O. LARRETXEA

BANOA, ZEMENTUAREN EDERTASUNA

Zementuaren aurpegi ezezaguna. Ederrena. Eraikuntzatik atera eta interiorismoan txertatuta. Dekoratzeko. Geometria oinarri, Kattalin Usozek pieza propioak ekoizten ditu bere tailerrean. Eskuak zikindu eta esperimentatu. Hamaika direlako zementuaren aukerak.

Eskuekin sortu eta eskuekin beste zentzu bat ematen dio zementuari Kattalin Usozek. Zementua. Grisa. Eta gezurtia. Gogorra, baina leuna. Zurruna lehortzen denean, baina manipulagarria urarekin nahastean. Bistara hotza, ukimenera goxoa. Sutila. Elegantea. Ederra bere sinpletasunean. Bere sinpletasunagatik da ederra. Eskuekin sortzeko beharra zuela, baina nondik jo ez zekiela, heldu zen sortzaile donostiarra zementura, aurretik beste gauza batzuk probatu ondoren. Patua agian. Edo ziur asko. Bere aitaren ganbaran hasi zen eskuak zikintzen, zipriztintzen, buztina, zeramika, beira… erabiltzen. Gauza batek bestera eraman eta urteen joan-etorriak finkatu zuen bere proiektua: Banoa.

Bidea pixkanaka egin du; zehatzago esanda, «bere erritmoan», azpimarratu du Usozek. Hortik dator Banoa izena. «Erritmoek beti urduritu eta estutu naute, erritmo azkarrek, bizkorrek. Ez datoz bat nirekin, nire izaera eta egiteko moduarekin», azaldu du Usozek. Ondorioz, bidea bera ere halakoxea izan da: apurka egindakoa gauzak argi ez zituelako. «Batxilergo artistikoa egin nuen nire interesengandik gertuen zegoen eredua zelako, baina aitortu behar dut ikasle bezala ez nintzela oso fina. Altzariak zaharberritzea nuen buruan, bide horretatik jo nahi nuen, baina ez nuen guztiz argi». Azkenean, Kunsthal diseinu eskolan interiorismoa egiteko aukera alde batera utzi zuen, nahiz dekorazioa eta altzarien sektorea oso erakargarriak izan Usozen begietara. 18 urterekin, Arte Ederren Fakultatean eman zuen izena, Leioan. «Eta orain zer?» galdera mahai gainean. «Leioara ailegatu nintzen gehiegi jakin gabe zer nahi nuen, dekorazioa bai, baina adar hori ez zegoen Arte Ederren Fakultatean…». Azkenean, zaharberritzearen bidea aukeratu zuen; margolanak, muralak, koadroak… Ikasketak amaitzean, ordea, espezialitate horretan lana topatzea «infernua» bezala gogoratzen du. Guztiz ezinezkoa zen, «etxean» egin nahi zutenentzat, behintzat. «Zaharberritzean lana kanpoan zegoen, eta nik ez nuen inora joan nahi», oroitzen du gaur egun.

Sortzeko gogoa lozorrotik esnatzen hasi zen orduan. «Gogoa baino beharra», aipatu du Usozek. Eta aitaren ganbaran topatu zuen lehen urratsak emateko lekua. Beirarekin hasi zen lehenik eta behin, tiffany teknikarekin lanparak egiten, hau da, beiratxo zatiak bata bestearekin soldatuz geometriarekin jolasten. Baina, aitortu duenez, lan handia ematen zion horrek guztiak eta bere kabuz ikasteko konplexuegia zen. Zeramika eta buztina baztertuta, buruari bueltaka jarraitu zuen. «Berez lehortzen zen material bat behar nuen, aitaren ganbarak bere mugak baitzituen, adibidez, ez zegoen ur korronterik. ‘Zerbait’ horren bila ari nintzela eman nuen zementuarekin. Perfektua zen ganbaran lehortzeko».

Autodidakta, saiatuz eta erratuz

Pixkanaka dekorazioaren eta interiorismoaren munduan zementua ikusten hasi zen, aldizkari espezializatuetako argazkietan sukalde nahiz komunetan hormigoia ikustea ez zen hain arraroa dagoeneko. Pieza txikiekin hasi zen Usoz, bereziki loreontzi gisa erabiltzeko. «Egin nuen lehenengo azokan publikoarekin feedback handia izan nuen, ikusi nuen aukera bat izan nezakeela, eta hortik tiraka segitu nuen. Gustuko nuen zerbaitengatik apustua egin behar nuen», gogoratu du. Bost urte igaro dira geroztik.

Bidean zenbait anekdota izan ditu. Ikasi duen guztia eta egun egiten dakien guztia bere kabuz ikasi du. «Autodidakta» izatea esaten zaio horri. Saiatuz eta erratuz ikastea. Zuzenduz eta hobetuz. Eta gehiago saiatuz. «Dominatzen ditudan teknikak jartzen ditut praktikan Banoaren eskutik. Zementuak nola funtzionatzen duen, nolakoa den, dituen propietateak eta ezaugarriak, bere nortasuna azken batean, ni bakarrik joan naiz ikasten, ez dit inork erakutsi. Denbora asko eman dut horretan», kontatu du.

Egun teknika perfekzionatua duela dio, eta, horregatik, «hasierako piezek eta oraingoek ez dute zerikusirik». Saiatuz eta probatuz, gaur egun bere «nahasketa pertsonala» dauka. Zenbat ur eta zenbat zementu hauts erabili badaki. Ikerketa prozesu horrek «denbora asko» exijitu dio «pieza berriak sortzeko garaian». Aitortu duenez, «agian denbora dezente behar izan dut gauza berriak ateratzeko, baina teknika erabat menperatuta nuela egin nahi izan dut». Zalantza batzuk izan ditu bidean, noski. «Lixatu edo ez, zein tresna erabili, amaieran berniza eman edo ez…». Gogoratu du zementuak material gisa eskaintzen dituen aukerez eta mugez ikertzeko eraikuntza pabiloietara joan zela hastapenetan, eta han «denetatik» topatu zuela. «Oso matxistak ziren gizonak ezagutu nituen, zertan ari nintzen galdezka, zementua eraikuntzarako baino ez zela erabiltzen esanez… gizon batzuekin zailtasun asko izan nituen. Zorionez, pabiloi haietan denak ez ziren horrelakoak. Poliesterrarekin eskulturak egiten zituen langile gazte bat ezagutu zuen, eta hark eman zizkion pauta interesgarriak eta baliagarriak moldeak nola egin jakiteko.

Ehundurak eta zimurrak

Aitaren ganbaratik Herrera auzoko tailerrera eta handik gaur egun Intxaurrondon duen lokalera. Baina beti zementua bidelagun. Zer du ba zementuak? «Hamaika aukera eskaintzen ditu eta horrek konkistatu egin ninduen –aitortu du–. Testura aldetik zuk dominatzen duzu eta zementuak erantzun egiten du. Erantzuten du, gainera, modu oso finean. Lortzen diren ehundurak, zimurrak, markak… askotarikoak dira oso. Denak ezberdinak. Nahasketa da, urarena eta hautsarena. Nola bilaka daiteke hain gogorra eta hain maneiagarria aldi berean? Egiten noan neurrian topatzen ditut erantzunak: pieza eta nahasketa bakoitzak guztiz ezberdin erantzuten du». Kontatu duenez, klimak, hezetasunak eta tenperaturak eragin handia dute prozesuan. Adibidez, hezetasun handia badago, propietateak hobeto gogortzen dira eta sendotasuna hobeto ematen da. Lehortze eta sendotze epeak, hala ere, nahiko finkoak dira: moldetik atera daitezke piezak egin eta handik 48 ordura, baina guztiz lehortzeko behar dira hamabost egun, eta 28 pasatzen utzi behar dira erabat sendotzeko eta egonkortzeko.

Nahasketa egitea da lehenengo urratsa eta gero moldeak betetzen ditu. Batzuk berrerabili egiten dira, etengabe; beste batzuk, aldiz, topatzen dituen materialekin egiten ditu. «Arte Ederren Fakultatean materialak zaborretik hartu eta berrerabiltzen irakatsi ziguten, baina niri txikitatik gustatu zait ustez balio ez duten gauzen artean begiratzea. Jendeak nahi ez duena botatzen du; adibidez, egurrezko txapa fin bat izan daiteke eta hori niretzat urrea da. Kristala ere botatzen dute eta pieza jakin batzuk egiteko, fin-finak direnak, oso baliagarria da». Egurra, silikona, plastifikatutako edozein geruza edo kartoia erabiltzen ditu. Inoiz sortu duen pieza handiena altzairuzko molde batekin egin zuen. Moldeak 50 kilo pisatzen zituen, hortik sortutako zementuzko piezak… 150 kilo! Bereziki harro dago lan horrekin, bere buruari jarritako erronka biribiltzea lortu zuelako. Dodekaedro erraldoi bat da, eta erabilera ugari ditu, mahai, aulki edo loreontzi gisa adibidez.

Egiten dituen objektuekin izan duen eboluzioa begi bistakoa da, hasierako pieza txikiei, geometria erakargarri haiei, azkenaldi honetan etxerako diseinatu dituen objektu handiagoak gehitu baitzaizkie: lanparak, zementua eta egurra nahasten dituen Bum aulkia, Brazil loreontzia, U formadun zementu hutsezko aulkia edota beira eta zementua nahasten dituzten mahaitxoak. Izan ere, Muranon (Italia) beiragintza ere ikasi zuen Usozek eta teknikok aplikatzen ditu bere sorkuntza lanean. Plater bezala erabil daitezkeen pieza bereziak ere egiten ditu, edota makramez jantzita zintzilik gelditzen diren kono formadun loreontziak. Gauza gehiago ere baditu buruan uneotan, burdina eta zementua nahastea kasu. Zerrenda luzea da eta pixkanaka Usozen asmoak badoaz betetzen. «Banoa». Azkenean, zementuari esker uztartu ditu barrenean zuen sortzeko beharra eta interiorismoa. «Askotan entzun behar izan dut txoriak baino ez nituela buruan, ezer ez zitzaidala interesatzen. Baina azkenean aurkitu dut nire lekua, eta hemen jarriko dut nire indar guztia. Eskuekin egitea, eskuak zikintzea gustatzen zait, esperimentatzea, probatzea. Tailerrean buzoa janzten dudanean, orduak berehala joaten zaizkit. Zementua ilean ailegatzen naiz etxera, baina berdin zait!».