GARA
IRUÑEA

Nafarroan 1.060 emakumek jaso zuten arreta iaz

Matxismoaren mila biktimak baino gehiagok jaso zuten arreta iaz Nafarroan. Hala dio emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko erakundeen arteko III. Akordioaren Batzorde Iraunkorrean Nafarroako Berdintasunerako Institutuak aurkeztu duen txostenak. Arreta jaso duten emakumeen %58,51 30 eta 49 urte bitartekoak dira. Bost emakume (%1,29) soilik dira 65 urterik gorakoak. Familiei dagokienez, biktimen %62,27k seme-alabek dituzte.

Indarkeria matxista pairatu duten 1.060 emakumek arreta osoa jaso zuten iaz Nafarroan, baita emakume horien 66 seme-alabak ere. Gainera, 388 emakume erakundeek biktimei eskaintzen dizkieten baliabidetara lehen aldiz hurbildu ziren; %10eko igoera, 2018ko datuekin alderatuz.

Hala dio emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko erakundeen arteko III. Akordioaren Batzorde Iraunkorrean Nafarroako Berdintasunerako Institutuak aurkeztu duen txostenak.

Biktimen %45,1 arreta osoko zerbitzura heldu ziren beste baliabide batzuetatik pasatu ondoren, %29,9 zuzenean joan ziren Nafarroako arreta osoko zerbitzura eta %25 heldu dira udal zerbitzuetan arreta jaso ondoren.

Arreta jaso duten emakumeen %58,51 30 eta 49 urte bitartekoak dira. Bost emakume (%1,29) dira soilik 65 urtetik gorakoak. Familiei dagokienez, biktimen %62,27k seme-alabek dituzte.

173 emakumek salaketa aurkeztu zuten eta 102k zaintza eskuratu zuten. Gainera, 756 emakumek tratamendua jaso zuten, eta horietako 579ri arreta psikologikoa eman zieten. 409 emakumek parte hartu zuten programa terapeutikoetan.

Delituen biktimei arreta eskaintzeko bulegora hurbildu ziren gehienak indarkeria matxistaren biktimak ziren, %75. Harrera-baliabideei dagokienez, 260 lagunek jaso zuten zerbitzu horren arreta: 131 emakumek eta 129 nerabek.

2018ko datuekin alderatuz, jaitsi egin dira harrera-baliabideak erabili dituzten emakumeak, %6,43. 211 emakumek erabili zuten urgentziazko kasuei harrera emateko dagoen zentroa, eta 27 egon ziren abegi-etxean. Gainerako pisuetan 22 emakume egon ziren.

Biktimek lege-laguntza ere jaso zuten iaz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak aurkeztu duen txostenaren arabera; 690 emakumek lege-laguntza eskuratu zuten abokatuen elkargoek eskaintzen duten emakumeentzako arreta-zerbitzuan.

Emakumeen trafikoa

Emakumeen trafikoari dagokionez, joan den urtean 141 kasu izan ziren Nafarroan. Biktima gehienak Nigeriakoak ziren, 18 eta 29 urte bitartekoak. Gehienak Iruñean bizi ziren eta kaleko sexu jardueran jarduten zuten.

Txostenak nabarmentzen duenez, urteak pasatzen dira emakume hauek arreta zerbitzuetara hurbiltzen diren arte; izan ere, gehienek ez dute bizileku-baimenik. %23,21k bakarrik jarri zuten salaketa prostituzio sareen aurka.

112 zenbakiko zerbitzuek 868 dei jaso zituzten 2019an indarkeria kasuak salatzeko, eta 684 kasutan Poliziak esku hartu behar izan zuen. Azken sei urteetan nabarmen ugaritu da 112 telefonora egindako dei kopurua, %47 hain zuzen.

Dei horietako 411ri dagokienez, ez zen beharrezkoa izan profesional baten parte-hartzea, deien %35,6tan lege-arreta eman zieten biktimei, emakumearentzako arreta-zerbitzuaren bitartez, eta kasuen %17,05etan laguntza psikologikoa eskaini zieten deitu zuten emakumeei. Bestetik, 016 telefono zenbakiak 635 dei jaso zituen, 2016an baino %26,5 gehiago.

1.335 salaketa

Polizia indarrek 1.335 salaketa jaso zituzten iaz, 2018an baino %4,05 gehiago. Emakume gehienek indarkeria fisikoa salatu zuten, salaketen %18,65 indarkeria psikologikoagatik izan ziren, eta 197 kasutan erasotzaileak urruntze-agindua urratzeagatik aurkeztu zuten salaketa biktimek.

Salaketa aurkezten duten emakumeen %51,09 30 eta 49 urte bitartekoak dira, eta %31,54 18 eta 38 urte bitartekoak. %7 nerabeak ziren.

Portzentaje bera da 50 eta 64 urte bitarteko emakumeen kasuan. %82,77k salatu zituzten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoak. Salaketa gehienak Foru Poliziak jaso zituen, %47,3, eta Iruñeko Udaltzaingoak, berriz, %24,94.

560 salaketa auzibidera iritsi ziren. Auzi horietatik 484tan erasotzaileek zigorra jaso zuten. 259 programa terapeutikoetara joan ziren eta 57 erasotzaile espetxeratu zituzten.