GARA
BILBO

Lirikaren erreferente nagusiak batuko ditu OLBE-ABAOk Bilbon

Obra berriak eta estreinaldiak batu ditu OLBE-ABAOk 69. opera denboraldian. «L’Elisir d’Amore» eta «Tosca» gisako errepertorio lirikoko obra klasikoak eta Estatu espainolean aldi bakanetan oholtzaratu diren obrak dira urriaren 24an hasiko den denboraldiaren zutoinak.

Urriaren 24an irekiko du OLBE-ABAOk 69. opera denboraldia eta, edizio berrirako dakartzan proposamenen artean, obra berriak eta estreinaldiak bilduko dituela iragarri du Bilboko operaren lagunen elkarteak. «Proposamen trinko, hunkigarri, askotariko eta berritasunez betea aurkezten dugu», ziurtatu zuten, eta programazio hori «beharrezkotzat jotzen diren segurtasun neurri guzti-guztiak aplikatuta» egingo dela berretsi, betiere «kalitate artistikoari ezertxo ere kentzeke».

Denboraldi berriak errepertorio lirikoaren izenburu ezagunenetariko batzuk bilduko ditu, hala nola Donizettiren “L’Elisir d’Amore” eta Pucciniren “Tosca”, eta Estatu espainolean «ia ezezagunak» diren obrak ere oholtzaratuko dituztela iragarri dute; “Alzira”, esaterako, Tutto Verdi zikloa itxiko duen obra; Bilbon lehen aldiz ikusiko da OLBE, Peruko Gran Teatro Nacional eta Opera Royal Wallonie-Liegeren arteko koprodukzio hau. Nabarmentzekoa da iaz Latinoamerikako opera-ekoizpenik onenaren Opera XXI 2019 saria jaso zuela. Operaren lagunen elkartetik gaineratu zutenez, «oso gutxitan» antzeztu diren lanak ere ikusi ahalko dira, Camile Saint-Saens-en “Samson et Dalila” esaterako, edota Rossiniren “Il turco in Italia”, «Bilboko publikoak oraindik gozatzeke duen harribitxia».

43 funtzio eta 70.500 ikusle

Programatu dituen ikuskizunen artean erabateko estreinaldi bat, Bilbo mailako bost estreinaldi, OLBEren bi koprodukzio eta Bilbao Operaren 67 urteko errepertorioan sartuko diren sei obra berri daudela ere nabarmendu zuten. Guztira 43 funtzio izango dira, 26 ohiko denboraldiaren barrukoak eta Euskaldunan oholtzaratuko direnak, eta 17 haur eta gazteenei begira antolatuko direnak, Arriagan emango direnak, OLBE Txiki denboraldiaren barruan. Orotara, 70.500 ikusle biltzea espero dute OLBEko arduradunek.

Beste hainbat datutan ere jarri zuen azpimarra OLBEk. Esate baterako, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra eta Bilboko Opera Korua zuzentzeko bost zuzendari entzutetsuren bisita jasoko dutela (Christophe Rousset, Daniel Oren, Renato Palumbo, Oliver Diaz eta Yves Abel) eta mundu osoko opera antzokietan arrakasta izan duten hamaika interpretek debutatuko dutela OLBErekin (Ainhoa Arteta tolosarra, Teodor Ilincai, Paolo Bordogna, Sabina Puertolas, Anna Pirozzi, Ekaterina Semenchuck, Joel Prieto eta Elena Sancho Pereg).

Azkenik, OLBE Txikiren barruan lau ekoizpen eskainiko dira, doako 400 jardueratik gora (solasaldi didaktikoak, tailerrak, mahai-inguruak…) egingo dituzte, 25-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazteam eta osasun arloarekin lotutako Opera eta + programak indartuko dituzte eta Beethoven Urtea ere ospatuko dute, estreinaldi baten bidez: “El viaje de Ludi”, OLBEren ekoizpen berria. «Urte berezi honetan musikagile alemanaren musika gazteengana hurbiltzeko pentsatua dago», zehaztu zuten.

Egitarau eszenikoa

“Il turco in Italia” obrak irekiko du denboraldia urriaren 24an, eta 27 eta 30ean eta azaroaren 2an ere oholtzaratuko da; “Alzira” azaroaren 21, 24, 27 eta 30ean emango da; “Samson et dalila” 2021eko urtarrilean iritsiko da Bilbora; “L’Elisir D’Amore”, otsailean; “Tosca”, maiatzean eta, amaitzeko, Tutto Verdi kontzertua ekainean.