Beñat ZALDUA

Suediak neurri zorrotzagoak ezarri behar zituela onartu du lehenengo aldiz

Suediak koronabirusaren aurrean aukeratutako estrategiak arreta handia jaso du mundu guztian, neurri oso arinak ezarri baititu, gizartean immunizazio maila handia azkar lortzeko helburuarekin (modu generikoan, «talde immunitatea» deitzen dena). Europako herri gehienek errezeloarekin begiratu zuten Stockholmera hasiera batean, leku askotan bizi izan diren konfinamendu zorrotzak zalantzan jarri baitzituen.

Datuek, ordea, ez dute Suediaren aukeraren alde egiten: 40.000 kasu baino gehiago antzeman eta 4.542 hildako zenbatu eta gero, ez dutelako birusaren zirkulazioa eten. Atzo bakarrik 2.214 kasu berri eta 74 hildako gehiago erregistratu zituen. Ondoan dagoen Norvegiak 8.467 kasu ditu (atzo 12 berri), eta 237 hildako. Danimarkak 11.590 kasu (atzo 37 gehiago) eta 580 hildako. Datuak ikusita, ulertu daiteke agian Eskandinaviako bizilagunek Suediako bidaiaririk ez onartzea oraindik.

Estrategia honen arduradun nagusia Anders Tegnell izan da, Estatuko epidemiologoa, eta konfinamenduaren beharra kolokan jarri izan dutenen erreferentzia nagusietako bat. Atzo, ordea, lehenengo aldiz onartu zuen ez dela estrategia onena izan: «Gaixotasun berarekin topatuko bagina, orain dakiguna jakinda, erdiko bide bat aukeratuko genuke, Suediak egindakoaren eta munduko gainerako herrialdeek egindakoaren artean». Kazetariak hildako kopurua txikiagoa izan zitekeen galdetuta, Tegnellek erantzun garbia eman zuen: «Bai, dudarik gabe. Hori da etorkizunera begira aintzat hartu behar duguna».

Suediaren helburua, arrisku taldeak babestuz gizartea immunizatzen joatea izan da, baina lehenengo premisa ez da bete –hildakoen %90ek 70 urte baino gehiago zituen–, eta bigarrena, datu zehatzik ez dagoen arren, uste baino mantsoagoa da, seroprebalentzia adierazleak nahi baino baxuagoak baitira mundu osoan. Gobernuak apirilean bertan onartu zuen aukeratutako hori ez zela estrategia onena izan, eta ikerketa bat jarri zuen martxan gertatutakoa berriz ez errepikatzeko helburuarekin.

Kolpea Euskal Herrian

Euskal Herrira itzulita, bilakaera orokorrak ona izaten jarraitzen du, baina EAEn atzo egondako hamar hildakoek koronabirusaren arriskuak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi zuten. Azken bi asteetan jaso den hildako kopuru handiena izan zen atzokoa, gaixotasunak oraindik kolpe batzuk gordeta dauzkala erakutsiz. Positibo berriak, edonola, gutxi dira. Atzo hiru kasu berri antzeman ziren Bizkaian, eta beste hiru Araban. Aste honetan EAEn topatutako hamar positiboetatik zazpi herrialde honetako biztanleak ziren. Arinago bada ere, koronabirusak gure artean jarraitzen duela erakutsi zuten atzoko lau ospitaleratu berriek ere.

Orain arte ez bezala, bilakaera hobea da azken egunetan Nafarroan, bereziki positibo berriei erreparatzen badiegu. Nafarroak Estatu espainoleko intzidentzia altuenetakoa izan du azken bi asteetan, baina ekainarekin batera zifrak jaisten hasi dira. Atzo, adibidez, bi kasu antzeman ziren, ez gehiago. Alderaketak emaitza garbiak uzten ditu: aurreko asteko astelehenetik asteazkenera 18 positibo topatu ziren. Aste honetako egun tarte berdinean, zortzi baino ez. Positiboekin batera, hildakoen bilakaera ona azpimarratu behar da Nafarroako kasuan, bost egun baitira dagoeneko hildako bakar bat erregistratu gabe.

Ipar Euskal Herrian ez zen nobedaderik izan atzo. Datu zehatzak jakiteko modurik ez dagoen arren, Pirinio Atlantikoko departamentuko egoeran ez zen aldaketarik egon. Zortzi pertsonak jarraitzen dute bakarrik ospitalean, eta horietatik, bakarra dago ZIU batean.