NAIZ
Saskibaloia

Madelen Urietak beste urtebetez jarraituko du Araski taldea entrenatzen

«Urtebete berarekin gertu-gertutik lanean eman ondoren, harro nago gurekin jarraituko duela esan ahal izateagatik», nabarmendu zuen Iratxe Rodriguez presidenteak.

Madelen Urietak beste urtebetez jarraituko du Araskiren entrenatzaile izaten. Halaxe baieztatu zuen talde arabarrak webgunean eskegitako mezu baten, non azpimarratzen zuen «talde handi bat eraiki nahi badugu, lehen lana talde hori gidatuko duen teknikari talde on bat edukitzea da. Etxe bat eraikitzeko zimenduak garrantzitsuak badira, zer esanik ez entrenatzailea kirol talde batentzat. Horregatik, eta hala den urte bakoitzean esango dugun moduan, Araskiren fitxaketa onena Madelen Urietak lehen taldearen aulkian jarraitzea da».

Amurrion jaioa orain 38 urte, bizitza erdia baino gehiago darama entrenatzaile lanetan, eta etxeko taldean, entrenatzailea izateaz gain, kirol zuzendaritza ere bere gain hartuko du, eta beste ardura handi bat ere bere eskuetan izango da: jokalarien aukeraketa.