2020/05/22

Manex ALTUNA
Eskerrik asko, Aritz, betiko Aduriz, zu zara nagusia!

Izan zitekeen Messi izarra, tituluak zelaietan. Izan zitekeen Madrilen, Barçan, Manchester, Bayerren bertan. Izan zitekeen Neymar junior bat, Ronaldo edo David Beckham, baina umeak beste izar bat izan nahi zuen benetan, honek euskaraz egiten zuen ta Aritz izena zeukan». Mota eta jende askoren laudorioak jaso ditu Adurizek futbola utziko duela iragarri ostean, baina Jon Maiak egindako omenaldi bikaina ezin nabarmendu gabe utzi. Ziur egon, zelaian jokatzen ikusi ahal izan dugunok behin eta berriro kontatuko dizkiegula belaunaldi berriei bere golak eta nortasuna. Azeria izendatu zutenaren kondaira. XXI. mende hasierako golegile aparta, ardoak bezala, adinarekin hobera egiten zuena. Gurekin aurretik Zarra, Gainza, Iribar, Clemente, Goikoetxea edo Endikaren golarekin egin zuten bezala. Eta ereserkiak dioen moduan «haritz zaharraren enborrak loratuko dau orbel barria». Izan ere, Athletic bihotzean daramagun sentimendu bat da eta «herritik sortu zinalako maite zaitu herriak». Bikain ordezkatu du Adurizek «filosofia» hau. Zailtasunak zailtasun, «gogoaren indarra», ez du inoiz amore eman eta horrek handiagoa egiten du bere ibilbidea. Ezin ahaztu Euskal Herriaren «erakusgarria», euskal selekzioarekin beti erakutsi duen konpromisoagatik eta gol gehien egin dituen jokalaria baita –13 partidetan 12 gol sartuz–. Agurtzeko berriro Jon Maiaren hitzak, Realaren kontrako derbian San Mamesen botatakoak: «aberatsenak ez garen arren, ez onenak beharbada, gure garaipen handiena garena izatea da». Eskerrik asko, Aritz, emandako guztiarengatik, betiko Aduriz. Zure azken gola izango zena jakin gabe abestu genuen bezala, zu zara nagusia!