GARA
DONOSTIA

Zinemaldiak bi «work in progress» programa berri abiatuko ditu

Zinemaldiak WIP Latam eta WIP Europa sortu ditu, bi «work in progress» berri, postprodukzio fasean dauden film latinoamerikar eta europarrei zuzenduta.

WIP Latamek Zinema Eraikitzen aitzindaria ordeztuko du. Enpresa kolaboratzaileek postprodukziorako eman ohi dituzten laguntzez gain, sei film aurkeztuko dituen egitasmoak 30.000 euroko saria emango du eskudirutan.

WIP Europa, aldiz, Glocal in Progress programaren garapena da; hiru film izan beharrean, gehienez ere sei aurkeztu ahalko dira. Aurrerantzean, Europan ekoitzitako film guztiei irekita egongo da, baina kontuan hartuko da egilearen lehen edo bigarren lana izatea eta hizkuntza ez-hegemonikoren batean filmatua izatea.