundara» entzun zitekeen gertaturikoa argitzea exijitzeko eta langileen bilaketa lanetan aurrera jarraitzea eskatzeko. «Osasuna eta erantzukizunak» eskatzen dituzte Zaldibar Argitu herri plataformak eta desagertutako langileen senitartekoek.

Igande arratsaldean, bilaketa lanetan ari diren teknikariek auto baten arrastoak aurkitu zituzten. Alberto Sololuzeren autoa izan daitekeelakoan daude –hala adierazi zion igandean GARAri Lakuako Segurtasun Saileko komunikazio arduradun Julian Belokik–. Lakuako Gobernuko Larrialdiei Aurre egiteko Plangintzako arduradun den Iñaki Inorizak jakinarazi zuen Sololuzek leku horretan aparkatu ohi zuela autoa.

«Albertok bere autoa bere lantokiaren ondoan aparkatzen zuen, baskularen etxolan, eta uste dut bera inguruan egongo dela. Beste gauza bat da nola funtzionatu zuen irristatzeak, gutxi-asko ezagutzen baitugu; berarekin lotura zuten materialak edo gauza batzuk urruneko puntuetan agertu dira», adierazi zuen Inorizak Radio Euskadin.

Itxaropenez baina, era berean, zuhurtziaz hartu dute albistea senitartekoek. Atzo ez zen ezer berririk aurkitu baina langileak egon daitezkeen lekura hurbiltzen ari dira; egun, jada zabortegia egonkortuta, baskulatik gertu baitabiltza lanean. Dena den, Inorizak ohartarazi zuen lur eraitsien heren bat berrikusi dela, eta, hortaz, mugitu denaren bikoitza baino gehiago berrikusi gabe dagoela.

«Dagoeneko badugu proiektu bat B1 eta B2 eremuetan lan egin ahal izateko, horiek baitziren, hasieratik, langileak egon zitezkeen eremuak», azaldu zuen. Hasieran, baina, zabortegiaren egonkortasunarekin arazo bat izan zuten, «berriro mugitzeko arriskua zegoen».

Orain, ordea, uste dute arrisku hori apaldu egin dela eta bertan ari diren langileen segurtasuna bermatuta dagoela.

Beltranen koinata

Bi hilabete hauetan berritasun oso gutxirekin aurrera egin behar izan dute desagertuta jarraitzen duten beharginen familiakoek –Beltranen autoa izan zitekeena aurkitu zuten hasieran–. Atzo Beltranen koinatak, Marta Alvarezek, RNE irrati-katean adierazi zuen egunak joan egunak etorri «inolako berririk gabe egotea oso lazgarria» dela.

Azaldu zuen «egun asko» igaro direla eta «gaindituta eta hondoratuta» dagoela familia, bi hilabete igaro baitira dagoeneko, eta egoera hori jasatea oso zaila dela.

Beltranen koinatak «jarrera aldaketa» nabaritu du Gasteizko Gobernuaren aldetik, eta onartu du orain «gauzak hobeto» egiten ari direla, «koordinatuago, antolatuago eta borondate handiagoarekin, inplikazio handiagoarekin». Jarrera aldaketa hori igandean topatutako arrastoekin batzean, gorpuak «agertzeko itxaropena berreskuratu» dutela jakinarazi zuen.

Alvarezek onartu zuen momentu batez beldur izan zirela, koronabirusak sortutako alerta egoera dela-eta, bilaketa lanak etengo zirelakoan. Hortaz, modu positiboan baloratu zuen lanean jarraitzea, «erritmoa jaitsi den arren». Agertzeko aukera gehiago daudela uste dute.

«Hori da axola zaiguna: gorpuak agertzea eta merezi duten bakea eta atsedena ematea», argitu zuen Alvarezek.

Eitzagakoen haserrea

Bitartean, Zaldibarko Eitzaga auzoko herritarrak haserre agertu dira, lanek aurrera jarraitzen duten neurrian, kamioien joan-etorriak etengabeak direlako, horrek sortzen duen kutsadurarekin.

Kexatu ziren egunero ehun kamioitik gora igarotzen direla beraien etxe aurretik, «dozena bat orduero», eta abisatu dute ez daudela prest kamioiak etengabe pasatzeak sortzen dien eragozpenak pairatzen segitzeko.

Bi astez kamioien trafikoa derrigorrezkoa izango zela adierazi zien Lakuak baina luzatzen ari delako kexu dira auzotarrak.

Era berean luzatu da etxetik atera behar izan zuten auzotarren etxerako buelta. Oraindik etxera ezin itzulita daudela adierazi zuten, informazio argirik jaso gabe.

Informazioak argitzeari dagokionez, hain zuzen ere, pasa den ostiralean aurkeztu zuen Lakuako Ingurumen Sailak, Iñaki Arriolaren gidaritzapean, Gasteizko Legebiltzarrean Zaldibarko zabortegiaren inguruan eskatu zitzaion informazioa. Martxoaren 18rako aurkeztea eskatu zitzaion, baina ia bi astez atzeratu da PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok eginiko galderei buruzko erantzun sorta.

Eskainitako informazioa oso urria da, erantzun iheskorrekin eta legebiltzarkideari gonbita egiten dio informazioa bere kabuz bila dezan webguneetako artxiboetan.

INGURUMEN SAILA


Lakuako Ingurumen Sailak pasa den ostiralean aurkeztu zuen Zaldibarko zabortegiaren inguruan otsailean eskatu zitzaion informazioa. Bi astez atzeratu da erantzuna eta, ezer gutxi zehaztu gabe, PPko legebiltzarkide Carmelo Barriori iradokitzen dio informazioa bere kabuz bila dezala webgunean.