Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren satsukeriak

Aurreko zutabean zor bat utzi nuen orain garatzeko. “Inmundizia musicali” hitzak Franco Battiato musikari italiarrak idatzi zituen “Bandiera bianca” izenburuko abestian. Izan zitekeen “Satsukeria musikala” baina “Musikaren satsukeria” bezala itzultzea nahiago izan dut, eta komenentziak jota ere bai ekarri dut bigarren esangurara.

Kultura Sailak osasun larrialdia dela medio “kulturgileei” emango dizkien dirulaguntzak satsukeriaren bidezidorrean dabiltza. Ebazpenak kulturgileen ehuneko handi bat laguntzetatik kanpo utzi du, ezarri zaizkien baldintza zorrotzak ezin dituztelako bete. MIE elkarteak aldaketak proposatu ditu. Beraz, Battiatok esango lukeen bezala, “bandiera bianca”-rik ez. Kulturgintzako langileak jota geldituko dira (beste langile asko bezala), ahituta eta indarberritzeak luze joko du. Kontsumo ohiturak (ordainpekoak izan edo ez) hankaz gora geratu dira. CD fisikoaren jaitsiera alimalekoa izango da. 2020an antolatuko diren kontzertuek ez diete buelta emango kontsumo ohiturei. Kultura sareak zulo handiak izango ditu. Irtenbidea izango du. Satsukeria jasango dugu, integrala. Kultura gose izango da.

Gose taldea letargia luze batean stand by egoeran zegoela, Iñaki Bengoaren buruak “b” plangintzaren azpiegituraren ehunak prestatu zituen. Gose taldeak ez zuen inoiz esan publikoki desegin zela, eta Anita Parker jaio zen. Probak, kantuak, ildoak eta musikari egokienen bila zebilen Bengoa, eta Battiatoren “Bandiera bianca” abestiaren bertsioa osatu zuten, baina ez zen inoiz diskora ekarri.