2020/04/07

JURGI EKIZA
MUSIKARIA

Konfinamenduaren noraezean, ukelelea hartu eta egoeraren gaineko abestia konposatu zuen Ekizak eta, kulturak parte-hartzailea izan behar duela sinetsita, sare sozialen bidez kantua («Ez dakit gehio zer egun den») osatzera dei egin zuen. Esku artean du dagoeneko materiala.

«Kontaktu faltan gara; ez da egoera onena sortzeko»
Amalur ARTOLA
0407_eg_ekiza3

«Astelehena, asteartea, asteazkena… ez dakit gehio zer egun den», dio Jurgi Ekiza musikariak etxeko abaroan sortutako abestiaren errepikak. Willis Drummonden birak utzitako «jet lag»-ari itxialdia batu zitzaion etxera itzuli zenean, eta lo egin ezinak eraman zuen egoeraren gaineko kantu hau sortzera; kulturaz duen pentsamoldeak, aldiz, abestiak kolektiboa izan behar zuela ebaztera. Hortik jaio zen sare sozialetan egindako deia. Pozik da, erantzun asko eta oso anitzak jasota. Eta ez du inor kanpoan utziko. Orain, materiala bateratzea tokatzen zaio eta estreinakoz “ekoizle” lanetan aritzea.

Zerk eraman zaitu itxialdiaren gaineko abesti kolektiboa sortzeko proposamenera?

Bi izan dira zergatiak. Alde batetik, kanta bat egin nuelako. Biratik etorriak ginen justu konfinamendua hasi zenean hemen, Ipar Euskal Herrian. Konfinamendua ez zen erraza eta gainera jet lagarekin, lo egiteko zailtasun handiak nituen eta gau batean ukelelearekin hasi nintzen egiten kanta bat oso sinplea, lau akorde hartuz, eta saiatu nintzen egiten letra labur bat aipatzeko konfinamendua bera, sentsazio hori, nola galtzen dugun denboraren nozioa, eta batez ere lehendabiziko ondorioa dela ezin dugula ikusi maite dugun jendea. Telefonoarekin grabatu nuen momentuan bertan eta segidan joan nintzen lo egitera. Bi egun berantago, berriro maketatu nuen ikusteko zerbait egin nezakeen abesti horrekin, baina ohartu nintzen ez zela nire betiko estiloan eta bazuela aukera manera ezberdinetan eboluzionatzeko. Justuki, ohartzen nintzen sare sozialetan jendeak gauzak sortzen zituela, bazela orain arte ezagutzen ez genuen mugimendu kultural bat alde horretatik, baina, nola erran, penatua nintzen ikusiz bakoitzak egiten zuela berea eta beste behin ere kultura bilakatzen zela erakusteko zerbait, eta uste dut kulturak izaten ahal duela beste puntu bat: gauzak elkarrekin egitea.

Eta hortik kantu kolektiboaren proposamena.

Bai. Euskal kulturan izan dugu luzaz halako kultura parte-hartzailea; bertso mugimendua hortik dator, mutxikoak dantzak eta euskal dantzak ere badira halako dantza batzuk non herriak parte hartzen duen, ez da bakarrik ikusgarri batera joatea. Jende ezberdinen artean kanta bat sortzea ondo legokeela pentsatu nuen, eta hortik luzatu nuen ideia: nahi nuen jendeak entzutea kanta eta horren gainean kantatzea, ahotsak gehitzea, tresnak gehitzea… Ideia zen bakoitzak egitea sentitzen zuena eta gero deskubritzea zer emango zuen dena bateratuta.

Deialdi oso irekia egin zenuen gainera, musikari zein ez musikariei zuzendua.

Bai, hori da jokoa, zeren eta errepikak hartzen ditu asteko egunak eta pentsatu nuen jendeak hartzen ahal dituela, haurrek ere bai, aukera ona litzatekeela parte hartzeko.

Zer erantzun izan du ekimenak?

Asteburu honetan hasi naiz dena batzen eta proiektuan sartzen eta, egia errateko, nire arazoa da pentsatu baino askoz ere lan gehiago dela [barre egiten du], zeren eta iritsi zaizkit gauza anitz. Egia errateko, dauzkat bateria oso bat gehi beste bateria eta perkusio batzuk, zortzi edo bederatzi gitarra ezberdin, Greziako tresna bat zinez berezia, tronpeta batzuk, Kataluniatik iritsi den saxo bat, piano bat Tahititik, ahotsak asko… batzuetan dira musikari profesionalak eta besteetan ez, pianoa adibidez lagun baten haurrarena da.

Eta nola eraiki behar duzu kantua?

Helburua da guzti-guztiak sartu ahal izatea. Ez dut inor kanpoan utzi nahi, zeren eta parte hartu duen bakoitzak egon behar du kantuan. Beraz, orain jokoa da oreka atzematea, ez izateko mila gauzaz betea eta kanta sobera kargatua. Beraz, ari naiz ekoizle lanean [barreak berriz]… Ni ez naiz ekoizlea, baina horretan ari naiz orain: lehen estrofan nor ezartzen dudan norekin eta nola funtzionatzen duen ikusten, baita kalitatea kontuan hartzen ere, batzuk ezin direlako kantu osoan jarri, badaudelako arazotxoak, eta abar.

Niretzat, musikalki bederen, sorpresa musikal ederrena izan da konturatzea badugula denok musika kultura komun bat; adibidez, badagoelako Aljeriako perkusio bat sartzen dudana gitarra elektriko batekin eta oso ondo doaz, momentu berean. Azken finean, nahi gabe, bakarrik dena ezartzen tempoan, ohartzen zara gauza askok bat egiten dutela.

Horiek guztiak bateratzeak emango dizu lanik…

Hasi naiz nahasten baina ni ez naiz soinu ekoizlea, ezta estudio bateko langilea ere. Nik egiten dudana normalean nire maketekin da lan basiko bat eta estudioan profesionalekin egiten dut lan. Orain dena egin behar dut etxean, beraz aukera da gauza berriak ikasteko eta, bai, izanen dut lana zenbait egunez... Pasa ditut bi egun erabat honen gainean asteburu honetan, eta erabaki dut ordu pare bat edo hiru egitea egunean, zeren hasia naiz honekin egiten amets gauez [barreak]; beraz, distantzia bat hartu behar dut ere, eta, nola irudiz konfinamenduak luzaz iraungo duen, ez dut presarik. Ez naiz beldur konfinamenduaren bukaera baino berantago amaitzea.

Sortzaile bezala nola daramazu itxialdia? Konfinamenduak irudimena askatu edo lotu egiten du?

Egia errateko, arraroa da. Objektiboki, batzuetan pentsatzen dut gauzak ez direla askorik aldatzen, zeren eta ohartzen naiz bizi naizela askotan halako okasiotan, non egoten naizen etxean gauzak sortzen eta ateratzen naiz ordu bat egunean aire pixka bat hartzeko. Baina oso ezberdina da inposatua zaizunean. Hor batez ere oso arraroa da egunak errepikatu egiten direla, eta zailena niretzat hori da: egunero izatea gutxi gorabehera egun bera, zeren eta nik maite dudana nire bizitzan da erritmoa aldatzea. Horrek sorkuntzaren gainean badu bere efektua, zeren eta bai ematen du denbora horretan sartzeko eta, beraz, sartzea lortzen badut bai izaten ahal dela emankorra. Baina, beste alde batetik, denbora nozioaren desagerpen osoak ez du laguntzen, ze sorkuntza askotan da manera bat aprobetxatzeko duzun denbora librea beste aktibitate batzuen artean eta orain, nola denbora librea dugun beti, ez da sortzen sentimendu hori. Uste dut sorkuntza dela beste elementu batzuen digestioa, eta orain ez gara kontaktuan beste elementu horiekin; beraz, digestio gutxi egiten dugu. Alegia, bada aukera lana egiteko, baina ez da egoera onena sortzeko, gauzak barrenetik ateratzeko.

ELKARREKIN EGIN


«Penatua nintzen ikusiz bakoitzak egiten zuela berea eta beste behin ere kultura bilakatzen zela erakusteko zerbait; eta uste dut kulturak izaten ahal duela beste puntu bat: gauzak elkarrekin egitea»

ERRITMO ALDAKETA


«Arraroa da egunak errepikatu egiten direla, eta zailena niretzat hori da, zeren eta nik maite dudana nire bizitzan da erritmoa aldatzea»