Ane URKIRI ANSOLA

ASKATASUN HAIZEA BILATU DUTE HERNION

MENDI GOSEZ IGO ZUTEN ATZO HERNIOKO GAILURRA ZENBAIT GIPUZKOARREK. BI HILABETEAN AURRENEKOZ EGIN DUTE OSTERATXO HAU ETA ASKATASUN EGARRIA ASETZEKO BALIAGARRI IZAN DA. ZELATUNGO OSTATUA DUELA HAMAR EGUN IREKI ZUTEN ETA MENDIZALEEN ZAIN DAUDE URTEA SALBATU AHAL IZATEKO.

«Egun on» gutxi batzuk Zelatungo larre zabalerako bidean. Aurretik bi bikote eta gizon bat ikus genitzakeen. Iturriotzeko aparkalekua ere ez zegoen hain beteta. Behin ostatura iritsita atzekoek aurreratu eta, astelehen buruzuri batean, plan berdinean pentsatu zuten zenbait gipuzkoar gurutzatu ziren.

Gailurrerako bidea hartuta pertsona gehiagoren agurrak hauspo izan ziren. Donostia, Irun, Hernani edo Usurbilgo herritarrak batu ziren tontorrean, Gipuzkoaren erdialdean dagoen mendian hain erakargarri suertatzen diren zapi koloretsuen artean. «Konfinamendua hasi denetik lehenengo mendi irteera da, herritik kanpo», zioen Leirek, usurbildarrak. «Berriro sasoiko egon beharko dugu», esan zuen irribarrez.

Egun hauetan ibili da herriko mendietan, baina Herniora hurbiltzea beste askatasun puntu bat izan da. Askatasun haizea, alegia –ipar haizeak gogor jotzen zuen tontorrean, alajaina–. Hala ere, zuhurtziaz begiratzen dio «askatasun» berri honi.

«Herritik mendi buelta bat emateko lehen eguna, eta azkar batean egin dut ihes», adierazi zigun irundar batek. Beheranzko bidea hartuta, hain goiz abiatu ez zirenekin gurutzatzeko aukera izan genuen. Gehiago izan ziren 10.00 aldera Zelatunera iritsi eta tontorrerako bidea hartu zutenak. Tarteka-tarteka asko izan ziren agurrak. Azkoitiarrak eta Donostian bizi diren oriotar eta larrauldarrak ere gorantz zihoazen. Guztiek zekiten atzo zabaltzen zela herritik kanpoko mendietan ibiltzeko aukera.

Ostatuaren itxaropena

Herriko txangoak utzi eta «hona etortzea beste kontu bat da, gehiago baloratzen ditugu horrelako gauzak», bota zuen Donostiatik hurbildu zen larrauldarrak. Kontu txikiak gehiago estimatzen ditugula bistan da, tabernetako terrazak ikustea besterik ez dago.

Zer esanik ez, beraz, 1.079 metrotik Zelatunera jaitsi, bertako ostatuan lasai eseri eta ondo elikatzeaz. Maiatzaren 13an ireki zituen berriro ateak larre zabalean dagoen tabernak. «Gu eguraldiaren mendekoak gara», azaldu zion GARAri bertako arduradun Maria Jesus Etxeberriak. Gogoratu du lehen aste horretan euria egin zuela eta beraz, bigarren asteburuan, oraintxe pasa den honetan, sumatu dutela mugimendua. Itxaropentsu agertzen da, hasiera batean ez baitzuen irudikatzen maiatzean irekitzeko moduan egongo zenik.

Inguruko herritarrak hurbildu dira egunotan, mendi osteratxoa egin ostean. Hernio ingurua herri txiki askoren erdialdean dago eta pasa den asteburuan, badaezpada ere, «batzuek tiketa eskatzen zuten»; kontsumitu izana justifikatzeko zerbait behar zuten.

Terraza batera joatea bezala irudika zitekeen Zelatungo ostatura joatea, mendi buelta egin osteko aitzakia gisa erabilia. Atzotik aurrera gipuzkoarrek ez dute aitzakiarik bilatu beharko eta astelehena bazen ere, nabari zen mendira joateko irrika. Ziur, Hernioko egun oparoenetatik urrun egongo zela atzokoa baina, 8.30etik 11.30era bitartean, Iturriotzetik gailurreraino bidea egin zuten leku anitzetako 50 lagun ingururen «egun onak» entzun genituen.

Maria Jesus Etxeberriak eta bere sendiak 2011n hartu zuten ostatuaren gidaritza, krisiaren erdian. Aurreneko urte horietan «ondo funtzionatu» zuelakoan da. Bere hipotesia da jendea langabezian dagoenean errazago joaten dela mendira, ordu gehiago igarotzen dituelako eta gutxiago xahutzen duelako. «Badakit ezer xahutu ezin duenak ez duela kontsumituko, baina beste batzuek apur bat bai», iritzi dio. Haurrekin joateko plana ere itzela omen da, larre zabalean jolastu baitaitezke.

Ostiral santuan eta irailean ospatzen diren jaiek «salbatzen digute urtea; joan zaigu ostiral santua eta orain, irailera adi begiratzen ari gara». Inguruan landetxe asko daude eta katalanak, madrildarrak edo ingelesak ere hurbiltzen dira ostatura; hortaz, turismoarekin ere kezkatuta azaldu da.

Ostatuaren jabeak alokairua erdira murriztu die itxialdian eta esker ona agertu du, gastuak murriztu dituztelako irabazirik gabeko sasoian. Eta gaitz-erdi. Aurrerantzean, protokolo guztiekin, mendizaleek badaukate indarrak non hartu. Momentuz, bi metroko distantzian.