Maider IANTZI GOIENETXE
Elkarrizketa
PILAR LEKUONA ANZIZAR
ERIZAINA, GIPUZKOAKO ERIZAINEN ELKARGOKO LEHENDAKARIA

«Erizainak erabakiak hartu behar diren lekuetan ere egon behar du»

30 urteko ibilbidea du erizaintzan, beti geriatriako ikuspuntuarekin. Matia fundazioan hasi eta Pasaiako zaharren egoitzan segitu zuen. Osakidetzan ere plaza du, baina oraindik ez du hartu. Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakaria da 2013tik.

Sentsibilitatea eta determinazioa transmititzen ditu Pilar Lekuona Anzizarrek telefonoaren bestaldetik. Harrotasunez defendatzen du erizaintza Gipuzkoako Elkargoan eta bidelagun bikaina da ofizioan barneratzeko, gaur ospatzen den Erizainen Nazioarteko Egunean.

Zer moduz zaudete erizainok?

Sentimendu kontrajarriak ditugu. Batetik oso harro gaude ondo prestatuta gaudela eta halako egoera bati aurre egiten ahal diogula ikusi dugulako. Ikusgarritasuna eman zaigulako ere bai. Bestetik haserre gaude babesteko oinarrizko materiala falta izan zaigulako: txano, betaurreko, maskara eta mantalak. Covid-19a gripea baino hamar aldiz kutsakorragoa da eta horrela lan egitea gogorra izan da. Espero dut honetaz ikastea guk geuk sortu behar ditugula behar ditugun materialak.

Nola aldatu du birusak zuen jarduna?

Berez adrenalina puntu horrekin lan egiten dugu, eta orain adrenalina hori topera egon da. Ohituta gaude normalean jendea sendatzera eta sendatzen ez bada bukaera behar den bezala egitera. Osasun krisi hau iritsi denean, babesteko materialaren faltan, kutsatzeko beldurra gehitu da. Gogorra izan da hainbeste hildako egotea eta hildako horiek familiak ondoan ez izatea. Gu izan gara familiari komunikatu diogunak zer egoeratan zegoen gaixoa. Osasun profesionalen artean kopuru handiena gara, 5.300 erizain gaude Gipuzkoan, eta tokatu zaigu gure etxeetan norbait Covidarekin kutsatzea. Elkargoan asko landu dugu hori dena nola bideratu.

Nola landu duzue?

Lehendabiziko astetik jada tresnak eskatu zizkiguten erizainek. Berehala jarri genuen kontsulta psikoemozional bat, bai telefonoz bai telematikoki. AEBetan, Vietnamera joan ziren soldaduak itzultzean erabili zen terapia bat egin dugu. Saio gutxitan eraginkortasun handia du eta kontent gaude. Bestalde, formakuntza egin dugu.

Lanaldiak luzatu dituzue?

Gutako asko kutsatu gara eta horrek lantaldeak birplanteatzea eragin du. Askok borondatez tokatzen ez zitzaion orduetan ere lan egin du. Horrek balio izan digu zahar etxeetan kutsatutako erizainak ordezkatzeko. Egoitzak oso gogor kolpatu ditu Covidak eta, hala ere, Gipuzkoan zortea izan dugu 65 egoitzetatik 19tan soilik sartu delako. Aldundiak segituan jarri zituen neurriak.

Badakizu zer dimentsio izan duen kutsatze horrek?

Espainia mailan, erizaintzako kontseilu orokorrean inkesta handi bat egin zuten eta hor agertu da hamar erizainetik sei kutsatu direla. Gipuzkoako datua eskatu dugu eta oraindik ez daukagu, baina imajinatzen dugu proportzio handia izan dela. Akats handia ikusi dugu: testak hasieratik egin behar ziren. Eskerrak konfinamenduari. Horri esker gelditu dugu kutsatzeko bidea. Orain pixka bat beldurrez gaude deskonfinamendu honek zer eragin izan dezakeen.

Azkarregi egiten ari da?

Gizarteak martxan jarri behar du. Kezkatzen gaituena da jada lehendabiziko fasean batzuk zer kontzientzia zibiko gutxi izaten ari diren. Orain arteko arduraz jarraitzeko eskatu nahi diogu jendeari. Kalean gauza oso ezberdinak ikusten ditugu: batzuk oso babestuak joaten dira eta beste batzuk bata bestearen ondoan egoten dira. Jendeak festa gogoa dauka, baina Covida etorri da eta egoera honetan jarraitu beharko dugu denbora pila batez, orain ikasitako zenbait neurrirekin. Ez da posible hainbeste arau jartzea ile-apaindegi edo denda bati eta kalean bakoitzak ahal duena egitea.

Horretan ere ibiltzen zarete, oinarrizko aholkuak ematen.

Elkargoak bere misioaren barnean dauka ez bakarrik profesionala babestea, baita gizartea ere. Covida proba bat izan da nola gauden ikusteko.

Prest al zeundeten halako krisi baterako?

Dena genekiela uste genuen, baina halakorik ez da inoiz gertatu, halako zabaltasunarekin, norbait hiltzean familiakoak kanpoan uzteraino. Hor ikusi da lana taldean egiteko zer gaitasun dugun. Lehen lerroan jarri gaitu. Inork ez zuen pentsatuko zabor poltsekin egin beharko genituela zainketak. Nola eta zein materialekin zaindu ikasi dugu. Bestalde, ikasi dugu koordinatzaile bat falta bada edo ez badira protokoloak zehazten krisi bat suertatzen dela. Ikasi dugu denon beharra dugula. Erizainek egunerokoan zainketak egiten badituzte eta nik ez, eta erabakiak hartu behar baditut, logikoa da erizainei galdetzea. Protokoloak lan egiteko modua aldatzen zigun eta ez ziguten uzten ezer esaten. Goitik etortzen den aginte bat zeinek gainetik pasa. Komunikazio eragingarri bat behar dela ikasi dugu, liderrak behar direla, dakiena eta ziur eta indartsu dagoena jarri behar dela aurrean, eta dakienari lanean utzi behar zaiola.

Momenturen batean egoera kontrolaezina izan da?

Bai. Martxa hartu eta buru hotzek ‘goazen dakiguna egitera’ esan arte kaotikoa izan da. Egoitzetakoa ikaragarria izan da, bertan ez dugulako lan poltsarik ordezkapenak egiteko. Izena emateko eskatu genuenean, une batean ehun laguneko zerrendak egin genituen.

Harrotasuna.

Erabat, eta konpromisoa eta ardura. Ez gara GKE bat, baina pixka bat militanteak gara. Anekdota bat kontatuko dizut. 82 urteko erizain batek deitu zigun, oraindik kolegiatua, esanez gustura emango lukeela izena baina gizona duela bere kargu.

Etapa dramatiko honek bokazioa ahuldu edo indartu egin dezake?

Indartu. Erizain bezala lan egiteko karrera bukatu eta kolegiatu behar duzu. Hain garrantzitsua da gure lana, erakundearen babesa behar baitugu. Laugarren mailakoek ez dute aukerarik babes hori izateko eta atera ginen esanez ez zela posible lan egitea, baina utzi izan bagenie segituan jarriko ziren. Ez gara askok esaten duten bezala mediku frustratuak. Guk ez dugu mediku izan nahi. Medikuak diagnostikatu dezala eta zainketak utzi guri. Erizainak arlo askotan daude: ikertzen, irakaskuntzan, kudeatzen… Kartzeletan daude, egoitzetan zeresanik ez. Covida aukera bat izan da erakusteko zein garen, nola gauden, nola lan egiten dugun. Erizainak erabakiak hartu behar diren lekuetan ere egon behar du.

Baina ez da hala gertatu.

Ez. Batzordeetan egotea faltan eman dugu. Ez gaituzte kontuan hartu, elkargoa ere ez. Lanbidea bera zigortu samarra izan da, baina hortxe gaude, aurrera goaz. Honek aukera bat eman digu aldarrikatzeko. Gurea arriskua duen lanbidetzat hartzea da aldarrikapenetako bat. Erasoak jasaten ditugu eta uste genuen hori gure lanbidearen barnean zegoela, baina jada zigortuta dago eta, gainera, juridikoki onartua dago eraso hori salatu behar dugula neurriak hartzeko.

Ez da kasualitatea emakumeak izatea erizain gehienak.

5.300etik 450era ez da ailegatzen gizonezko kopurua. Erizainak emakumeak izateak eta bere garaian medikuak gizonak izateak markatu gaitu pixka bat. Gizartea ere halakoa izan da. Nik uste dut orain emakume bezala gure posizio hori aldarrikatzen eta hartzen ari garela. Erizainok ere bai. Hori ere eskertu behar diogu Covidari: maskararen atzean ez zinen ez emakumea ez gizona, erizaina zinen.

Nola aldatu du maskarak pazienteenganako harremana?

Nik uste maskara eta guzti gizarteak ikusi gaituela. Arratsaldero-arratsaldero txalo horiek jasotzea guretzat ikaragarria izan da. Gure lanbidea sentsibilitate handikoa denez, begiraden, esku emateen eta hitz egitearen falta sumatu dugu. Hala ere, pazienteek besarkadak sumatu dituztela uste dut. Nola bizi izan dugun? Okerrena izan da kontaktu hori ez izatea. Eta dolu hori ez egitea hasieratik. Horretarako prestatzen ari gara. Uste dugu gizartean eta gure lanbidean hori landu beharko dugula zehazki: dolua, zer sentitu dugun, psikologikoki eta emozionalki zer utziko digun. Oraindik adrenalina horretan gaude, baina gure onera etortzen garenean baxualdia izango da. Erizainok ez dugu heroi izan nahi, baina bai jendeak ez ahaztea zer den erizain bat, non dagoen eta zer-nolako lana egin duen. Lanbideak berak behar du gizartearen errekonozimendu hori. Gure lana oso gogorra da eta bagenekien ikasi genuenean. Erizain izatea guretzat zorte bat da, besteak zaintzeko jaio gara eta zainketa hori profesionaltasunez egiten dugu. Maila handia dago eta erizainak hemen eta gurekin nahi ditugu. Gure harrobia babestu behar dugu.

Mezu ona da amaitzeko. Hunkitu naiz zu aditzen, e! Behin baino gehiagotan.

[Irri egiten du] Erizaina naiz!