Nagore BELASTEGI
CRISIS DEL CORONAVIRUS

MASKARAK POLITAK BADIRA, HOBE!

Badirudi datozen hilabeteetan birusaren aurrean babesteko maskara ugari ikusiko ditugula kalean. Momentuz derrigorrezkoak ez diren arren, gomendagarria da erabiltzea kutsatzea ahalik eta gehien ekiditeko. Joera bat izango dela aurreikusiz eta erabilera bakarreko produktuak baztertuz, asko dira oihalezkoak egiten hasi diren artisauak.

Koronabirusa dela eta, maskaren erabilera munduan zehar zabaldu da, guk besteak edo besteek gu geu ez kutsatzeko. Momentuz, gurean behintzat, ez da derrigorrezkoa halako babes berezirik erabiltzea, baina bai komenigarria. Osasun zentroetan edo saltokietan ohikoa bazaigu ere, kalean maskara daramaten pertsonak ikustea ez da normalena, erosoegiak ez direlako agian.

Joera hori ikusirik artisau ugari maskarak egiten hasi dira: berrerabilgarriak eta politak. Agian horrelako bat eskuratuz maskara egunerokotasunean erabiltzera animatuko gara. Eskuz egindako hauek ez dira homologatuak, hau da, euren kabuz ez gaituzte birusaren aurrean babestuko, baina iragazki berezia jarriz gero berrerabilgarriak ez direnen parean kokatzen dira.

Euskal Herrian asko dira maskarak josten hasi diren pertsonak. Sare sozialetatik bira azkar bat egitearekin nahikoa da mordoxka batekin topo egiteko. Amaia Albes, adibidez, ezaguna da Arrasaten ezkongai soineko ederrak sortzeagatik. Alarma egoera hasi zenean bere josteko trebezia gizartearen esku jarri nahi izan zuen eta maskarak sortzen hasi zen, bere borondatez. Informazioa bildu eta adineko pertsonekin lan egiten dutenentzako eta arrisku taldeetako pertsonentzako pieza batzuk egin zituen, une horretan gabezia zegoelako.

Berak onartzen du eskuz egiten zituen horiek ez zutela %100ean babesten, eta gainera erabiltzen zuen materiala agortu egin zitzaion. Hasieran, gainera, eskuz egindako maskaren inguruan informazio kontrajarria iristen hasi zitzaion eta, beraz, egiteari utzi zion. Maskarez hornitzen hasi ziren berriro farmaziak eta jada ez zegoen halako beharrik.

Zegoen gabezia asetzeko hasi ziren lanean Kantaurikoak ere, Zarautzen dagoen estudioan. Hondakinak murrizteko modu gisara ere bai. Izan ere, beraiek lihozko poltsak eta zakutxoak sortzen dituzte normalean, baita bestelako osagarriak ere.

Beraiek bi kapa dituzten maskarak egiten dituzte, eta barruan beste geruza berezi bat josten diote, iragazteko ahalmen handia duen material batez egindakoa. Bestalde, norberak beste filtro edo iragazki bat gehitu nahi badio badago aukera zulo baten bitartez. Pieza hauek www.kantaurishop.com webgunean eskuratu daitezke, non dituzten oihal guztiak erakusten diren bakoitzak gustukoen duena aukeratu dezan.

Lasarten Kool estudioa (@kool_studio Instagramen) zabaldu berri dute, bertako artisauen lanak saltzeko. Honen filosofia ere zero zabor da, eta jasangarritasuna du helburu. Itxialdia hasi zenean estudioan duten josteko makina etxera eraman zuen Karmele arduradunak bertatik lan egin ahal izateko, eta Hernaniko Udalaren bitartez Gureak-ekoek emandako izarak eta mertzeriek emandako gomak erabiliz, maskarak egiten hasi zen herriko jendeari edo egoitzetara bidaltzeko, farmazietara homologatutakoak iritsi bitartean.

Ahoz aho proiektua zabaldu egin zen eta umeak kalera ateratzen hasi zenean eskaera handitu egin zitzaion. «Denbora luzez eraman beharreko zerbait izango delakoan, apain joatearekin batera umeen kasuan marrazkitakoak direnez gustura eramaten dituzte eta jasangarritasunaren aldetik berrerabil daitekeen gauza bat da», kontatu digu. Homologatuak ez diren arren, osasun zerbitzuek gomendatutako patroietatik atera dituzte, kotoiz eginda eta iragazkia sartu ahal izateko poltsiko batekin.

Lagunak gogoan

Ruben asturiarra da baina Gipuzkoara etorri zen duela 11 urte bere bihotzari jarraituz. Moda ikasi zuen Londresen, eta duela bi urte bere proiektua martxan jarri zuen, KosturaKamikaze (@2u3enx Instagramen), moda jasangarrian oinarritzen dena. Oihalak berreskuratzen ditu eta horiek berrerabiliz pieza berriak sortzen ditu. Maskaren erabilera koronabirusak ekarri duen «moda inposaketa» bezala ikusten du. «Lagun batzuekin hizketan norbaitek aipatu zuen aurrerantzean maskarak moda osagarri bilakatuko direla», azaldu digu. Ideia hori hartuz, maskarak sortzen hasi zen eta bere lagunei bidaltzen, faltan zenbat botatzen dituen ohar batean adieraziz.

Lehen maskara horiei argazkiak atera eta sare sozialetara igotzen hasi zen eta bere inguruko jendea enkarguak egiten hasi zen. «Maskara eskatu didan orori bidali diot bat doan, hasieran bat lortzea ia ezinezkoa zelako eta jendeari lagundu nahi niolako», kontatu digu. Orain egoera zertxobait hobetu denez enkarguak onartzen ditu. Neoprenoa bezalako material lodiz egiten ditu eta garbigailuan garbitu daitezke. Jendearen gustuetara egokitzen da.

Villabonan aritzen den Kaori da aukeraketa honetan guztietan exotikoena. Oihal afrikarrekin egiten dute lan –Senegal, Ginea edo Gambia bezalako herrialdetara joaten dira erostera–, eta estanpatu deigarri horiekin osagarriak egiten dituzte. Krisia hasi zenean jendea maskarak egiteko eskatzen hasi zitzaien eta, egun, salmenten %90 maskarak dira. Salmenta horiek indarra eman diote negozioari, nahiz eta sare sozialen bidez bestelako enkarguak ere hartu dituzten eta gelditzeko astirik izan ez duten. «Gure ustez maskara eroso eta seguruak sortu ditugu. Badirudi maskara gure armairuko osagarrietako bat bihurtuko dela laster!», amaitu dute arduradunek.