Amaia U. LASAGABASTER
Athletic

Sinbolo zuri-gorri baten agurra

Ainhoa Tirapuk futbola uztea erabaki du. Lagunak-en hasi ondoren, Athleticenatea defendatu du futbolari nafarrak azken hamabost denboraldietan.

Ainhoa Tirapuk futbola utziko du denboraldi bukaeran, ibilbide luze eta oparo bati amaiera emanez. Iaz kontratua berritzeko erabakia hartzea nola kostatu zitzaion kontuan hartuta, eta irailean 36 urte beteko dituela eta zein denboraldi gogorra bizi izan duen ikusita, albisteak ez du inor harritu. Bai, aldiz, tristatu, Athleticek eta euskal futbolak jokalari apartaz gain sinbolo bat ere galduko baitute.

Sare sozialetan argi geratu zen agurraren iragarpenaren oihartzuna eta, batez ere, barañaindarrak sortzen duen mirespena. Taldekideak, aurkariak, entrenatzaileak, jokalari ohiak, jarraitzaileak, kirolariak, federazioak, kazetariak, erakundeak... Ugari izan ziren Tirapuri mezua bidali nahi izan ziotenak eta horietako askotan, hitz berbera irakur zitekeen: erreferentea, zelaian zein zelaitik kanpo.

Bere herriko Lagunak taldean eman zituen lehen urratsak. Talde horiarekin Lehen Mailara igo zen, 2005ean Lezamara joan aurretik. Bertan eman ditu azken hamabost denboraldiak. 358 partida, bi Liga, bi Kopako final, kapitainaren besokoa... Adjektiborik behar ez duten zenbakiak. Eskerrak, hala ere, berak eman nahi izan zizkien klub zuri-gorria osatzen dutenei. «Eskerrak ematera nator –esan zuen–. Athleticen pertsona bezala hazi naiz zuen eskutik helduta. Zuen indarrak indartsuagoa egin nau. Zuen animoek hegan egitera eraman naute. Bakarrik eskerrak eman ditzaket. Kamiseta hau jantzi dudan bakoitzean, ehuneko ehuna eman dut eta asko gozatu dut».

Nazioarteko mailan ere esperientzia politak bizi izan ditu Tirapuk. Esaterako, selekzioarekin jokatutako dozena erdi partidak. Gainera, 2013ko Europako Txapelketan eta Espainiako selekzioak lehen aldiz jokatutako Munduko Txapelketan (Kanada, 2015) ere parte hartu zuen. Aitortu duenez, horixe izan da bere bizitzako esperientziarik gogorrena eta, aldi berean, aberasgarriena, Munduko Txapelketarako sailkapen fasean lehiatzen ari zen bitartean, Athleticekin entrenatu eta lehiatu, kirol denda batean lan egin eta masterra (Kimikan lizentziaduna da) gainditu baitzuen.

Kanadatik bueltan, Ignacio Quereda Espainiako hautatzailearen metodoen eta Federazioak eskainitako baldintza penagarrien kontrako mugimenduaren aurpegietako bat izan zen. Bataila hark hobekuntzak ekarri zituen, baina hainbat jokalariren nazioarteko karrerei amaiera eman ere bai. Tirapurena, adibidez. Aurretik 46 aldiz deitu bazuten, ez da harrezkero Espainiako selekziora itzuli. Ezta 15/16 denboraldian ere, Ligan gol gutxien jaso zuen atezaina izan zenean.

Horrek ez zuen nafarra isilarazi. Hainbat aldarrikapeni eskaini die ahotsa –euskararen aldeko ekimenak, selekzioen ofizialtasunaren aldekoak...–, zelaietan irabazi duen errespetua beste arloetara hedatuz. Juan Matak bultzatutako Common Goal kanpainara gehitu zen lehenengoetakoa izan zen. Baina batez ere, emakume futbolarien borrokan izandako protagonismoagatik nabarmendu da Tirapu bere ibilbidean. AFEko Emakumezkoen Futboleko Komitearen presidenteorde zenez, parte-hartze zuzena izan du otsailean hitzarmena sinatuz amaitu ziren negoziazio luzeetan.

Lan horrek denbora eta indar asko kendu dizkio kirol mailan ere zaila izan den azken denboraldi honetan. Andrea de la Nava heldu berriak entrenatzailearen konfiantza eskuratu zuen Liga hasieran eta bosgarren jardunaldira arte Tirapu ezin izan zen atean jarri. Azaroan atzamarra apurtu zuen entrenamendu batean eta bi hilabete eman behar izan zituen zelaitik kanpo. Egoerari buelta emateko gai izan zen eta urtarrilean zelaira itzuli zen, postua bereganatuz, baina koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, lau partida besterik ezin izan zituen jokatu.

Atezainak futbola «zelaian uztea gustatuko» litzaiokeela onartu du, «baina bizi dugun egoerak ez dakit posible egingo duen. Ezin da jakin Liga bueltatuko den ala ez eta horregatik horrela egitea erabaki dut». «Uste dut zure guztia ematen duzunean eta husten zarenean, harrobiari lekua uzteko unea dela eta horregatik agur esatea erabaki dut», gaineratu zuen.