Amalur ARTOLA

Editoreek 50 milioi euroko galera aurreikusi eta laguntza eskatu dute

Behar gorrian da liburugintza. Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Liburu Ganbarak osatu duten txosten baten arabera, sektorea 2008ko krisialditik guztiz berrosatu gabe sartu da Covid-19aren ondorioz sortutako ataka berrian eta horrek sektorea kinka larrian jarri du. Editoreek «ondorio katastrofikoei» aurre egiteko instituzioen laguntza ezinbestekoa izango zaiela ziurtatu dute eta, hedabideetara zein Lakuako Kultura Sailera helarazi duten txostenaren bidez, egoeraren larria zenbakitan jarri dute.

Datuak mahaigaineratzen hasi aurretik, editoreek euren sektoretik euskal kulturaren zein euskararen alde egiten den lana nabarmendu nahi izan dute, «bi hizkuntza ofizial dituen herri baten bilakaeran, horietako bat erabateko desabantailan, minoritarioa izanik eta, horregatik, jarraikortasun eta garapen egoera larrian dagoelarik».

Alderdi ekonomikoari begira, gogora ekarri dute 2008ko krisian atzerakada handia jasan zuela sektoreak (fakturazioa %35 inguru jaitsi zen) eta, hala ere, laguntza politikak «areagotu beharrean atzera» egin dutela: «Ezin ulertuzkoa da nola 2009an, krisia hasi eta hurrengo urtean, laguntzak 4.400.000 euro ingurukoak ziren eta egun, berriz, 1.600.000 euro ingurukoak, hau da, %63,36 gutxiago».

Covid-19aren eraginez, laguntza horien beherakadari krisialdi berria gehitu zaio orain eta, egoeraren larritasunaren aurrean, instituzioen eta bereziki Lakuako Kultura Sailaren «lankidetza» eskatu dute, «egoera honen ondorio negatiboak arintzeko laguntzak presa handikoak direlako; ezin dira atzeratu, denboran luzatzeak ondorio katastrofikoak izango bailituzke sektorean». Zehazki, lehen kalkuluen arabera, alarma egoeraren ondorioz salmenten gaineko murrizketa %25ekoa izango dela aurreikusten dute. «Gure autonomia erkidegoan [EAE] 32 milioi euro inguruz ari gara, eta konfinamenduaren luzapenarekin 50 milioi baino gehiagora ere irits daiteke kopuru hori».

Datorren egoera «askoz okerragoa» izango dela aurreikusita, gogoratu dute «herri honen kultura etorkizuna» dagoela jokoan, «euskarari dagokionez batez ere». «Jarraituko dugu agian Basque Country izaten, baina euskara hutseko murgilketa ezin pobreagoa izango da».

%20ko beherakada herrestan

Txostenean ematen diren datuei erreparatuta, sektorearen gainbehera argia da. 2008tik hona euskal argitaletxeen langile kopurua %20 jaitsi da (570etik 459ra) eta zeharkako lanbideetan (itzultzaileak, diseinatzaileak, maketagileak…) beherakada neurri berekoa izan da. Salmentak ere antzerako ehunekoan jaitsi dira: 2008an 89.510.000 eurokoak izan ziren (datu hau 2018ko prezioetara egokituta ematen dute) eta 2018an 65.445.000 eurokoak. Beherakada, beraz, %26,89koa da. Espresuki euskarazko salmentei dagokienez, beherakada %14,16koa da (2008ko 43 milioi eurotik 2018ko 37 milioi eurora). «Honek aurreko krisian izandako galera berresten du, eta galera horretatik ez gara suspertu», ziurtatu dute.

Eta hala iritsi da krisialdi berria. Galerak zenbaterainokoak izango diren aurreikustea korapilatsua izango dela onartzen dute editoreek, baina lehen hurbilketa bat egitea zilegi dela uste dute. Hala, 2020rako egiten zituzten aurreikuspenak eta ustez jasango dituzten galerak aintzat hartuta egin dute balorazioa. Editoreek aurreikusitako salmentak 67 milioi eurokoak ziren, eta galerak 13 milioi eta erdikoak izango direla uste dute; hau da, irabazien %20 ematen dute galdutzat. Argitaletxeen gastu orokorrak 9,7 milioi eurokoak izango zirela aurreikusten zuten, eta alor honetan galerak 1,6 milioi eurokoak izango direla uste dute.

Liburu denden kasuan, galerak 12 milioi eurokoak direla uste dute (kopuru horretatik 3,2 milioi dagozkio euskarazko produkzioari) eta banaketaren kasuan, 6 milioi eurokoak (1,5 milioi euskarazkoen kasuan).

Konpentsazio neurriak

Kalteak apaltzeko, neurri sorta zehatza jarri dute mahai gainean editoreek eta horiei heltzeko deia luzatu diote Lakuari. Batetik, neurri murriztaileek dirauten artean liburuaren balio kateko enpresek eta autonomoek (argitaletxeek, liburu dendek, banatzaileek...) Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazioa etetea eta enplegu erregulazioko espedienteei heltzeko erraztasunak ematea eskatzen dute.

Bigarrenik, etorkizunari aurre egiteko, liburuaren sektorerako 2,5 milioi eurorainoko kreditu lerroa irekitzea, Lakuaren abalekin eta interesik gabe. Neurri hau liburu dendek, banaketa enpresek eta argitaletxeek baliatu ahalko lukete. Eta, azkenik, laguntza publikoak justifikatzeko luzamendua, diruz lagundutako ekintzak garatzeko aldia luzatzea eta 2020an edo lehenago emandako dirulaguntzak ez baliogabetzea eskatzen dute.

Neurri horiek, editoreen hitzetan, sektorea pairatzen ari den eta oraindik larriagotu daitekeen egoeraren kalteak apaltzeko baliagarriak izan daitezke.

Oharrari azken dei batekin ematen diote amaiera: «Guztiak gaude kezkatuta kulturaren etorkizuna dela-eta, eta nola ez gara gu kezkatuko hizkuntza gutxitu batean argitaratzen ari garelarik. Itzulerarik gabeko bide batean sar gaitezke».

Dirulaguntzen igoera eta liburu-bonuak, sektorea pizteko neurrien artean

Jarduera ekonomikoa berrartzearekin batera, sektoreak neurri pizgarriak beharko dituela uste dute editoreek. Lakuako Kultura Sailari helarazi dioten proposamenean, literatura argitalpenetarako laguntzetan %25eko igoera egon dadila eskatzen dute –euskarazkoetan eta gaztelaniazkoetan–, eta euskarazko hezkuntza liburuak sortzeko EIMA laguntzen funtsak ere kopuru berean, %25, handitzea eskatzen dute.

Liburu-bonu baten sorrera ere proposatzen dute editoreek, milioi 1 euroko funtsa lukeena, eta udazkenari eta Eguberriei begira hari lotutako kanpaina berriak sortzea, «irakurlea berriz ere liburu dendetan sar dadin».

Liburutegi sareari begirako neurriak ere jarri dituzte mahai gainean. Liburutegi publikoetarako zein E-liburutegirako liburuen erosketa areagotzea eskatzen dute eta paperezko liburuen erosketak liburutegi bakoitzaren inguruko liburu dendetan egitea. E-liburutegiaren kasuan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako argitaletxeek 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera digitalki argitaratutako liburu bakoitzeko hogei lizentzia eros ditzala eskatzen dute, baita 2019ko ekoizpenaren gainean egin ez zirenak ere.

Hezkuntza Sailari ere zuzentzen zaizkie editoreak. Eskola liburutegietarako erosketa plan bat bultzatzea planteatzen dute, eta horretarako egin beharreko erosketak ikastetxeen inguruko liburu dendetan egin daitezela.

Azkenik, familiei testuliburuak erosteagatik ordaindu beharreko zergak arintzea eskatzen dute, eta baita irakurketaren publizitate kanpaina bat egitea ere.A. A.