Xabier FERNANDEZ
Athletic Clubeko prentsaburu ohia (2001-2019) eta IN-Komunikazio agentziaren sortzailea
ADURIZEN AGURRA

Aritz Aduriz, konpromisoak badauka dozenaka aurpegi

Ia hogei urtean taldearen egunerokoa barru-barrutik bizi izanak ematen duen gertutasunarekin, egileak erretiratu berri den aurrelariaren nortasuna hobeto ezagutzeko hainbat zertzelada eskaini dizkigu ondorengo testuan. Jokalaria eta pertsona hobeto ezagutzeko aukera ematen duen soslaia.

Jakin badakit, primeran gainera, artikulu bat idazteko osagarri batzuk ezinbestekoak direla, hala nola egokitasuna, koherentzia, kohesioa, aberastasuna eta zuzentasuna. Hala diote, behintzat, adituek. Paperaren aurrean jarrita, Aritz Adurizen ibilbideari buruz idazteko orduan ere aplika daiteke. Egiari zor, erraza da oso horrelakorik topatzea.

Bestalde, egon badago ere kronologiari atxikitzeko tentazioa, hau da, norberaren esperientzia eskutik hartuta Adurizen zerra moduko ibilbide amaigabea errepasatu, Tourreko etapa baten profila bailitzan. Denbora luzea joan da, ia bi hamarkada haren ondoan, eta, gainera, Aritzek denbora luzatu egin du futbolak, aldakaz mozorroturik, kito esan dion arte pairatzen ari garen izurrite poliedrikoaz baliatuta. Badaezpada, abisatuta geunden: normalean futbolak uzten zaitu, zuk bera utzi baino lehen.

Gauzak horrela, adibideetara joko dugu Aritz Adurizen aurpegiak azalarazten saiatzeko, hau da, Aduriz futbol JOKALARIA ardatz hartuta, aurrelariaren ogibidearen eta pasioaren inguruan jirabiraka dauden alde ezezagunagoak jorratzen saiatuko gara. Zertzeladak agurraren unea heldu denean.

Oro har, ondo pasatzeko aritu dela esan du behin eta berriz Aritzek, horixe baita bere sekretua eta beharbada horregatik molde ezberdinak garatzen saiatu da, entrenamenduetatik partidetara, lotsarik gabe, aurreiritzirik gabe. Orduak sartu ditu Lezamako berdeguneetan denetik trebatzen: falta jaurtiketak area marratik bertatik, estrategiako jokaldietarako mugimendu berriak edota penalti jaurtiketa desberdinak, besteak beste.

Eta etekina atera, atera dio lanari, futboleko artxibategian orri berriak uzten. Adibide bat jartzearren, 2018-19 denboraldian Real Valladoliden aurkako penalti jaurtiketa datorkigu burura. Asteak pasa zituen horretaz jarduten, taldekideekin batera, entrenamenduen osteko jolasetan. Penaltia hortik edo handik bota, epailearen txistuarekin koordinatu behar zuela jaurtiketa, atezainekin luze eta zabal hitz egin zuen zer-nolako erreakzioak edota estimuluak zeuzkaten kontuan ezagutzeko asmoz… erreakzio denborak ere kontrolatzeraino. Barre algarak ziren nagusi, baina Aritzek probatuko zuelakoan geunden, eta baita egin ere. Penaltia Athleticen alde; baloia hartu zuen eta albokoarekin komentatzeko tartea izan genuen: «Egingo al du ba?». «Baietz egin!». Eta egin zuen, abiada hartu barik, txistua entzun, atezaina begiratu, ezker zangoa finko, erretiratu duen aldakaren bira… eta baloia barrura. Panenkarena egiten asperturik omen zebilen.

Ez dago dudarik, Aduriz TALDEKIDE zintzoa izan da. Horregatik jokaldi horren ostean gehien eskertu zuena izan zen aldagelako kideen onespena, egindako lanaren baieztapena, irribarre eta keinu konplizeen bitartez heldu zitzaiona.

Eta zer esanik ez taldekideekiko zuen begirunea. Beste adibide bat ipin dezakegu, Barçaren aurka Superkopa irabazi zutenekoa hain zuzen. Aritzek protagonismo handia izan zuen Athleticek eskuratu duen azken titulu ofiziala lortzean eta erdietsi osteko hilabeteak pasa ziren arren, guztion oroitzapena begien bistakoa izateko edo, hor agertu zen Aritz guztiontzako kutxa banarekin; guztiok jaso genuen Superkoparen zilarrezko erreprodukzioa, bitxigile batek egina.

Zintzoa eta eskuzabala bai, baina exijentzia handikoa zen (eta da) Aritz aldi berean, bere buruarekiko eta inguruarekiko, hots, klubarekiko, eguneroko funtzionamenduarekiko. Ez genuke jakingo nola definitu. Zaila da oso: jarrera, portaera ala izaera da? Edozein modutan ere, denetik dauka bere baitan eta aldageletan gertatzen den moduan, izendapenak ez dira datu zientifikoetan oinarritzen eta ozpin bataiatu genuen. Aduriz munduaren kontra.

Beraz, eztabaidazale peto-petoa izanagatik ere, artikuluaren sinatzaileak ahari-topeketan parte hartzeko abagune franko izan du. Gaia gutxienekoa zen. BURUGOGORRA da Aduriz. Egiak aurpegira botatzen ditu, edozein esparrutan, lehen ukituan, futbolean egiten duen moduan. Dena milimetrora antolatuta egotea nahi eta espero du, lortzen duen arte zalantza asko dituelako, horregatik zelaian ere baloia denbora luzez zeramala nahasteko posibilitateak handitzen ziren.

Dena den, besteen iritziak entzutea gustatzen zaio eta adi-adi dago azken aurrerapen teknologikoek zer ekar dezaketen jakiteko, batez ere adimen artifizialaren mundutik Xabi Uribe-Etxebarria lagunaren eskutik etor daitekeena.

Are gehiago, ESKER ONEKOA da Aritz, eta ez bakarrik familia zein ingurukoekin. Bere jaioterria eta futbolean ondoan izan dituenak ere kontuan hartzen ditu. Donostia maite du Aritzek, familia bertan duelako eta horko giroan eroso mugitzen delako, Athleticekin Ligan egin zituen lehen bi golak Anoetan markatu zituen arren.

Ez du arazo larregirik barkamena eskatzeko eta haserretzeko erabiltzen duen abiadura berbera darabil bere burua baretzeko, atoan egiten du eta. Halaber, afera zaharrak ez ditu kontuan hartzen, Peru Nolaskoainen txioak edota Iñigo Martinezekin zelaian bizi izandakoak kasu. Bizitza aurrera doa eta kezka berri bat dauka egun (aldaka kenduta, jakina): ea futboletik jaso duen guztia itzultzeko gai izango den eta horretan buru-belarri ahaleginduko delakoan gaude.

Amaitzeko, kirolari KONPROMETITUA izan da gipuzkoar aurrelaria. Aritzek espainiar selekzioaren “eztia” dastatzeaz gain, erregistro interesgarri pare bat utzi du bertan, jokalaririk beteranoena debutatzean eta baita gola egiteko orduan ere. Hala eta guztiz ere, horrek ez du aro modernoko golegilerik nagusienaren euskal selekzioarekiko konpromisoa gutxitu, eta gure herriko taldearen izaera eta izanaren inguruko sasi guztien gainetik ofizialtasunaren helburuari eutsi dio.

Ildo beretik, euskarari ere azken agurraren egunean mesede galanta egin dio aurrelari donostiarrak. Ez dira betiko garai onenak, ezta gure hizkuntzarentzat ere, baina Aritz Adurizek San Mamesen egin berri duen azken erremateak erakutsi digu bidea: euskaraz naturaltasunez aritzea egokia eta koherentea izateaz gain, gure komunitatearen kohesiorako tresna da, betiere aberastasun eta zuzentasunaren eskutik. Ozpinen azken (aurreko) gola?