Nagore BELASTEGI

KULTURA GIZARTEAREN ERDIGUNEAN KOKATZEA POSIBLE IZANGO OTE DA?

ETA ORAIN ZER?» HITZALDI ZIKLOA ANTOLATU DU KUTXA FUNDAZIOAK, OSASUN KRISIAREN OSTEAN GELDITUKO ZAIGUN GIZARTEAREN INGURUAN GOGOETA EGITEKO. ORAINGOAN KULTURARI BURUZ MINTZATZEKO TXANDA IRITSI DA, ETA HORRETARAKO SANTI ERASO, CLAUDE BUSSAC ETA ASIER MENDIZABAL IZAN DITUZTE GONBIDATU.

Internet bidezko solasaldia egin zuten atzo Santi Eraso Kultur kudeatzaileak, Claude Bussac La Fabrikako zuzendari nagusiak eta Asier Mendizabal artistak Kutxa Fundazioak antolatutako “Eta orain zer?” hitzaldi sorten barruan; itxialdiaren ostean izango dugun gizarteari buruz gogoeta egitea zen asmoa. Beraiei egokitu zaie kulturak gizartean duen paperaren inguruan mintzatzea.

Hala, Edurne Ormazabalek, Tabakalerako zuzendari nagusiak, gidatuta, Santi Erasok esan zuen azken hilabeteetako egoerak aukera bat eman duela kulturan harreman demokratikoagoak sortzeko. Alegia, «kultura gure bizitzen erdigunean kokatu dugu osasun krisian zehar» eta bide horretatik jarraitzearen alde agertu zen. Hala ere, ez da oso baikorra eta uste du aurreko krisialdian bezalaxe, eta gobernua hartzen ari den erabakiak kontuan hartuz, laster krisiaren aurretik genuen egoerara itzuliko garela.

«Ikusi dugu kultura gure bizitzaren parte dela, eta eszenatoki hori aprobetxatu beharko genuke kulturak duen funtzio sozialaren analisi kritiko bat egiteko. Orain arte kultura trukerako balio bat izan da, eta ez guztientzat eskuragarri egon beharko lukeen zerbait», aipatu zuen.

Hori horrela, bere ustez, instituzio publikoek lehentasuna zein sektoreri eman erabaki beharko dute izango dituzten «baliabide eskasak» banatzeko orduan. Bere hitzetan, kultura sustatzeko modu bat sorkuntza zentralizatzea eta elkarlana bultzatzea litzateke. «Donostia bezalako hiri txiki batean, adibidez, erraza da kolaborazioak martxan jartzea enpresa txikiekin zein kultura etxeekin», adierazi zuen.

Hartu beharko genukeen beste neurri bat, esan zuenez, «ekologia kulturala» da; hau da, «gutxiago egin baina hobea, proiektu bakoitzari denbora gehiago eskainiz».

La Fabrika zentroa instituzio pribatua izanik, Claude Bussacek onartu zuen sektore pribatua ez dela espero den bezain dinamikoa, baina horretarako sektore publikoak aurrea hartu behar duela. «Uste dut kulturak babes publikoa izan behar duela. Ez da ekonomikoki etekinak ematen dituen sektore bat, beste mota bateko etekinak ematen ditu. Sektore publikoa oso zurruna da eta ez du sortzaile profesionalen lanaren duintasuna kontuan hartzen, artistak ezin du artetik bizi. Sektore publikoa ahulduta badago, sektore pribatua ezin da indartu», azaldu zuen.

Bussacen iritziz, kultura bultzatzeko hiru pauso dira garrantzitsuak: ekoizpen artistikoa sustatzea; ondare material eta ez materiala babestea; eta publiko berriak sortzea. Azken pausoari dagokionez, Europako ekialdeko herrialdeak aipatu zituen. «Antzokiak bete egiten dira, etxe guztietan dagoelako biolina edo pianoa jotzen duen norbait. Kultura sakonduta dute», esan zuen.

Sektore publikoaren laguntza ezinbestekotzat jotzen du, eta uste du horretarako paradigma aldaketa bat behar dela. «Hondamendi batera goaz zuzenean. Kulturak gure balioen erdigunea izan beharko luke, baina horren ordez ekonomia da. Enpresek kultura baloratu beharko lukete erdigunean kokatu ahal izateko», zehaztu zuen.

Asier Mendizabalek, berriz, onartu zuen kulturak bizi duen prekaritatea ez dela endemikoa; hau da, langile guztiek jasaten duten zerbait dela. «Egoera kaskarrean gaudenean kultura alde batera utzita izatera ohitu gara, beste sektore batzuk direlako ezinbestekoak. Orain, adibidez, ikusi da turismoa, ostalaritza eta zerbitzuak direla estrategikoak, orain arte hala izan ez den arren. Arazoa da egoera ona denean ere kulturak prekario izaten jarraitzen duela…», esan zuen.

Bestalde, bere ikuspuntutik, itxialdian kultura hain garrantzitsu bilakatu izanak ez du zertan ona izan, etxean gaudenean «ez aspertzeko» erabili dugun zerbait izan delako eta beste mota bateko balioa emateko aukera galdu delako.