GARA
BILBO

Lehen mailako arretan inbertsio handiagoa eskatu diote Lakuari

Bizkaiko Medikuen Elkargoak komunikatu baten bidez eskatu zion atzo Lakuako Gobernuari «konpromiso irmoa eta eraginkorra» har dezala lehen mailako arretarekin. Baliabide material eta giza baliabide gehiago eskatu du aurre egin behar dioten «asistentzia karga basatiaren» aurrean, koronabirusaren pandemia gehitu baitzaie herritarren ohiko osasun arazoei.

Komunikatu horretan, Bizkaiko Medikuen Elkargoko zuzendaritza batzordeak gogorarazi zuen jardunean zeuden 50 mediku baino gehiago hil direla koronabirusaren ondorioz estatu espainolean, eta, ildo horretan, pandemiaren hasieran erabilitako babes ekipoen «prekaritatea» deitoratu zuen elkargoak, «ez bakarrik ospitale eremuan, baita lehen mailako arretan ere».

Zehaztu zutenez, lehen mailako arreta osasun sistemarako «sarrerako atea» da, eta, beraz, honako hauez arduratzen da: «Koronabirus kasuak detektatzea eta kontrolatzeaz; uneko patologia akutuaz; kronikotasun egoeran dauden pazienteen kontrolaz; atzeratu egin diren osasun arazoez, eta patologia kronikoak dituzten pazienteen kontrolaz, besteak beste».

Bizkaiko Elkargoak nabarmendu duenez, lan horrekin batera, lehen mailako arretak koronabirusarekin zerikusirik ez zuten kasu akutuak artatzen jarraitu du, «epidemiak ez baititu herritarren gainerako osasun arazoak ezabatu».

Protagonismo handiagoa

Behin epidemia «leunduta», mediku bizkaitarrek lehen mailako arretak «protagonismo handiagoa» izango duela azpimarratu zuten, «kasu berriak eta kontaktuak detektatu behar dituztelako eta ibilbide klinikoaren jarraipena egin». Zentzu horretan, birusak «hor kanpoan jarraitzen duela» ohartarazi zuten, eta «sintomarik gabeko kasuak, arinak, larriak, oso larriak eta heriotzaren bat» izango direla iragarri zuten.

«Eta hori guztia, koronabirusaren balizko susperraldi bat eta beste epidemia tontor batekin kontatu gabe, berriro ere eusteari lehentasuna ematera behartuko lukeena», adierazi zuten oharrean. Horregatik guztiagatik, lehen mailako arretan inbertitzeko beharra azpimarratu, eta langileei «gizartearen aldeko konpromisoarekin» jarraitu ahal izateko «beharrezko guztia» eman behar zaiela gaineratu zuten.

Baliabide nahikorik ez

«Egoera horren aurrean eta gaur egun bezala, lehen mailako arreta prekarizatua izanda eta baliabideak oso justu izanda, pazienteei, eta gizarteari oro har, kalitatezko arreta medikoa eskaintzea oso zaila» dela ohartarazi zuten medikuek.

Hori dela eta, elkargoak Lakuako Gobernuari eta Gasteizko Legebiltzarrari eskatu die «lehenbailehen» eman dezatela hobekuntzetan inbertitzeko behar den aurrekontua, eta hori «nahi den kalitatezko arreta medikoa bermatzeko» ezinbestekotzat jo dute Bizkaiko medikuek.