Oihane LARRETXEA

Bihotza eta gatza, 1610. urtean

«Mithridates» 1610. urtean idatzi zuen Zürichen Caspar Waser teologo eta linguistak. Euskara dago latinera itzuli zituen munduko 130 hizkuntzen artean eta Euskal Herriari sei orrialde eskaini zizkion. Ale bat Mintzoa argitaletxe nafarrak Turinen lokalizatu berri du.

«Gorputza», «bihotza» eta «gatza» bezalako hitzak jasotzen ditu 1610. urtean Zürichen Caspar Waser linguista eta teologoak idatzi zuen lanak. Hitzok aipatzeak badu bere garrantzia, izan ere «tz» bere horretan agertzen baita orduko garaietan, gaur egun erabiltzen den modu bertsuan. 400 urte igaro dira eta hizkuntza egonkortua zegoela ikusten da. Mintzoa argitaletxeko Aritz Otazuren ustez hori ondoriozta daiteke.

Euskarazko liburuak eta Nafarroako liburu zaharrak, «altxorrak», berreskuratzea helburu duen argitaletxe txiki honek otsailean jaso zuen dei bat, Italiako Turin hiritik. Agian beren interesekoa zen liburu bat zuelakoan: “Mithridates gesneri, exprimens diferentias linguarum”. Gizon hura ez zebilen erratuta.

Bildotsaren larruak lau mendez barruko edukia kontu handiz zaindu du. Topatutako alean, «ez baita liburua ezta hiztegia ere, hori baino gehiago da», garai hartako 130 hizkuntza agertzen dira eta bakoitzetik zenbait hitz latinera itzuliak izan ziren. Horietako hizkuntza asko eta asko desagertu egin dira, ez ordea euskara. Argi eta garbi irakur daitezke ‘ardoa’, ‘arreba’, ‘anaia’, ‘aita’, ‘andrea’, ‘burua’, ‘zerua’, ‘ilargia’ eta ‘lurra’ bezalako hitzak. «Oso kolokialak dira, egunerokoak, gaur egun erabiltzen ditugunak komunikatzeko», kontatu dio GARAri Otazuk. Bere ustez, frogatuta dago «zertaz ari zen» bazekiela egileak.

Euskaratik latinera ekarria dago, eta ez alderantziz. Hau da, euskaratik mundura, latinari esker gure hizkuntza ulertu ahal izateko. Euskal Herriari buruz ere mintzo da, eta beste herriei buruz baino modu zabalagoan.

Caspar Waserrek ondutako lanak bazuen lehen bertsio bat, 1555. urtean Conrad Gessner-ek idatzi zuena, hain zuzen. «Lehen lan hori hizpide hartuta, Waserrek euskarazko 100 hitzak erantsi zituen, besteak beste. Ezin da esan bigarren edizio bat izan zenik, egokiagoa da esatea, nolabait, berrikuspen bat izan zela, gaztelerazko ‘edicion revisada’ bat», azpimarratu du.

Ezaugarri harrigarrienetakoa da Zürichen argitaratu izana, alegia, euskararen eragin eremutik oso urrun. «Ez dakigu Caspar Waserrek zuzenean [Euskal Herria] ezagutu zuen edo baten batek kontatu ote zion… galdera hori airean gelditzen da». Bada teoria bat, Joanes Leizarraga euskal idazlea ezagutuko ote zuen. Neurri batean garaia partekatu zuten, eta interesak ere bai. Beskoitzekoa Itun Berria euskaratu zuen lehena izan zen. «Caspar Parisen egon zen, Leizarraga oso zahar hil zen, ia-ia 100 urte zituela. Agian zirkulu berberetan egon zirela? Izan daiteke. Elkar ezagutu zuten edo ez, ez dakigu, baina posible da».

Adituen eta akademikoen artean ezaguna zen ale honen existentzia eta edizioaren ale batzuk bat, 25 inguru, munduko erakunde eta prestigiodun liburutegietan daude.

Mintzoak alea salgai jarri du eta bere asmo nagusia erakunde publiko baten eskuetan jartzea bada ere, kontatu du dagoeneko zenbait esku pribatuk interesa erakutsi dutela.