Dabid LAZKANOITURBURU

Italiako mafiak prest daude pandemiaren biharamunerako

Italia osoa izututa eta etxean sartuta egon den bitartean, hazia ereiten jarraitu du mafiak. Jende askok ez zeukan jatekorik eta denda eta enpresa askok dirua behar zuten hondoa ez jotzeko. Orain, konfinamendua arintzearekin, zorren ordaintzeko ordua iristear da. Eta itzultzerik ez duenak larrutik ordaindu beharko du. Betiko legez.

Ekainaren 3an, muga guztiak zabaltzearekin, normaltasuna berreskuratzeko asmoa du Italiak, ia hiru hilabete luze eta latzen ondoren.

Normaltasunaren eskutik, mafia itzuliko da, eta, iturri batzuek ohartarazi dutenez, indartsuago. Izan ere, martxoaren hasieran ezarri zen konfinamenduaren lehen egunetik birkokatzen saiatu dira mafiako taldeak, egoera baretu eta dirua berriro mugitzen hasten denean posizio onenean egoteko.

Calabrian eta Sizilian nahiko ohikoa izan da mafiako kideak eta familiak auzokideen artean janari-poltsak banatzen ikustea.

Giuseppe Conte lehen ministroaren Gobernuak laguntza ugari agindu du baina, burokrazia tarteko, iristen ez ziren bitartean, jendeak jan beharra zuen. Enpresaburu eta dendari askok ere dirua behar zuten, ez promesa hutsak. Beraz, mafiaren «maileguak» ugaldu egin dira. Ia baldintzarik gabe.

Etorriko dira gero interesen igoera eta enpresaburuek zorrari aurre egiteko ordua. Orduan helduko da negozioak eta dendak konfiskatzeko ordua. Hori baita mafiaren helburua, dirua zuritzeko negozioak izatea. Baina, bitartean, ongi etorria izan dadila diru-sarrera. Gero gerokoak.

Sosak edo bizia

Geroa orain da eta Calabriako N'drangheta, Italiako mafiarik boteretsuena (30.000 kide eta 43.000 milioi euroko irabaziak urtero), prest dago. Jende askok beltzean lan egiten zuen eta gehienez 40 euro irabazten zuen egunean.

Ezer gabe geratu direnean, hor egon da erakundea, etxerako erosketak ordaintzen edo 300-400 euroko laguntzak ematen. Sosak, droga trafikotik milioika milioi irabazten dituen Calabriako mafiarentzat. Asko, poltsikoa hutsik duenarentzat.

Zorra ordaintzeko ordua iristen denean hor izango dira hautagai bati botoa emateko «aholkuak»… Betidaniko klientelismo politikoa indartzeko ordua.

Ez da, ordea, Calabriako kontua soilik. Sizilian, Napolin… gauza berbera gertatu da. Italiako hegoaldeko hiririk handienean Estatua ez dago eta Camorrak hartzen du Estatuaren papera. Bost axola zaio jendeari dirulaguntza nondik datorren. Izan ere, konfinamenduan zutik iraun duen merkatua legez kanpoko produktuena izan da.

Koronabirusa dela-eta Italiak aste hauetan bizi izan duen krisi politiko larrienaren atzean mafia egon da, nola ez.

Krisia kartzeletan

Kartzeletan bizi izan den egoera larriaren aitzakiarekin –ehunka kutsatu presoen eta espetxezainen artean, hainbat presondegitan 13 hildako eragin zituzten matxinadak (mafiek bultzatutakoak), ihesaldiak…– Gobernuak 376 mafioso kartzelatik atera eta etxera bidali zituen –guztira 4.000 preso dira– nork bere etxean atxilotuta jarraitzeko.

Erabakiak hautsak harrotu zituen, etxeratutakoen artean mafiaburu eta boss ezagunak zeudelako, etxetik lasai asko sareak berrantolatzeko prest. Horietako asko isolamendu zorrotzenean zeuden kartzelan eta kutsatzeko aukera gutxi zuten, beraz.

Presondegiko Administrazio Departamentuko (DAP) buruak, Francesco Basentinik, kargua utzi behar izan du eta Alfonso Bonafede Justizia ministroarena ere denen ahotan egon da.

Askoren ustez, Gobernuaren eta mafiaburuen artean negoziazioak izan dira eta horiek etxerako bidea lortu zuten matxinada eta ihesaldi gehiago ez bultzatzearen ordainetan.

Azkenean, Gobernuak atzera egin eta mafiosoak kartzelara itzularazi zituen. Horri esker Justizia ministroak bi zentsura-mozio gainditu ahal izan ditu Parlamentuan; batez ere, Mateo Renzi lehen ministro ohiaren alderdiak, gehiengoa babesten duen Italia Viva alderdiak, atzera egin eta azken unean mozioaren aurka bozkatu zuelako.

Alde bozkatu izan balu, 11. gobernu krisi larri baten aurrean izango zen Italia.

Horrek ez ditu Bonafedek ordezkatzen duen M5S mugimenduak zuzentzen duen Gobernuaren aurkako kritikak leundu. Are gutxiago, N'drangheta-ko ehun bat preso hiritartasun-errenta jasotzen hasi direla jakin denean. M5Sren programako ikurra den gizarte-laguntza onartu zaienen artean mafioso aberats asko daude.

Gobernuak dirua itzultzeko eskatu die orain. Sosak, eurentzat. Bizia, mafiari esker bizi diren italiarrentzat.

Los cárteles mexicanos desembarcan en Holanda

Los cárteles mexicanos se mueven cada vez más por Países Bajos para producir metanfetamina, aprovechando la facilidad de introducir las materias primas a través de los puertos neerlandeses, lo que ha aumentado el número de laboratorios clandestinos.

Señales de ello llegaron en 2012 con la guerra entre los narcotraficantes holandeses, marroquíes y antillanos que estalló después de que desapareciera un cargamento de 200 kilos de cocaína del puerto flamenco de Amberes, en Bélgica, un conflicto sangriento que se ha cobrado en Ámsterdam decenas de vidas esta década.

Pero el desmantelamiento de cada vez más laboratorios de metanfetamina en Países Bajos supone la apertura de un nuevo frente, que se teme no será menos violento. El diario neerlandés “De Telegraaf” ha calificado este país como el «Valhala» –el paraíso en la mitología nórdica– de los cárteles de la droga.

Los cárteles de Los Zetas de Sinaloa y de Jalisco son los principales actores presentes en Países Bajos.GARA