Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa
OIHANA ZAMPONI
EUSKO DIASPORA ELKARTEKO ANIMATZAILEA

«Euskal Etxeak itxita ere, sarearen bidez lotzen da diaspora»

2016. urteaz geroztik Eusko Ikaskuntza Iparralde elkartean komunikazio arduradun jardun du Oihana Zamponik. Eusko Diaspora egitasmoa garatzen du bertatik. Hain zuzen ere, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiak euskal diasporarengan duen eragina neurtzeko, galdetegi baten bidez, ekimen berria eman du plantan, «zubiak sendotze aldera».

Konfinamenduaren ondorioz telelana egiten ari bada ere, euskal diasporarekin harremanak olioztatzeko baliatu nahi du garai berezi hau Baiona eta Lehuntze artean hazi den Oihana Zamponik.

Eusko Diaspora elkartea noiz eta zer helbururekin sortu zen?

Eusko Diaspora Eusko Ikaskuntza elkartearen baitan garatu den proiektua da. Eusko Ikaskuntza aspaldidanik hasi zen euskal diasporarekiko harremanak bultzatzen. Hartara, 2000ko hamarkadan Eusko Sare sortu zuen, eta horren ondotik Eusko Diaspora. Azkeneko egitasmoa 2013an jarri zen martxan munduan zehar bizi diren euskal herritarren artean zubiak sortzeko helburuz.

Besteak beste, diasporako gazteak Euskal Herrirat erakartzeko programak garatu dituzue.

Diasporatik jiten diren gazteak erakarri nahi ditugu, hemen ikasteko eta bizitzeko gisan. Horrekin batera, Eusko Diaspora erakunde eta enpresekiko kidetzak garatzeaz arduratzen da, besteak beste, enpresa egitasmoen berri emanez, hala nola lan eta ikastaroei buruz iragarkiak hedatuz. Eusko Diasporak, finean, Euskal Herriko eta diasporako iniziatiba kulturalei buruzko informazioak hedatzen ditu, euskaldunen arteko harremanak elikatzeko xedez.

Mundu zabalean dauden euskal herritarren arteko hariak bizkortzeko balio dezake maluruski gainean erori zaigun osasun larrialdi egoerak?

Ene iduriko, hemen bizi diren herritarren eta diasporako kideen arteko harremanak berriz bultzatzen ari dira. Batez ere konfinamendu neurriak indarrean dauden herrietan, sare sozialei esker euskal jendeak kontaktuak areagotu ditu.

Zer sare erabili duzue zuen galdetegi hori ahalik eta gehien zabaltzeko?

Urteen poderioz Eusko Diaspora proiektuari esker sare bat eraiki dugu eta mundu osoan zehar bizi diren herritarren kontaktuak dauzkagu. Aukera ona iruditu zitzaidan haiekin harremanetan sartzea haien berri izateko eta lekukotasun horiek biltzeko, ondoren sarean zabaltzeko gisan.

Dagoeneko oihartzunak izan dituzue agian diasporako kideek martxan eman dituzten hainbat ekimenen gainean?

Hurbiletatik hasita, Frantzian elkarte gehienek, Euskal Etxeek barne, ateak ixteko agindua jaso dute. Hala eta guztiz ere, sare sozialei esker harremana gorde da. Esaterako, Bordeleko Euskal Etxeak Euskal Herriarekin lotura duten film, liburu eta musika zerrenda bat eskaini du. Hego Amerikako zenbait Euskal Etxeren murruetatik euskaldunen arteko elkartasun famatua atxikitzeko deia egin dute Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzen bidez. Euskal Etxeek informazioak zabaltzen dituzte, artikuluak partekatuz. Laburbilduz, fisikoki itxi badituzte ere, Euskal Etxeak aktibitate eta zerbitzu asko ari dira eskaintzen beren kideei Facebook, Zoom bideokonferentzia sistema eta beste hainbat sare soziali esker. Bai sukaldaritza klaseak, bai euskara ikastaroak edo etxean euskal kulturaz gozatzeko aholkuak emanez, lan handia ari dira egiten han-hemenka. Espero dut galdetegiaren bidez lortuko dugula gero eta lekukotasun gehiago biltzea eta horri esker xehetasun gehiago ematea euskal diasporak osasun krisi lazgarri hau nola bizi duen ezagutarazteko.