GARA
DONOSTIA

Arkaitzerrekako isurketaren ondorioak konpontzeko eskatu dio Eguzkik Udalari

Hil honen hasieran Arkaitzerrekan ehunka arrain hil zituen isurketa toxikoaren ondorioak konpontzeko eskatu dio Eguzki talde ekologistak Donostiako Udalari. «Beste aldera begiratzeari uzteko» ere eskatu dio Udalari. Izan ere, Arkaitzerrekaren arroaren zatirik handiena Donostiako udalerrian kokatzen da. Udalerri berean dago, gainera, isurketaren jatorria izan zen tokia, erraustegia.

«Isurketaren larria ikusita, mobilizatu zitezkeen eragile guztiak mobilizatu dira. Bai URAk bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dituzte; Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik jarraipena egin eta laginak ere bere kabuz hartu eta aztertu zituen; Fiskaltzak gaia mahai gainean du, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzkiren ekimenez, isurketa ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelako. ‘Eragile guztiak’, esan dugu, baina guzti-guztiak? Ez, paradoxa bada ere, Donostiako Udalak ez du ezer esan, errekarekin eta erraustegiarekin berarekin zerikusirik izan ez balu bezala», adierazi du Eguzkik.

«Modu proaktiboa»

Horregatik, Eguzkik Donostiako Udalari idatziz eskatu dio lan egin dezala gertaerak argitzeko, erantzukizunak zehazteko, antzekorik berriro ez gertatzeko eta, batez ere, Arkaitzerrekaren lehengoratze lanetan «modu proaktiboan» jokatzeko. Horretarako eskumenak dituela nabarmendu du talde ekologistak.

Isurketaren kalteak pairatu dituen espezietako bat, aingira, babestua dagoela gogoratu du Eguzkik.

Horrekin batera, GHKren ardura nabarmendu du, isurketa erraustegian izan zelako. «Maiatzaren 10ean, GHK-k, erraustegiko gunearen arduradunak, isuririk egin izana irmo ukatu zuen. Maiatzaren 14an, ordea, ukatzen jarraitzerik ez zegoela ikusirik, GHK-k isuria onartu egin zuen. Argudiatu zuen ontzi bat amoniako deskargatzen ari zen ‘kanpoko hornitzaile’ batek eragin zuela isuria. Nolanahi ere, bietako bat: edo GHK hasieran isurketa ezkutatzen saiatu zen, eta hori oso larria litzateke; edo, sinetsi behar badiogu, astebete behar izan zuen isurketa latz baten erantzulea zela jabetzeko, eta hori aurrekoa bezain larria litzateke», gaineratu du.