GARA
IRUÑEA

Oroibidea, memoria bizirik mantentzeko bilatzailea

Nafarroako Memoriaren Institutuak Oroibidea bilaketa tresna aurkeztu du, II. Errepublikarekin eta 1936ko kolpe militarraren ondorengo indarkeriarekin lotutako pertsona- eta leku-izenak eta gertaerak bilatzeko. Bilatzaile berria Nafarroako Memoriaren Institutua abian jartzen ari den tresna digitalen multzoko lehen elementua da. Eskuragarri dago Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren web orrialdean.

Oroibea. Hala du izena Nafarroako Memoriaren Institutuak atzo aurkeztutako bilatzaileak. 1936ko kolpe militarraren ondoriozko indarkeriarekin zerikusia duten pertsona izenak, toponimoak eta gertakariak bilatzeko aukera ematen du dokumentuen datu-basean, eta liburuki berriekin osatuko da.

Iruñeko Gobernuak ohar batean azaldu zuenez, Nafarroako Memoriaren Institutua bere Dokumentazio Zentrotik abian jartzen ari den tresna digitalen multzoko lehen elementua da Oroibidea.

«Oroibidea Herritarren Harremanekiko Departamentuak bultzatutako proiektua da, bilatzaile intuitiboa eta erraz eskura daitekeena Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren web orrialdean», eman zuen aditzera.

Bilatzailean, bilatu nahi duen testua idatzi behar du erabiltzaileak, eta proiektuan sartutako obra bakoitzean dauden hitzak agertuko dira emaitzan, testuinguruari buruzko informazio labur eta dagokion erreferentzia bibliografiko eta guzti. Grafia ezberdinak (gaztelera, euskara, frantsesa) nahi diren emaitza guztiak lortzerakoan arazo ez izateko moduan programatu da.

«Maravillas» jarrita, Maravillas Lambertori buruzko liburu eta agiriak agertzen dira. Bortxatu eta erail egin zutela azpimarratzen da errepresioari buruzko zenbait testutan. Dokumentu ugari agertzen dira «Sartaguda» jarrita; izan ere, herri horretan bizi zirenek pairatu zuten faxisten errepresioa 1936ko gerran, nahiz eta Ebro ibaiaren parean dagoen herri honetan fronterik ez egon.

Otsaportillo leizeari buruz, Oroibidean jasotzen diren liburuek adierazten dute leizea hobi komun gisa erabili zutela frankistek. “Navarra 1936: de la esperanza al terror” liburuan nabarmentzen denez, Otsaportillo, Basanziturri eta Ordozbertaneko leizeetara bota zituzten Sakanako auzokideen gorpuak.

NUPen laguntza

Bilatzailea Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetzari eta horien argitalpen-funtsei esker garatu da.

Halaber, Altaffaylla, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeek ere esku hartu dute, eta Gobernuak eskerrak eman dizkie proiektu ireki hau aurrera eramateko agertutako lankidetza eta jarreragatik. Pixkanaka-pixkanaka, monografia, artikulu, elkarrizketa, txosten, dokumentu eta irudi berriak sartzen joango dira proiektuan.

Historialari, elkarte eta militante memorialistek eta horien senitartekoek egindako «ahalegin ikertzailea, kolektiboa eta plurala» nabarmendu nahi izan du Nafarroako Memoriaren Institutuak. Lan hori duela hamarkada batzuetatik hona egiten ari da Nafarroan, 1936ko estatu-kolpearen ondorioz gertatutako prozesu errepresiboak berreraikitzeko asmoz.

Halako ekimenei esker bizirik mantentzen da faxisten errepresioa pairatu zutenen memoria. Izan ere, Nafarroan milaka lagun hil ziren gerra garaian eta gerraostean, frankistek gauzatutako errepresioagatik.