Amaia U. LASAGABASTER
Athletic

Ane Azkonak zuri-gorriz margotu du etorkizuna

Aurrelari nafarrak 2023 arte berritu du bere kontratua. Hamar jokalariren kontratua amaituko da ekainean.

Futbola talde-kirola izanik, Athleticen orainak izen anitz dauzka. Aurten, baina, protagonismoa gazteen eskuetan egon da neurri handi batean eta, horien artean, seguruenik Ane Azkona da urrats handiena egin duena. Oraina bakarrik ez, aurrelari nafarrak etorkizuna ere zuri-gorriz margotu du, bere kontratua 2023ra arte luzatuz.

Duela 21 urte Iruñean jaioa, Azkona 2016an heldu zen Lezamara. Athleticekin sinatu eta berehala egin zuen debuta lehen taldearekin, Levanteren aurka 20 minutuz jokatuz, eta, bere parte hartzea gero eta handiagoa izan bada ere –guztira 17 norgehiagoka Liga eta Kopan aurreko hiru denboraldietan–, bigarren taldeko jokalaria izan da ofizialki orain arte. Urtarrilean Athleticek lehen taldeko fitxa egin zien Azkona eta Oihane Hernandezi, Angel Villacampak beraiengan jarritako konfiantzari jarraituz. Izan ere, aurrelariak partida bakarra galdu du denboraldian, hasierako hamaikakoan egon da 15 aldiz, asistentzia gehien (bost) eman dituen zuri-gorria da, baita taldeko bigarren golegilea (beste bost) ere.

GARAri abenduan emandako elkarrizketan, lehen taldean lekua eduki arte egindako bidea luzea egin zaiola onartu zuen, baina «jokalari hobea izateko, eta seguruenik pertsona hobea izateko ere aprobetxa dezakezun irakaspena» izan dela adierazi zuen. «Lau urte hauetan bide bakarra lana dela ikasi dut, lan egin barik ez dagoela saririk eta eguneroko lan horrek ematen dizkizula konfiantza, aukerak eta fruituak».

Taldearen egoera

Athleticek beste berritze garrantzitsu zenbait gauzatu ditu aurreko hilabeteotan. Lucia Garciak, Morazak, Yulemak, Eunatek eta Garazi Muruak 2022ra arte luzatu zituzten beren kontratuak, eta De la Nava, Andrea Sierra, Cirauqui, Nekane eta Erikaren kontratuak 2021era artekoak dira.

Ekainaren 30ean amaituko dira, ordea, Ainhoa, Andere, Ainhoa Alvarez, Gimbert, Jone Ibañez, Marta Perea eta Leiarenak. Baita, azken orduko albisterik ez bada, alde egingo duten Damaris eta Maite Orozenak ere. Marta Unzue, ere Bartzelonara itzuli beharko litzateke.