Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA

Irakaskuntza masterra emanen du UEUk, euskaraz eta «online»

Irail bukaeran hasiko da UEU Irakaskuntza masterra Internet bidez eta euskaraz ematen. Izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 25era arte. Euskal unibertsitate baterako bidea erraztea da UEUren xedea, eta hor kokatzen du masterra. «Erraza da ‘online’ ari zarenean bakarrik sentitzea eta gure nahia da ikasleak sentitzea badagoela atzean talde bat gidatzeko eta laguntzeko eta beste ikasleekin batera ari dela ikasten», azaldu du Aitzol Astigarraga arduradunak.

UEUk Irakaskuntza masterra emanen du, EHUrekin batera, euskaraz eta online, heldu den irailetik aitzinera. Hiru espezialitate eskainiko ditu: Giza eta Gizarte Zientziak, Natur Zientziak eta Matematika eta Hizkuntza eta Literatura. «Hiru horiek aukeratu genituen eskaera handiena dutenak direlako», azaldu du Aitzol Astigarraga masterraren arduradunak.

Masterrak bi zati ditu: alde batetik akademikoa, irailetik martxora bitarte. Hor irakasgaiak landuko dira. Lehenbiziko lauhilekoan irakasle lanbidearen oinarria jartzen dutenak, eta ondoren espezializazioa. Hori guztia online emanen da, UEUren ikasgela birtualaren bidez.

Plataforma hori bereziki pentsatua dago urruneko irakaskuntzarako eta ikasle bakoitzak bere erritmora klaseko edukiak jaso eta klasean parte hartzeko modua du. Horretarako batez ere Moodle plataforma egokitu bat erabiltzen dute.

Praktika, beti aurrez aurre

Masterraren bigarren zatia praktikarekin lotua dago eta hori, bai, aurrez aurre egin behar da. «Gure ikasleak animatu nahi ditugu online ikasleak izan diren neurrian online irakasle ere aritzera. Baina kasu horretan ere praktikak presentzialak dira. Ikastetxera joan behar dute, bertako errealitatea ezagutu, irakasleekin hitz egin…».

120 plaza eskainiko dituzte, espezialitate bakoitzeko 40. «Hori inportantea da. Pentsa liteke online izanik 20 ikasle edo 120 antzera samar gerta daitekeela, baina justu kontrakoa da. Online irakaskuntzaren funtsetako bat ikaslearekin harreman zuzena mantentzeko bideak jartzea da. Hori telematikoki egiteak ahalegin handia suposatzen du eta hori behar bezala eraman ahal izateko ikusten genuen 40 ikasle baino gehiago espezialitate bakoitzean ezingo genituela ondo kudeatu», argitu du Astigarragak.

Badakite EHUren aurrez aurreko masterrean espezialitate batzuetan jendea kanpoan gelditzen dela eta ikasle pila batek kanpoko erdarazko unibertsitateetara jotzen dutela. Datu horiekin pentsatzen dute eskaera egonen dela.

Mondragon Unibertsitateak ere ematen du masterra, bi modalitatetan, online eta aurrez aurre lan egiteko aukerarekin. UEUren eskaintza MUrena osatzera, zabaltzera, dator.

«Online» unibertsitatea

Irakaskuntza masterra online unibertsitatea lortzeko pauso garrantzitsua da UEUrentzat. «UEUren izatea hori da, euskal unibertsitate baterako bidea erraztea. Masterra hor kokatzen dugu. Ikusten dugu apustua online irakaskuntzan dagoela, oraindik euskaraz asko dagoela egiteko eta nahi genuke erakutsi badagoela eskaera, denek ez dutela posible aurrez aurreko goi mailako irakaskuntza jarraitzea, lanean ari direlako edo bestelako kontziliazio arazoak dauzkatelako, eta horiei begira online irakaskuntza indartu behar dela», adierazi du arduradunak.

Itxialdi honetan praktikan jartzen ari gara online irakaskuntza. «Esaten da mundua pila bat aldatu dela eta teknologiari ematen zaio horren ardura. Baina gure bizimodua zerbaitek aldatu baldin badu, birusa izan da. Egun batetik bestera etxean utzi gaitu eta irakasle gehienek beren burua topatu dute pentsatzen nola demontre emango duten online lehen aurrez aurre ematen zutena», hausnartu du.

«Inguruan ezagutzen ditudan irakasleei entzunda sekula baino lan handiagoa egiten ari dira. Asko inprobisatzen. Guk esan nahi duguna da online klaseak ematea ondo dagoela, baina aldez aurreko planifikazio batekin eta baliabideak jarrita. Bestela oso zaila eta neketsua da».

Badira urte batzuk UEUk online lan egiteko eredu pedagogiko bat garatu zuela eta aurten, Irakaskuntza masterra dela-eta, eredu hori berrikusten eta eguneratzen ari dira.

Bertzeekin batera ikasi

Eskaintzen duten ikasteko ingurune birtuala dinamikoa da: bertze ikasleekin kontaktatzeko modua ematen du, eta irakasgai guztien materia modu dinamiko batean, egunez egun aldatzen doana, zereginekin, abisuekin… Horren atzean irakasleak eta tutoreak daude, ikaslearen jarraipena egiten dutenak, erraza baita desanimatzea edo bakarrik sentitzea.

«Kurtsoa hasten duzu, baina lanean zabiltzalako edo beste motibo bategatik beharbada bi astez kale egiten duzu eta gero kosta egiten zaizu jarraitzea. Guk badauzkagu tutoreak atzera geldituz gero berriro engantxatzeko, zailtasun teknikoekin laguntzeko... Ikasleak sentitu behar du jendearekin batera ikasten ari dela», azaldu du.

Horregatik, batez ere bertze ikasleekin batera lan egitea bultzatzen da, eztabaidetan parte hartzea, zalantzak argitzea… Astigarragaren esanetan, hori funtsezkoa da, irakasle jarduna zerbait baldin bada hori delako, etengabe bertzeekin aritzea, eta master honek horretarako prestatu behar ditu ikasleak.