GARAA
IRUÑEA

BidEHbat egitasmoa Internetez gauzatuko da gaurtik igandera

Ernaik eta Aintzinak BidEHbat udaberriko egitasmoa Internet bidez gauzatuko dute. Gaurtik larunbatera bitartean, arratsaldero zenbait ekitaldi ikusi ahal izango dira sarean; hala nola hitzaldiak, mahai inguruak eta kontzertuak, eta apirilaren 12ko Aberri Eguna etxetik ospatzera deitu dute. «Aurrez iragarritako egunak bereziak izatea nahi genuen eta, modu batean ala bestean, ekimena presente egon eta, itxialdian bada ere, zerbait eskaintzea».

BidEHbat egitasmoa apirilaren 10, 11 eta 12an Uxuen, Erriberrin eta Tafallan egitekoa zen, baina bertan behera utzi zuten hasiera batean eta, orain iragarri dutenez, sare sozialen bidez gauzatuko dute. Ernai eta Aintzina antolakundeek iragarri dutenez, 18.00etan hitzaldiak izango dira eta 19.30etik aurrera, kultur eskaintza. Ekitaldiak gaurtik hilaren 11ra bitartean gauzatuko dira. Igandean, berriz, Euskal Herria Batera dinamikak deitutako Aberri Egunean parte hartzera dei egin diete Euskal Herri osoko gazteei.

«Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, apirilaren 10, 11 eta 12rako prestatuta geneukan BidEHbat ekimena bertan behera utzi behar izan genuen. Urtero legez, aurten ere Ernai eta Aitzina gazte antolakundeok elkarlanean prestatzen ari ginen udaberriko ekimena. Nafarroa erdialdean ospatzea zen gure asmoa; Uxue, Erriberri eta Tafalla herriak bisitatzekoak ginen ohiko egitarau kultural eta politikoa eskainiz; baina ezin izango da hala izan», adierazi dute ohar batean.

«Hala ere, aurrez iragarritako egunak bereziak izatea nahi genuen, eta modu batean ala bestean ekimena presente egon eta, itxialdian bada ere, zerbait eskaintzea. Ekimenak aurrez jarritako helburu guztiak bete ezingo baditu ere (Nafarroa erdialdea ezagunagoa egitea, komunitatearekin lanketa…) egitarauaren zati bat sarera eraman dugu. Eta aurrerago aztertuko ditugu beste helburuak betetzeko egon daitezkeen aukerak», gaineratu dute, ondorengo egunetan aurrera eramango dituzten jarduerak azaldu aurretik.

Egitarauari dagokionez, gaur, 18.00etan, “Burujabetza denontzat. Ekonomia egunerokotik eraldatzeko bide bat” hitzaldia emango dute, Beñat Irasuegi Olatukoop kidea hizlari dela. 19.30ean bertso saioa izango da. Apirilaren 9an, Miren Arangunen “Gure genealogiatik ikasiz, iraultza feminista antolatu” izenburupean jardungo da. Biharamunean, apirilaren 10ean, “Ingurumen krisiaren azterketa etxeko txokotik” izango du hizpide Mikel Oterok.

Jarraian, 19.30ean, Aitor Regueiro musikariak kontzertua emango du kolaborazio berezi batzuekin.

Jardueren azken eguna apirilaren 11 izango da. Ernaik eta Iratzar Fundazioak antolatutako “Covid-19: herri konfinatura begira” mahai ingurua ikusteko aukera izango da 18.00etan. 19.30ean ekitaldi nagusia gauzatuko dute eta, jarraian, Sigerubanek eta Pula Gzonek kontzertua emango dute, beste kolaborazio berezi batzuekin. Igandean, apirilaren 12an, berriz, Euskal Herria Batera dinamikak deitutako Aberri Egunean parte hartzera deitu dituzte gazteak.

Ernaik eta Aintzina antolakundeek zehaztu dutenez, Labur.eus/bidehbat web orrialdearen bidez emango dute ekitaldi guztion berri.