Elkarrizketa
ITZIAR ALKORTA
EHU-REN UDAKO IKASTAROEN ZUZENDARI AKADEMIKOA

«Une honetan erakargarria egiten zait normaltasuna eskaini ahal izatea»

Itziar Alkorta (Donostia, 1967) Zuzenbide Zibileko irakaslea da EHUn eta biomedikuntza arloko giza eskubideei buruz ikertzen du. Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuordea izan zen Lakuako Gobernuan (2013-15). Jakiundeko idazkari nagusi ere izan zen (2010-11). Iaz, Carmen Agouesi hartu zion lekukoa EHUren Udako Ikastaroen zuzendari izateko.

Maddi TXINTXURRETA | DONOSTIA

Euskal Herria osasun-krisiak zeharkatuta badago ere, EHUren Udako Ikastaroen XXIX. edizioa egingo da aurten, egoerari egokituta. Online ikastaroekin hasiko da ekainean eta, pixkanaka, presentzialei lekua egingo die. Edizio «berezia» izango da, Itziar Alkorta zuzendariaren iritziz eta hala, aurtengoan, koronabirusa izango da ikastaroetan landuko duten gai zentrala; hala ere, urtero legez, bestelako auziak ere jorratzeko plaza eskainiko da.

Covid-19aren krisiak zaildu du aurtengo EHUren Udako Ikastaroen antolaketa?

Bai, horrela da. Alarma egoera deklaratu zenean, dagoeneko prest geneukan edizioa, presentziala, urtero bezala, eta goitik behera berregin behar izan dugu.

Denbora gutxian, gainera.

Bai, bi hilabetean egin dugu, eta ikasi behar izan dugu agertoki desberdinekin lan egiten. Guretzat inportantea zen; 39 urte daramatzagu ikastaroekin eta aurten ez genuen kale egin nahi. Prest egon nahi genuen, eta, nahiz eta edizioa berezia izango den, bertan egongo gara.

Ekainean «online» ikastaroak egingo dira, eta hortik aurrera ikastaro presentzialak. Nola antolatu duzue egutegia?

Martxo eta apirila bitartean geneukan agertoki horretan, aurreikusten genuen pixkanaka berreskuratuko genukeela presentzialtasuna izateko aukera, baina ekainean online ikastaroak egitea planteatu genuen. Egia da online ikastaroak eskaintzen hamar urte daramatzagula, zeren negu partean online formazio jarraia egiten dugu. Horregatik, bagenuen plataforma digital garatu bat, eta, egia esan, alde horretatik ez zaigu gehiegi kostatu. Hau badakigu egiten, eta ekaineko ikastaro guztiak online formatuan emateko ez dugu arazo teknikorik izan. Aipatu behar dut zalantzak genituela zenbatek ikusten ote zuen bere burua konpetentzia digital nahikoarekin online egin ahal izateko ikastaroa, eta uste genuen baino jende gehiago dago horretarako prest.

Bestalde, uztailetik aurrera aforoaren murrizketak leku gehiago bilatzera eraman gaitu. Normalean Miramar jauregiaz aparteko lekuak ere erabiltzen ditugu, baina aurten, bereziki, kontu handiz ibiliko gara espazioak eta segurtasun neurriak bermatzeko eta, nagusiki, campusean izango ditugu aukerak. Leku berriak esploratuko ditugu aurten.

Uste duzue aurten jende gutxiago agertuko dela ikastaroetara?

Entzun dugunaren eta ikusten ari garenaren arabera, badirudi jendea konfiantza berreskuratzen ari dela, eta, okerrera egiten ez dugun bitartean, uste dugu uztailean izango dugula jende nahikoa eskaintzen ditugun leku presentzialak betetzeko. Baina badaezpada ikastaroak streaming bitartez jarraitzeko aukera ematen dugu. Horrek esan nahi du uztailetik aurrera ikastaro gehienetan bertan egongo garela baina bertaratu ezin denak internetez jarraitzeko aukera izango duela.

Koronabirusa gai nagusia izango da aurten. Zer ertzetatik aztertuko duzue berau?

Koronabirusaren gaiari heldu behar zaio. Nahiz eta denok daukagun beste gai batzuez hitz egiteko gogoa, badago beharra komunikazio eta informazio aldetik adituen eskutik koronabirusaren erpin guztiak azaltzeko. Horri erantzuteko bost ikastaro ditugu, hainbat ikuspegi jorratuko dituztenak: ikuspegi zientifikoa; ikuspegi sanitarioa, kasu honetan, batetik, erizainen krisia nola kudeatu duten azalduko da, eta bestetik, Osalanek prebentzio planen azalpena egingo du ikuspegi zabal batetik, telelana nola egin dugun ere aztertuta; ondoren, ikuspegi geopolitikoa aztertuko dugu, Nazio Batuen eta OMEren funtzioa; baita ikuspegi bioetiko batetik ere, tratamenduaren triajea kudeatu duen bioetika batzordea izango dugu gurean; eta ikuspegi juridikoa, alegia, zeintzuk diren bertan behera geratu diren kontratu eta zerbitzuen ondorioak. Beraz, uste dut nahiko ikuspegi aberatsa izango dugula. Gehiegizko informazio anabasa honetan, adituen eskutik zuzen-zuzenean informazio objektiboa eskaini nahi dugu.

Bestelako gaiak ere jorratuko dituzue, ordea.

Aurten ere gure zehar-lerroak baditugu eta, batez ere, iraunkortasunari helduko diogu. 30 ikastaro dauzkagu iraunkortasunaren gainean, eta horren baitan, ikuspegi ekonomikoari buruz hitz egitera Mariana Mazzucato etorriko zaigu Europatik, adibidez. Ikuspegi komunikatibo batetik, esaterako, Ihobek ikastaro eder bat antolatuko du, azalduz nola komunikatu krisi klimatikoa, eta bertara etorriko zaigu Maria Josep Pico sariduna.

Horrez gain, badira beste ziklo batzuk. Nik historiari buruzkoa azpimarratuko nuke. Burgoseko epaiaren 50. urteurrena ospatzen da aurten, eta bertan Jose Antonio Perez eta Luis Castells historialariak eta [Xabier] Izko eta [Teo] Uriarte izango ditugu mahai-inguru batean. Beste ikastaro polit bat Zuloagari buruzkoa izango da. 150 urte dira aurten Zuloaga jaio zela eta bere obra eta garaiaren azterketa egingo da.

Horrez gain, Europar Batasunak urte hauetan ongizate-estatuari buruz eta zuzenbide-estatuari buruz zer motatako kudeaketa egin duen esplikatuko du Luis Lopez Guerrak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko buru izandakoak.

Bestalde, justizia klabe feministan azaltzera etorriko zaigu Victoria Rossell.

Eta hezkuntzari buruzko zehar-lerroa nabarmenduko nuke nik. Bertan ikasiko dugu, batez ere, zientziak nola irakatsi eta bokazio zientifikoa nola sustatu. Hori batetik, eta bestetik, oso ikastaro interesgarria dator lanbide heziketaren bueltan.

Gerta liteke ikastaroak «online» eskaintzeak gazte gehiago erakartzea?

Oraindik goiz da esateko. Matrikulazio epea ostegunean ireki genuen, baina konturatu gara gazteak eta kanpoko jende asko sartu direla online ikastaroetan. Esaterako, Argentinatik jendea ari da apuntatzen.

Egia da online izateak kanpora begira jartzen gaituela; ikusteko dago zenbateraino ematen duen honek. Belaunaldien inguruan, litekeena da gazteak prestatuago egotea, baina sorpresak hartzen ari gara. Gaur [iragan asteazkenean] goizean 86 urteko emakume bati online matrikula egiten lagundu diogu.

Zer lortu nahiko zenuke zuk aurtengo EHUren Udako Ikastaroekin?

Aurten, ikastaroari bi gauza eskatzen dizkiogu: batetik, koronabirusaren krisi honetan argi pixka bat egin nahi genuke denon artean, modu zuzen eta zorrotz batean, eta bigarrenik normaltasuna eskatuko nuke.

Badakit beste egoera batean normaltasuna ez dela erakargarria, baina une honetan bereziki erakargarria egiten zait normaltasuna eskaini ahal izatea.

Mayor oferta de cursos, también en los impartidos en euskara

A pesar de que la crisis sanitaria haya dificultado la organización de los Cursos de Verano de EHU/UPV, obligando, incluso, a replantear los contenidos ya establecidos, la organización ha conseguido aumentar la oferta de cursos respecto al año pasado. Serán 230 en total (el año pasado fueron 190). Del total de los cursos, 80 serán «online», fórmula empleada en los que imparten en invierno y que este año se hará en verano.

Igualmente, Itziar Alkorta confirma que han ampliado la oferta de los cursos en euskara. Serán 60 en total, frente a los 20 ofertados el pasado año.

Entre la amplia variedad de cursos que impartirán en la actual edición de los Cursos de Verano de EHU/UPV, Alkorta destaca los itinerantes, que se llevarán a cabo en distintos pueblos: «Por una parte, en Zerain impartiremos un curso sobre auzolan y cultura. Será muy bonito. Y haremos otro en Elizondo, donde podremos aprender cómo atender a las personas de edad avanzada en los entornos rurales. Por otra parte, se analizará la biosfera de Urdaibai «in situ». A mí me gustan especialmente estos tres cursos, ya que creo que serán experiencias muy bonitas».

Por otra parte, la directora académica explica que por las medidas de seguridad que se deben tomar para frenar el contagio del covid-19, la organización ha tenido que modificar el formato de los cursos. A pesar de ello, y siguiendo con la dinámica de ediciones pasadas, pondrán en marcha talleres participativos, manteniendo la distancia requerida. Alkorta avanza, además, que harán algunos «experimentos», como poner en marcha sesiones de coworking sin hacer uso del papel y del bolígrafo. «Usaremos tablets, porque, hoy en día, hay diversas maneras de fomentar la participación mediante herramientas digitales», explica.M.T.