J.O.
PILOTA

Aimar Olaizola: «Binakakoa amaitu beharko litzateke»

Eskuek ez dute bereziki kezkatzen aurrelaria, «lesio luzeak izan ditudanetan ere azkar berreskuratu ditut».

Hilabete da Aimar Olaizolak bere azken partida jokatu zuenetik, Binakakoaren finalerdietako lehen partidan 22-10 irabazi zieten Goizuetakoak eta Aitor Arangurenek Laso-Albisuri. Ordutik mundu bat pasa dela ematen du, baina pixkanaka bada ere, ari omen da egoera berrira ohitzen. Hori bai, «gauza garrantzitsuagoak» badirela onartu arren, osasuna, laster jaioko zaizkien bikiak… buruak maiz frontoira egiten dio ihes eta bere buruan Binakako txapelketak badu oraindik lekurik.

Partida eta konpromisoz betetako egutegi batean, larrialdi egoera luzatzen doan eran, gero eta zailagoa dirudi, ezinezkoa ia, urteko txapelketa eta torneo denak jokatu ahal izatea, baina Baikoko pilotariak argi du, beste ezertan hasi aurretik, jokoan zen Binakakoa amaitu beharko luketela. «Nik uste Binakakoa amaitu egingo dela, edo hala beharko luke behintzat. Ez dakiguna da noiz izango den. Epeak luzatzen ari dira, nik uste geldirik jendeak uste duena baino denbora gehiago emango dugula, baina noizbait itzuliko gara normaltasunera. Agian udak harrapatuko gaitu, ez dakit, baina jokatzen den lehen txapelketak Binakakoa behar luke. Lehiaketa oso garrantzitsua da, hiru jardunaldi baino ez dira falta, lehen jardunaldietan bagina agian beste zerbait esango nuke, baina nik uste Binakakoa amaitu beharko genukeela», adierazi zuen Radio Euskadin.

Dagoeneko Buruz Burukoaren lehen jardunaldian behar genuke, udako jaialdiak ere ate joka dira eta kaiolarako tartea ere estutzen doa eta enpresek erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituzte, baina «uda amaituta bada ere», Binakakoarekin hastea normalena ikusten du.

«Unerik desegokienean»

Halako ezbeharrak sekula ez datoz ongi, baina Olaizola II.aren kasuan esan daiteke, unerik txarrenean heldu dela geldialdia. «Gure kasuan, bikote bezala eta pertsonalki ere, jokoz unerik onenean ginela heldu da. Denbora zen ez nuela azken partidetako jokorik izaten, oso gustura ari nintzen kantxan sentitzen, konfiantza handiarekin eta aspaldi zen pilota ez zitzaidala eskutik hala irteten. Mikelek ere nabarmen egin zuen gora, baina hala tokatu da», azaldu zuen.

Oraingo erronka sasoi puntu horri ahalik eta hobekien eustea izango da, horretarako zailtasunak izugarriak diren arren. Fisikoki nola edo hala mantentzea posible den arren, frontoira joan ezinda, eskuei eustea da zailena. Etxean toki asko izanda, eskuak egiteko ez omen du zailtasun berezirik, baina frontoian aritzea bai botatzen duela faltan, «nire kasuan, eskuek ez naute horrenbeste kezkatzen, lesio luzeak izan ditudanean ere ez dut arazo berezirik izan berriz ere maila hartzeko». Etxeko bizikletan aritzeaz ere aspertzen hasia omen dago, baina diziplinarik ez du galtzen.

Etxeko bi txikiekin ere aspertzeko astirik ez du eta «Beasainera entrenatzera joanda baino nekatuago» amaitzen omen du.