GARA

XVI. MENDETIK 1936RA GALDAKAOKO HISTORIA BILTZEN DUEN LANA

Galdakaoko auzoetako historia XVI. mendetik 1936ra aztertu du Xabier Valencia historialariak lan batean. Gordeta egon den informazioa kaleratu eta horren bidez «iragana ikusaraztea» izan da bere lanaren helburua, herria ezagutzeko lehen urrats gisa. Bereziki, auzoetako etxeak eta baserriak izan ditu aztergai.

Xabier Valencia Galdakaoko historialariak herri horretako auzoetako iragana berreskuratu du Udalaren webgunearen bidez argitaratu duen lan batean. Besteak beste, herriko baserrien eta beste eraikin enblematiko batzuen historia biltzen du XVI. mendetik 1936ra.

Lana aurkezteko, Valenciak eskolan bizitako pasarte bat gogoratu du: «Irakasle batek esaten zigun ez dagoela historia handia historia txiki barik. Berak galdetzen zigun gure iritziz zer zen garrantzitsuago, Napoleon egun batean handik pasatu izana edo Aizkorri inguruan urteetan iraun duen kultura. Nire ustez, herrian egon diren etxeak, haien hormen barruan gorde dutenagatik, Guggenheim museoa edo antzekoak bezain inportanteak dira».

Azaldu duenaren arabera, Galdakaoko historiari buruzko lan hau hitzaldi batean sortu zen, Onomastika Elkarteko kideak diren Ander Ros filologoak eta Jose Alfonso Antequera folkloristak beste proiektu baterako lortu zuten dokumentazioa eskaini eta, ordura arte gordeta egondako dokumentuei bestelako zuku bat ateratzeko gonbita egin ziotenean. «Hari horri tiraka lortutako emaitza da lana», adierazi du Valencia historialariak.

Hortik abiatuta, gordeta egon den informazioa kaleratu eta horren bidez «iragana ikusaraztea» izan da bere lanaren helburua: «Azken batean, historia ondareari balio bat ematea, eta artxiboetan gordeta dauden dokumentu eta argazkiei ere bai».

Egin duen lan hau ez dela nobela historiko bat argi utzi nahi izan du Valenciak. «Nik nahi izan dudana da herrian ahaztuta egon diren baserri eta eraikuntzen historia berreskuratzea, balioztatzea eta argira ateratzea, ahal izan dudan neurrian: etxe eta jabeen izenak azaltzea, eta posible izan denean errentarienak ere bai; baita etxaldeenak, soloenak eta basoenak ere».

Hala, Galdakaoren iraganaren eta orainaren arteko aldea agerian uzten du lanak eta «sustraiei begira jarri, eta aldaketen zergatiak ulertzen» saiatzen da. «Gogoratu XX. mende hasieran mila biztanleko herritxo bat zela Galdakao. Entzunda daukagu fabrika batzuen etorreragaz herria aldatu zela. Baina alde batetik errege bidea kentzeak, bestetik Juan Bautista Uriarte kalea zabaltzeak eta Zuatzuko zubia eraikitzeak, zerikusi handia izan zuten aldaketa horretan», hausnarketara jo du Valentziak orain arteko ibilbidea erakusteko.

Antzinako errege bidearen inguruan, batez ere Gurutzealdean, «uri antzeko» zerbait bazela dio historiagileak. Baina aipatutako aldaketek gune ekonomikoa Plazakoetxe aldera eramatea eragin zutela, baita trena zein tranbia martxan ipintzeak ere. XX. mendeko bigarren erditik aurrera batez ere, herria asko handitu zen.

Etxeak eta baserriak

Bereziki etxeak eta baserriak izan ditu aztergai Valenciak, baina garai hartako bizimodua baldintzatzen zuten bestelako alor batzuk ere bai: maiorazkoak eta bere transmisioa zein kudeaketa; errotak eta horien alokairu baldintzak; udalarenak ziren benta-tabernak alokatzeko araudiak eta kudeaketa; eta 1871. urtetik herriko zenbait gune eta basoetan ezarri ziren meatze guneak.

Datuak batu eta informazioa auzoka multzokatu du egileak, auzoetako historia ezagutzeko helburuz. Etxeak, etxaldeak eta euren izenak bilatu ditu horretarako, etxe bakoitzeko jabeak identifikatu eta bizilagunak etxeei lotu, eta etxeen landa eta basoen izenak eta hedadurak zehaztu.

«Laburbilduz, auzo gunetik haien eraikinetara pasatu niaz, eraikinetatik haien jabetza datuetara, eta horrela etxe, auzo eta herriaren historia txikia XVI. mendetik 1936. urtera batzen saiatu naiz», azaldu du Valencia historiagileak.

Herria ezagutzeko lehen urrats honek oinarriak jarri eta «bihar-etzi» ikerketa berriak egin ahal izateko balioko duen esperantza azaldu du Valenciak.

Bigarren lan bat ere behar duela aitortuta, honako auzoak biltzen ditu lehenengoak: Jugo, Aperribai, Bengoetxe, Urreta-Egia, Elexalde, Kurutze, Zamakoa, Zabalea, Plazakoetxe-Ibarluzea, Zuatzu, Bekea, Eitzaga eta Basozabal-Basabal. Udalaren web orrian jarri du lana Valenciak denen eskuragarri. Lana doan ikus daiteke osorik, lotura honetan: galdakao.eus/pdfs/Baserriak.pdf.