Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Etorkizuna marrazten

Egun hauek zeharo nahasiak izaten ari dira. Ez dago jakiterik lehenengo fasera pasatzeko ezarritako debekuak eta irizpideak zeintzuk diren zehatz-mehatz, eta, are gutxiago, nola dauden araututa. Garbi geratu zaigun bakarra da aldaketak bizkortzen ari direla, eta gero eta premiazkoagoa dela bizitzen ari garen krisi soziosanitarioaren eraginak eta ondorioak modu kolektiboan aztertzea. Konfinamenduaren lehenengo unetik «shock» egoera nabaria izan da, gure bizimodua zalantzan jartzea saihetsezina bilakatu da. Bada, beraz, sistema birpentsatzeko eta alternatibak proposatzeko une egokia.

Bizitza zaindu beharra dagoela argi ikusi da, baina ezin dugu ahaztu bizitza-zaintzaren dimentsio aniztasuna. Funtsezkoa da askotan gutxietsia izan den sektore publikoari bere tokia ematea, osasun sistema publikoa eta unibertsala bermatzea, eta eredu sozioekonomikoa aldatzea. Etorkizuna marrazteko bidean, praktika komunitarioak aztertzeari funtsekoa deritzot. Ez gara zerotik hasiko; badira aspalditik elkarzaintzan modu komunitarioan eta antolatuan dabiltzanak.

Horren adibide argia hasiera-hasieratik sortu diren zaintza sare herritarrak dira. Premiazko beharrak asetzera etorri dira, ikuspuntu eraldatzailea ahaztu gabe. Harrigarria da nola ondo bilatuta, bizitzako arlo guztietan alternatiba eta proiektu eraldatzaileak aurkitu ahal ditugun; euren aniztasuna benetan aipagarria da. Ekonomia eraldatzailearen esparruan badira, esaterako, praktika azpimarragarriak: eredu ekonomiko eta sozial nagusia zalantzan jartzen dutenak eta paradigma-aldaketa proposatzen dutenak.

Euskal komunitate zientifiko eta akademikoak aldarrikatu duen moduan, benetan jasangarria den eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, muga ekologikoak kontuan hartu behar ditugu. Elikadura burujabetzaren eremuan, besteak beste, badago horretaz zer hausnartu eta zertan sakondu.

Praktika isolatu baina anitz horiek guztiak lotu, elkarrekin harremanetan jarri eta zentzu orokortu bat ematea premiazkoa da. Ezin dugu horiek alferrik galtzen utzi, eta horretarako merezi duten balioa aitortu behar diegu.