GARA
BILBO

Ratioa murrizteko irakasle gehiago kontratatzea proposatu du EH Bilduk

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak koalizioak datorren ikasturteari begira zer neurri proposatzen dituen aurkeztu zuen atzo Bilbon. Nabarmendu zuen «inplikatutako alde guztiek adostu dezaketen» plan bat egitearen alde daudela.

Azaldu zuenez, pandemiak eta horri aurre egiteko neurriek «gure bizitzak asko aldatu dituzte». Horren adibide gisa, hezkuntza sektorean egin den «esfortzua» aipatu zuen, «egun batetik bestera neurriak hartu behar izan dira ikasturteak ahalik eta modu normalizatuenean aurrera egiteko».

Ikastetxe, irakasle, ikasle eta gurasoak egiten ari diren ahalegin «izugarria» nabarmendu zuen, baina «nahikoa ez» dela eta hezkuntza sistemak «errealitateari aurre egiteko baliabide gehiago» behar dituela uste du Iriartek.

Koalizioaren bozeramailearen hitzetan, astelehen honetan ikastetxe batzuk ireki izana «ez da inola ere eredugarria izan». «Ikastetxe guztiak beteta ikusi nahi ditugu, baina uste dugu gauzak ondo egin behar direla, inertziarik gabe, presarik gabe eta, batez ere, lan egiten duten langile guztien osasuna bermatuta», azaldu zuen.

Hori dela eta, Iriartek esan zuen orain dela garaia hurrengo ikasturterako zer neurri hartuko diren pentsatzeko. «Gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka handia da, eta ondo egiten ez badugu, ondorio sanitario eta sozial garrantzitsuak izango ditu, ez dezagun ahaztu hezkuntza sistema berebiziko garrantzia duen elementu kohesionatzailea dela», nabarmendu zuen.

Mahai parte-hartzailea

Zentzu horretan, EH Bilduk uste du datorren ikasturtea prestatzeko lanari dagokion guztia «modu koordinatuan, adostuan eta osasun segurtasuna lehenetsiz» egin behar dela, eta azpimarratu zuen beharrezkoa dela mahai bat eratzea erakundeek, eragile ekonomikoek eta politikoek parte hartzeko.

Iriartek azaldu zuenez, EH Bilduren ustez, «baliabide gehiago beharko dira hezkuntzaren kalitatea bermatzeko eta ikasle bat bera ere atzean gera ez dadin». Horretarako, irakasleen plantilla %20 handitzearen alde egin du, ratioa 15 ikaslekoa izan dadin eta, horrela, «ikasle bakoitzaren jarraipen egokia egin ahal izateko».

Interneteko 3.000 kit

Iriartek azaldu zuenez, konfinamenduak agerian utzi duen beste arazo bat da ikasle guztiek ez dutela Interneterako sarbiderik, eta, horregatik, EH Bilduk 3.000 kit eskuratzea proposatu du, ikasle guztiek sarbidea izan dezaten. Koalizio subiranistaren beste proposamenetako bat da ikasleentzako eta familientzako bekak %50 handitzea.

Ikastetxe askok eskaintzen duten jangela zerbitzuari dagokionez, Iriartek esan zuen «funtsezkoa» dela, eta datorren urteari begira «baliabide gehiago eta azpiegitura handiagoak» beharko direla.