Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Kantaldi klandestinoak

Eta non kantatuko dugu hemendik aurrera? Zoologikoan desagertze zorian den espezie babestu gisa kaiolaren batean sartuta? Streaming bidez, gainera, oso moderno geratuko da. Jaialdi profilaktiko eta higienikoetan arau guztiak logika polizialez aplikatuta? Dutxan? Ez al digute hori, behintzat, arautuko. «Ez izan hain marmartia –dio lagun batek–, hemendik aurrera errazagoa izango da eta aretoak betetzea, ugaritu egingo dira ‘sarrerarik ez dago’ dioten txartelak leihatiletan!». «Dena ongi doa», esango dute telebistan. Eta hori, zooak, jaialdiak, aretoak... arrakastaren eztia lortu duten artistentzat. Besteok... bueno, beti edukiko dugu dutxaren bat eskura.

Aukera bakarra ikusten dut besteontzat. Uste dut berreskuratu beharko ditugula 60 eta 70eko hamarkadetako kantaldi klandestinoak egiteko erabilitako txoko ezkutuetako babes konplizea (porlanak hanpatu ez dituenak, behintzat). Ez dakit, baina pentsatzen hasita, plazer debekatuaren tiradizoa, arriskuaren adrenalina, misterioa, magia... agian, isilpekotasunak handitu egingo du zuzeneko emanaldien erakargarritasuna.

Kale gorria baino ez baitzaigu geratzen, eta ez delako zilegi, dagoeneko gure hiri eta herrietako kantoiak musikaz betetzen bizimodua ateratzen saiatzen diren era, kolore eta kategoria guztietako musikariei ogia lapurtzea. Horregatik, lagunok, goazen gure herrietako bazter sekretuetara. Horra hor irtenbidea.